Vanegasek Realean jarraituko du beste bi urtez

2025era arte luzatu du kontratua Kolonbiako atzelariak. Natalia Arroyok aurten gehien erabili duen hirugarren jokalaria da.

Vanegas «pozik» eta «ilusionatuta» agertu da berritzearekin.
Vanegas «pozik» eta «ilusionatuta» agertu da berritzearekin. (Real Sociedad)

Agurrak, momentuz, alde batera utzi eta berritzeei berrekin die Realak. Eta ez da nolanahikoa zabaldu berri duena, Natalia Arroyoren konfiantzazko jokalarien multzoko partaidea baita Manuela Vanegas; Eizagirrerekin eta Amaiurrerekin batera, aurten minutu gehien jokatu dituen futbolari txuri-urdina, alegia. Kolonbiako atzelariak 2025era arte luzatu du ekainaren 30ean amaitu behar zen kontratua.

Espainiako Ligara Espanyolen eskutik heldu ondoren, orain dela bi urte etorri zen Vanegas Zubietara, Levantera joandako Nuria Mendozaren hutsunea betetzeko, eta lehen egunetik izan zuen bere entrenatzailearen konfiantza osoa. Bere ekarpena ezinbestekoa izan zen Realak inoiz egin duen Ligarik onenean, taldeak denboraldi osoan 28 gol besterik ez baitzuen jaso. Atzelaria izanik, bere erasoan egiten duen ekarpena ere eskertzen dute taldekideek, batez ere estrategiako jokaldietan. Bost gol sartu ditu bi denboraldi hauetan. Iaz 26 partida jokatu zituen guztira, seigarren jokalari erabiliena bilakatuz. Udan Americako Kopan sekulako arrakastaz parte hartu ondoren, bere zenbakiak hobetu ditu –Eizagirrek eta Amaiurrek bakarrik jokatu dituzte atzelariak baino minutu gehiago–, taldeari orokorrean gertatu zaion bezela, errendimendua iazkoa bezain ona izan ez bada ere.

«Ilusionatuta» eta «pozik» agertu da 22 urteko jokalaria kontratua berritu ondoren. «Kirol mailan ez da espero genuen urtea izan –onartu du– baina asko ikasteko moduko denboraldia izan da eta horrekin geratzen naiz. Baita beti dena eman izanaren lasaitasunarekin, urtea errusiar mendi baten antzekoa izan den arren». «Pozik eta lanean jarraitzeko gogoekin nago –gehitu du–, datorren denboraldiari begira aurtengo xehetasun horiek zuzentzeko gogoekin, eta Realarekin historia egiteko aukerarekin ilusionatuta». Kolonbiako jokalariak Donostian «oso gustora» dagoela azaldu du. Alde batetik taldean, «hazten eta hobetzen lagundu didalako» eta, bestetik, zaleekin eta hiriarekin berarekin. «Oso ondo nago Donostian. Jendeak oso ondo hartu nau, etxean bezela sentiarazten nau. Oso polita da zaleen maitasuna sentitzea, ikusten zaituen jendeak baloratzen zaituela sentitzea, eta oso hunkigarria da eskaintzen dizuten maitasun hori».

Kapitainaren zain

Vanegasena Realak aurten gauzatu duen hirugarren berritzea da, Elene Letek eta Iris Arnaizek sinatutakoen ondoren. Sei jokalarik, berriz, ez dute Zubietan jarraituko –Iraiak erretiroa hartu du, Le Guillyk PSGra itzuli eta Allegrak, Gemmak, Maddik eta Gabyk kontratua amaituta– eta klubak oraindik badauka lana, hilabete barru kontratua amaituko zaien beste sei futbolarien etorkizuna zalantza baitago.

Horien artean Nerea Eizagirre dago, proiektu txuri-urdinaren zutabea Amaiurrekin batera. Kapitainak maiz esan du Realarekin arrakastak lortzea dela bere ametsa baina sekula ez du izkutatu anbizio handiko jokalaria dela eta eskaintzen faltan ez dago. Etxekoa onena dela konbenzitzen jarraitzen saiatu beharko dira agintari txuri-urdinak.