Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Galdakao, Durango, Azpeitia eta Berriozar: EH Bilduren kudeaketa sarituaren lau adibide

EH Bilduk azken legealdian kudeatzen zituen udalerrietan koaliazioaren gainbehera aurreikusten zuen EAJk. Zenbakiek, baina, kontrakoa erakusten dute. Izan ere, koalizio subiranista herri horietan ere indartu egin da.

Ima Garrastatxu, 2019an Durangoko aginte makila hartuta.
Ima Garrastatxu, 2019an Durangoko aginte makila hartuta. (Monika del Valle)

«Gaur indar irabazlea sentitzen gara, ez dugu harrotasunez esaten, apaltasunez esaten dugu, gurea herriarekiko konpromisoa delako, eta, batzuk tematu arren, gobernatu dugun udalerrietan gora egin dugu, eta horrek erakusten du badakigula kudeatzen». Honela adierazi zuen bart, EH Bilduren inoizko emaitzarik onenak eskuan, Arnaldo Otegik. Eta horrela berresten duten zenbakiek.

Izan ere, plaza berri asko irabazteaz gain, azken legealdian boterea zuen beste askotan ere bere posizioa indartu du koalizioak.

EAJk EH Bilduren beherakada nabarmena aurreikusten zuen azken honek kudeatzen zituen udalerrietan eta, lokatzetan sartzeko saiakeretaz haratago, horretan oinarritu du EAEn egindako kanpainaren zati handi bat. Astelehen honetan bertan, Bizkaia Buru Batzarreko presidente den Itxaso Atutxak insistitu egin nahi izan du, bere alderdiaren beherakada «abstentzioaren gorakaradi» eta «kudeaketaren higadura nabarmenari» lotuz. Azken honek «beste alderdi batzuei ere» eragin diela adierazi du.

EH Bilduk, ordea, plaza garrantzitsu asko indartu ditu, Galdakao, Durango, Azpeitia, Errenteria Atarrabia, Berriozar edo Artziniega kasu. Galdakaon, ia 2.000 boto irabazita, sei zinegotzitik 9 izatera pasa da. EAJ, aldiz, seiekin geratu da, baina 500 boto galduta. EH Bilduk Galdakaon gobernatu du azken agintaldian, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosekin koalizioan. Azken hauek eserlekurik gabe geratu dira, baina formula errepikatzea aski litzateke agintaldia berritzeko.

Durango EH Bilduk gobernatzen zuen gaur arte, Ima Garrastatxu alkatearekin, Herriaren Eskubidearekin -Podemos- koalizioan. 2019ko hauteskundeetan, EAJ izan zen indar bozkatuena, 8 zinegotzirekin, baina EH Bilduren (7 zinegotzi) eta Elkarrekin Podemosen (4 zinegotzi) batasunak Garrastatxuri eman zion alkatetza. Atzotik, EH Bilduk 9 ditu, 500 boto irabazita, eta EAJk 7, 350 boto galduta.

Duela astebete eskas, Ortuzarrek erronka bota zion Iker Casanovari, EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaiari, «Durangon, Alonsotegin eta Ezkerraldean paseo bat elkarrekin emateko, harrera hobea nori egiten dioten ikusteko». EH Bildu indartu egin da Durangon, eta gehiengo osoa lortu du Alonsotegin, orain arte beti EAJk gobernatu duen feudoan.

Azpeitian, berriz, partaidetza beherakada partekatu dute EH Bilduk eta EAJk, hurrenez hurren 700 eta 400 boto galduta. Baina koalizioak gehiengo absolutua mantendu du 10 zinegotzirekin; EAJk ere bere zazpiei eutsi die.

Errenterian, aldiz, EH Bilduk 200 boto galdu dituen arren, 9 zinegotziak mantendu ditu eta boto guztien %41a eskuratu, duela lau urte baino bosto puntu gehiago. EAJk, bere aldetik, 3 zinegotziei eutsi die, 500 boto galduta. Elkarrekin-Podemosekin agindu du azken legealdian koalizio subiranistak. Alderdi moreak bi zinegotzi eskuratu ditu oraingoan. Beraz, akordioa berretsiz gero, PSE, EAJ eta PPk baino gehiago dituzte.

Berriozar eta Atarrabia, Nafarroan

Nafarroan ere ildo beretik topa ditzakegu EH Bilduren zenbakiak. Inoizko emaitzarik onenek adibide asko dituzte, baina, bi aipatzearren, Berriozarren eta Atarrabian lortutako gehiengo absolutuak. 

Berriozarren, Iker Mariezkurrenaren eskutik, 8 zinegotzitik 9ra pasa dira, PSNren 3ak, UPN eta PPren 2ak eta Podemosek lortutako eserlekua baino gehiago.

Atarrabian, berriz, 7tik 9ra igo da EH Bildu. Geroa Baik bere hirurak mantendu ditu. Navarra Sumak zituen 4ak, berriz, UPNren 2 eta PPren 1ean bilakatu dira, PSNk bat galdu du bakar batekin geratzeraino eta Podemosek bat eskuratu du.

Araban ere ez da adibiderik falta. Artziniega da hauetako bat. Joseba Vivancok hartu zuen aginte makila duela lau urte eta maiatzaren 28 honetan indarrean mantendu soilik ez, baizik eta sendotu egin du EH Bilduk. Gehiengo absolutua du sei zinegotzirekin, aurreko legealdian baino bat gehiago. EAJk bere 3ak mantendu ditu, PP desagertu egin den bitartean.

Aramaion ere gehiengo absolutua berretsi du koalizio subiranistak. EAJk zinegotzi bat kendu dio, alderdi jeltzalearen hirugarrena, baina seirekin, EH Bilduk nagusitasun nabarmena mantendu du.