Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
KOMENTARIOA

15 egun, 4 urte eta zain dugun mapa

Hauteskunde kanpainek duten funtzioaren inguruan zalantzak zabaldu dira azken urteotan. Zertarako 15 eguneko hesia? Alta, balore pedagogikoekin eta aje pozoitsuekin, amaitu berri den kanpainak bere funtzioa aldarrikatu duela euste dut. Auzia argitzeari eskainiko diot nire kaier honen epilogoa.

Hautagaien afixez beteriko hauteskunde panel baten aurrean pasatzen ari da gizon bat Bilbon.
Hautagaien afixez beteriko hauteskunde panel baten aurrean pasatzen ari da gizon bat Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bidasoaz bestaldetik so egin diot amaitu berri den hauteskunde kanpainari, alderdien arteko lehian aski neurtutako sartu-irteerak egiten. Ez dakit distantziak abantaila eskaintzen duen edo kanpainak osatzen duen melodiaren hainbat nota, nahita edota deskuiduz, galdu izanak desafinatzeko arriskua areagotzen duen.

Edonola ere, demoskopiaren hodeiak uxatuz, datuen zeru argia hemendik ordu batzuetara azalduko zaigunez, nahi nuke gogoeta bat mahai-gainean jarri, besterik ez bada, botoak biltzeko ariketari merezi duen prestigioa aitortzeko. Korrontearen aurka igeri egiteko usadioa dugunez, ur nahasietan murgiltzeko beldurrik ez. Busti gaitezen.

Zertarako balio dute hauteskunde kanpainek? Azken urteotan behin eta berriro pausatu den galdera hor dago.

Galdera ez da neutroa. Erantzuna, are gutxiago.

Hautagai beraien borondatea higatzeko pausaturiko galdera al da? Eztabaida publikoari esparrua murrizteko amua ezkutatzen du galdera ikurrak? Errekurtso orojaleen bentajismoa sustatzeko bidean eginiko proposamen artetsua al da?

Santiago zubiaren bestaldetik begiratuta, zuen hauteskunde kanpaina horrek bere funtzioa aldarrikatu duela esatera ausartuko nintzateke. Nahiz eta oso hegaldi baxuetan jardun dutenen jiteek kezka sortzen duten, hamabost eguneko zeharkaldiak aukera eman dio –hori baliatu nahi izan duenari– zer dagoen jokoan hobeki ulertzeko. Hori baita, finean, eskaintza politiko guztiak azaltzeko legeak zehazturiko epearen arrazoia.

Inozoak ez garenez, balizko berdintasun jokoaren atzean batzuek gehiago eta beste batzuek askoz gutxiago ateratzeko aukera dutela badakigu.

Norgehiagoka zehatzen gainean arreta jartzera eraman gaituzte, inkestek soilik ez, kanpaina hasi eta amaitu bitartean perspektiba horren bueltaka murgildu diren alderdiek beraiek ere berdin.

Joerei buruzko hausnarketak, datuen sukaldea, handik eta hemendik hartzeko dagoen boto berri hori, denek saihestu nahi duten botoen ihesaldi hura... eta, ororen gainetik, zaparrada grafikoa, eta arauez beteriko telebista eztabaidak, eta tokian tokiko «porrak»... Bref, kanpaina saltsa.

Kalea zapaltzen. Azken hamabost egunetan aurrera eta atzera, Erriberatik Lautadara, herri txikienetatik hiri handienetara, plazaz plaza, ibili diren ehunka eta ehunka 'animalia' politiko horiek, oro har, badutela zer ospatu uste dut.

Kanpaina lehen mailako erakustaldi politikoa da. Are, formatu txikietako ekimenen atzean dagoen ahalegin kolektiboak bere balioa igotzen du.

Geziak jasateko arriskua hartuta ere, plano horren indarra ukaezina iruditzen zait. Horretan oinarrituta, estres froga zailari aurre eginez ere, euskal marko politikoak oraindik bere bizitasuna erakutsi duela hauteskunde kanpaina honetan esango nuke.

«Kanpotik» ekarritako xextrek desitxuratu zuten ibilaldiaren hasiera. Aldiz, konpromiso politikoa zikindu nahian sukalderaino ziria sartzeko «gobernu alderdiak» eginiko hautua izan da honetan, nire ustez, gure markoa birroxigenatzeko premia irudikatu duen sintomarik argiena.

Beste zantzuak ez dira falta. Osasun eta garbiketa alorreko langileen zein pentsiodunen aldarrikapenekin bete dira karrikak kanpainan. Izan ere, zer pentsa ematen du sindikatuetatik at jarduten duten poliziak kale blokeatzetan ikusteak. «Apolitika»ren iragarle izan daitekeen «asindikalismoa» mesfidantzaz hartzen dutenek interesa dute biharko hitzorduari kale ez egiteko.

Argi-ilunez beteriko kanpaina honek, finean, inoiz baino gehiago irudikatu du komunitate baten partaide izateak ematen duen indarra eta, alderantziz, identitatea ordezteko estrategiek zer panorama latza sortu dezaketen.

Horretan ere, hauteskunde kanpaina argigarria izan denez, ariketa ez da hutsala izan. Hots, ez dezagun esan hauteskunde kanpainek ez dutela balio, gure indargune eta hutsuneen gaineko diagnostikoa egiteko aukera ematen diguten heinean, txekeoa ez baita inondik ere debaldekoa izaten.

Hamabost egunetako sokatira amaituta, hurrengo lau urteetan zer eta nola egin herritarren bizitza hobetzearekin batera munduko beste puntatik begiratuta ere identifikagarria izango den herriaren erroak sendotzea, horra hor, aurrez aurre azalduko zaigun tarea saihetsezina. Behin botoa emanda, behin boto paperak zenbatuta, behin parlamentu eta udalen gobernuak osatutakoan, baten batek har dezala mapa osoari begiratzeko denbora, erronkak eskala nazionalean txertatzeko. Nahi soila ez urgentzia baita.