Maite Ubiria

‘Hamar egun pantailarik gabe’ erronka bere hogeigarren urtemugara heldu da

Maiatzaren 23tik eta ekainaren 1a arte, hamar egunez ‘pantailarik gabe’ bizitzeko erronkari aurre eginen diote, hala nola, Urruñako San Frantses Xabier ikastetxeko gaztetxoek. Ekimenak hogeigarren urteurrena bete duen honetan, 1.462 haur batuko dira Euskal Herrian mugak hautsi dituen erronkara.

Erronka sortu zuen Jacques Brodeur irakaslearen potreta marrazturik Urruñako Frantses Xabier ikastetxearen kanpoko horma batean.
Erronka sortu zuen Jacques Brodeur irakaslearen potreta marrazturik Urruñako Frantses Xabier ikastetxearen kanpoko horma batean. (Guillaume FAUVEAU)

‘Haman egun pantailarik gabe’ ekimena Quebecetik ekarri zuen Euskal Herrira covid-19ak eragindako pandemiaren denboran zendu zen Jacques Brodeur heziketa fisikoaren irakasle ohiak.

Brodeurek 2003an sortu zuen erronka eta geroztik ehunka eta milaka ikastetxe batu dira pantailekiko menpekotasuna murrizteko xede duen ekimen horretara.

Azken urteotan ‘10 Egunez Pantailak Utzi’ elkartearen tokian tokiko taldeek bultzatzen duten desafio kolektiboaren itzala etengabe handituz joan da.

Antolatzaileen emandako datuen arabera, 4.500 lagunek parte hartu zuten 2018an, urte bat beranduago 6.000 ziren eta 17.000 ‘jokalarien’ langa gainditu zen 2021ean.

Iaz 38.000 ikasle baino gehiago batu ziren erronkara eta aurtengo edizioa inoizko jendetsuena espero dute, 55.000 parte-hartzaile inguru aurreikusten direlako mugak hausteko ere balio duen desafio honetan.

Aurtengoan, Euskal Herriko 19 ikastetxetako 1.462 haurrek hartuko dute parte erronkan.

Maiatzaren 23 eta ekainaren 1 artean garatuko den ariketarekin bat eginen dute, besteak beste, Arbonako Saint-Laurent ikastetxeak (50 ikasle), Hazparneko Ezkia ikastolak (150 ikasle) edota Irisarriko eskola publikoko 50 ikasleek.

(Parte-hartzaileen zerrenda osoa hemen).

Jokoaren bidez ikuspegi kritikoa garatu

Ekimenak, sinplea izanik ere, ahalegin zehatza eskatzen du, helburua beteko bada.

Erronkak irauten duen bitartean pantailari loturiko entretenimendu guztiak –telebista, bideo-jokoak, kontsolak, tabletak, smartphone-ak...– alde batera utzi behar dira.

Joko honen bidez deskonexio digitalaren aldeko «gustua» nahi dute gazteengan garatu, hala «haur, nerabe eta orohar familiek pantailen lekua kontrolatzeko duten gaitasuna indartuz».

Ekimenaren sustatzaileen arabera arikerak beste abantaila badu, epe luzera «bizimodu osasungarriagoak hartzen laguntzen duelako».

Zenbat pantaila aurrean denbora gutxiago eman, orduan eta denbora gehiago izanen dute haurrek jarduera fisikoak garatzeko, gaueko loaldiaren kalitatea hobetzeko, irakurtzeko, jolasteko eta, oroz gainetik, «familiako harremanaz gozatzeko».

Gehiegizko erabilpenaren ondorio kaltegarriak

«Pantailen gehiegizko erabilerak ondorio negatibo asko ekar ditzake adituek mundu osoan abisatzen gaituzten bezala», azaldu dute aurtengo errokan ere parte hartuko duten Urruñako San Frantses Xabier ikastetxeko arduradunek.

Desafioaren jatorria azaltzeko orduan, aisialdiko pantailei eskainitako denbora etengabe handituz joan dela ikusirik, «hezkuntza komunitateak arreta denbora luzez eta sarritan bereganatu nahi duten horien aurrean jokatzea erabaki zuela» oroitarazi dute.

Frantziar Osasun Publikoaren agentziak sustaturiko ikerketa baten arabera, 2015ean, 6 eta 17 urte arteko ikasleek, batez beste, 4 ordu eta 11 minutu ematen zituzten egunean pantaila baten aurrean, eskola garaiak eta oporraldiak gehituta.

Berdin jarduera fisikoan zein elikatzeko ohituretan pantailen garapen azkarrak izan dituen ondorioak neurtu zituen frantses Estatuan garatutako ikerketak.

Pantailen aurrean zentzu kritikoa garatzeko balio duen ekimena antolatzeko orduan, ikastetxeak ere ez dira bakarrik izango. Urteen poderioz bildutako irakaspenak eskura izanen dituzte.

Deskonexio digitala sustatuz, ikasleek, gurasoek, irakasleek, elkarteek eta hezkuntza komunitate ezberdinek elkarrekin diseinatu duten jarduera alternatiboen programa baliatu dezakete erronkara lotzeko interesa duten ikastetxeek.

Erronka irauten duen bitartean garatzen diren ekintza ezberdinak ohiko pantaila-orduetan egiten dira, arratsaldez gehienetan, behin klaseak amaituta, baita asteburuetan ere.

Haurrek eguneroko bat betetzen dute, eta horrek puntuak biltzeko aukera ematen die. Pantailen kontrola mantentzeko gaitasuna nabarmentzen duen txapa bat ere ematen zaie haur eta nerabeei.

Finean, gurasoek gida bat jasotzen dute haien seme-alabak erronka gainditzen laguntzeko.