NAIZ

Justizia arloko greba bertan behera utzi dute ELA eta LABek, Lakuarekin akordioa lortuta

Justizia arloko langileen greba bertan behera utzi dute ELAk eta LABek, Lakuako Gobernuarekin akordioa lortuta. CCOOk lanuztearekin jarraitzea erabaki du.

Justizia arloko langileek Donostian egin zuten elkarretaratzea.
Justizia arloko langileek Donostian egin zuten elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Apirilaren 27an hasi zen Justizia arloko langileen greba bertan behera utzi dute ELAk eta LABek. Atzo Lakuaren Gobernuarengandik «proposamen interesgarria» jaso zuten eta asteazken honetan aurreakordioa berretsi dute bi sindikatuotako Justizia alorreko langileek egin dituzten asanbladetan.

Ohar batean azaldu dutenez, Lakuak helarazitako proposamenean Justizia arloko langile guztientzat %13ko soldata igoera jasotzen da. Modu horretan, administrazio orokorreko beste langileen parean jarriko lirateke soldatari dagokionean. Honekin batera, Justizia arloan dauden onurak ez lituzkete galduko.

Horrekin batera, Justiziako langileen lanaldiaren modalitatea errespetatuko litzateke, bere berezitasun guztiekin, gehiegizko lanalditik eratorritako egunak barne.

Zenbatekoen %50 ordainduko lirateke akordioa sinatzen denean, eta beste %50 2024ko urtarrilaren 1ean, orduan lortuko bailitzateke soldata parekatzea.

Emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietako langileei soldata plus bat aitortzen zaie.

Azkenik, karrera profesionalaren osagarria negoziazio honetatik kanpo geratzen dela jasotzen da, eta geroago negoziatuko dela.

CCOOk grebarekin jarraituko du

CCOOk iragarri duenez, grebarekin jarraituko du. Lakuako Gobernuan negoziaziotik kanpo utzi duela salatu du.

Javier Zamora CCOO-Euskadiko Justizia alorreko koordinatzaileak adierazi duenez, Lakuak ELA eta LABekin akordioa lortzea lehenetsi du eta gainerako sindikatuak «bazterrean utzi ditu». «Behin betiko akordioa»ri buruz informaziorik ez ematea leporatu dio, eta bere sindikatuak grebarekin jarraituko duela jakinarazi du, «kolektibo guztiarentzako» onuragarria den akordioa lortu arte.

Estatu mailan ere greban dira Justizia arloko langileak, lan baldintzak eta soldatak hobetzeko eskariarekin. Horren aurretik, Gobernu espainola akordio batera heldu zen beste greba bat deitu zuten epaile, fiskal eta abokatuekin. Justizia arloko beste langileak hitzarmen honetatik kanpo gelditu ziren, eta beste greba bati ekiteko erabakia hartu zuten.