Arnaitz Gorriti

Zaragozan Kopa irabazi eta gero, Donostiara itzuli da Lara Gonzalez antolatzailea

Aragoi aldera 2021/22 denboraldian joan zen Lara Gonzalez, Ibaeta Basketen bederatzi urte egin eta gero. Donostiara itzuli delarik, eskermentua, defentsako lana eta taldeari izaera borrokalaria emango dizkio antolatzaile gipuzkoarrak.

Lara Gonzalezek bere bigarren aldia osatuko du IDK Donostian.
Lara Gonzalezek bere bigarren aldia osatuko du IDK Donostian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Lara Gonzalez joko antolatzaile donostiarra fitxatu du IDK Euskotrenek. Ibaeta Basketeko kapitain ohiak 2013/14 denboraldian debuta egin zuen Emakumeen Ligan, artean 19 urte baino ez zituela eta 2021/22 denboraldira arte Donostian jokatu ostean, azken bi denboraldietan Basket Zaragozan aritu da.

Gracia Alonso de Armiño hegaleko bilbotarrarekin batera, antolatzaile gipuzkoarrak balentria egin du duela pare bat hilabete, Zaragozako taldearekin Kopa txapelketa irabaztea erdietsi baitu, bidean Kutxabank Araski, Valentzia Basket eta Perfumerias Avenida atzean utzita, hurrenez hurren. Belauneko lesio batek erasanda, Lara Gonzalezek ohi baino minutu gutxiago izan zituen Kopan, nahiz eta sendatzeko egin zuen ahaleginari esker, jokatzeko moduan izan zen.

Amaitu berri den denboraldian batez beste 3,8 puntu 1,8 errebote 1,2 asistentzia lortu ditu donostiarrak, partidako 14 minutu jokatuz. Ez dira txunditzeko moduko zenbakiak, baina aintzat hartu behar da Zaragozako taldean Mariona Ortiz antolatzailea eta Leonie Fiebich hegaleko alemaniarra izan direla Aragoiko taldearen erasoko erreferente nagusienak.

Zentzu horretan, antolatzaile gipuzkoarraren betebeharra defentsako lanean eta une txarretan izaera gogorra ezartzea –Zaragozan hain maite duten «rasmia», alegia– izan dira Lara Gonzalezen betebeharrak. Bestalde, nabarmen geratu da IDK Euskotrenek aurten egin duen denboraldia aintzat hartuta, partidak gogortu eta okertu diren une horietan izaera gogorreko norbaiten falta. Talentu handiko saskiratzaileak dituela erakutsi du talde donostiarrak, baina partidak okertu diren unean, ez dira egoera horiei gain hartzeko kapaz izan. Hori da batez ere Lara Gonzalezek, bere eskarmentuaz gain, eskainiko duen bertuterik nabarmenena.

Alba Prieto eskolta andaluziarraren ostean, hauxe da Azu Muguruzak 2023/24 denboraldira begira egin duen bigarren fitxaketa.