Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Buruhaustea eta bigarren aukera, jaitsiera faseko borroka etengabea

Azken hitza esateko dauka Zuazok; Beti Onakek proiektuari jarraipena eman nahi dio. Bietako bat geratuko da elitean. Nafarrek eskura daukate, baina jaitsiera fasea buruhauste bilakatu zaie. Ezinezkoa zirudiena balizko bilakatu dute bizkaitarrek. Patri Encinas eta Meriem Ezbida NAIZekin solastu dira.

Patricia Encinas, Beti Onak taldeko atezaina, Zuazoren aurkako derbian, fase erregularrean.
Patricia Encinas, Beti Onak taldeko atezaina, Zuazoren aurkako derbian, fase erregularrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Play-downean sartu ginenean bagenekien emozio handikoa izango zela; ez genekien zenbateraino, baina bai». Atzetik aurrera egin du Zuazok, eta, oraindik salbazioa zaila daukaten arren, zeresana ematen ari da. Horren jakitun, irribarrez erantzun du Meriem Ezbida atezainak, ezinezkoa zirudiena balizko bilakatu eta bukaera arte gerra emango dutela ziurtatuta.

Hiru puntu eskasekin abiatu zuten jaitsiera fasea; Beti Onakek, aldiz, bederatzirekin. Sei puntuko aldea zegoen bien artean eta, lau partida jokatu ondoren, tarte hori hiru puntura murriztu da. Eskura zeukaten salbazioa Atarrabiakoek –oraindik ere haien esku dago–, baina buruhauste bihurtu zaie azken txanpa hau. «Fisikoki baino, mentalki nekagarria izaten ari da jaitsiera fase hau. Dena dela, ondo gaude, ondo egon behar dugulako, gure esku daukagulako salbazioa. Indarra horretan jarri behar dugu, hori esaten genuen gaur [astelehen] goizean», esan du Patricia Encinas, Beti Onakeko atezainak.

Sentsazioak eta emaitzak erabat ezberdinak izan dira liga erregularrean eta jaitsiera fasean Beti Onak eta Zuazoren arteko derbietan: lehen fasean nafarrak nagusitu ziren bi derbietan; azken txanpan, aldiz, bizkaitarrek mendekua hartu dute eta, partida hauek irabazteari esker, batu dira berriro ere salbazioaren borrokara, nafarren kalterako. «Zuazo denbora asko dago gorengo mailan (10 denboraldi) eta Beti Onakek aurten egin du debuta; play-downean ondoen ari den taldea da Barakaldokoa, eta azken derbian errenta alde genuelarik ez genuen jakin markagailuarekin jokatze. Hori egiten ikasi behar dugu», adierazi du Encinasek.

Galtzeko gutxi eta irabazteko asko dauka Zuazok. Jaitsierara kondenatuta zirudien, baina «barne prozesu baten ostean» jakin dute borrokara bueltatzen. «Granollersen aurka 10 golen aldeaz jasotako porrotak, liga erregularrean, min egin zigun; orduan, 8. postura begira geunden, eta hau inflexio puntua izan zen, jaitsiera fasera kondenatu gintuena. Egoera irauli ezinda ibili ginen, lau hilabete punturik batu gabe, kantxan disfrutatu ezinean...», dio Ezbidak. Jokalari bakoitzaren bertsio onena eskaintzeaz arduratu direnean, denak batera arraun egin dutenean, lau partidetatik hiru irabaztea lortu dute, arerioei zalantzak sortuta.

Logroño eta Granollers, epaile

«Mentalki eta fisikoki prest gaude Logroñoko partidarako –gaur, 20.00etan, Grafometal La Riojaren aurka–. Oso garrantzitsua da, etxean Granollersen aurka jokatuko duguna bezalakoa. Gure bertsiorik onena atera behar dugu», iritzi du atezain madrildarrak. Beti Onakek gaur irabazten badu, beste urtebetez lehen mailan egotea bermatuko luke. «Merezi dugu, bai eta gure zaleek ere», adierazi du Encinasek. Esperientzia handiko atezaina da –Alcobendas, Elx eta Morvedrerekin aritu da Ohorezko Mailan–, eta dio ez dagoela «Beti Onakeko zaleen parekorik». Oso gustura dago, eta denbora luzez Atarrabian geratzea gustatuko litzaioke.

Liga amaitzeko geratzen diren bi partida hauetan, defentsan baino erasoan jarri behar dute arreta, Encinasen esanetan: «Sortzen ditugu aukerak, baina gola egitea kostatzen zaigu; erabakigarriagoak izan behar dugu ate aurrean». Nahiago lukete salbazioa Errioxan bermatzea, baina, bestela, bigarren aukera izango dute, larunbatean, zaleen aurrean, Argentinako “Muchachos” abesti ezaguna beraiena egin duen afizioarekin bat eginda.

Liga erregularrean «etxeko lanak egoki egin ez izanaren» motxilarekin dago, bestalde, Zuazo. Egoera ekonomikoak nolabait denboraldia baldintzatu ote duen galdetuta, onartu du «ez dela inoiz atsegina horrelako ziurgabetasuna», baina ez du hori aitzakia moduan erabili nahi.

Beti Onakek bi partidak galdu eta beraiek bi partidak irabazi beharko dituzte, «jokoan ezer ez daukaten bi talderen aurka», eta beraz, zaila deritzo nafarrek bi porrot jasotzea. «Dena dela, gure asmoak izan behar du sentsazio ahalik onenekin bukatzea, eta gertatuko da gertatu behar duena», azaldu du Ezbidak. «Ohorezko Mailatik bota egin beharko gaituzte, guk ez dugu amore emango», esan du barre artean. Granollersen arituko dira gaur, 20.00etan, salbazioa bermatu berri duen taldearen kantxan. Zaleen aurrean azken garaipena eskaintzeko parada izango dutela badaki Ezbidak eta, beraz, partida zaila izango dela. Aurten ezin izan diote irabazi, eta «baloi galerak» gutxitzean egon daiteke giltzarria, andaluziarraren ustez.

Logroñoko eta Granollerseko taldeak epaileak izango dira azken bi partidetan, ezinbestean, euskal talde batek maila galduko duen azken txanpan, baten buruhaustea eta bestearen bigarren aukera izan den fase berritu honetan. Emozioak ezin du handiagoa izan.