Nerea Lauzirika
Bilbo

Euskara normalizatzeko bideak, jatorri eta ibilbide ezberdinetako gazteen ahotan

Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ‘Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen’ jardunaldiaren baitan, Euskal Herriko txoko desberdinetako gazteak euskarak bakoitzaren inguruan bizi duen egoeraz eta hizkuntzarekin duten harremanaz aritu dira, normalizaziorako bidea marraztuz.

Asier Urkiza, Cristina Oses, Odei Barroso, Carlos Martinez eta Laura Ré.
Asier Urkiza, Cristina Oses, Odei Barroso, Carlos Martinez eta Laura Ré. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Amets Aranguren Kontseiluko proiektu buruak gidatuta, mahai-ingurua egin dute ostegun honetan Asier Urkizak, Cristina Osesek, Odei Barrosok, Carlos Martinezek eta Laura Rék. Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen’ jardunaldiak antolatu ditu Bilboko BBK Kunan. Gaur izan du lehen eguna eta bihar arte luzatuko da. Egitarau oparoa antolatu dute gazteen eta euskararen inguruan.

Bilbotarra da Urkiza. DBHko euskara irakaslea da lanbidez eta literatur kritikari aritzen da ‘Berria’n. Gurasoak erdaldunak ditu eta, beraz, eskola publikoan ikasle zela ikasi zuen euskara. Inoiz aldapa gora egin bazaio ere, azaldu du lortu duela euskaraz bizi ahal izateko ekosistema sortzea.

Oses nafarra da, Azkoiengoa, eta Iruñean bizi da. Ez da euskalduna eta «zonifikazioaren alaba» bezala definitzen du bere burua. Soziologia Aplikatuan graduatua da eta Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokian dabil lanean.

Barroso Urruñakoa da, orain Baionan bizi bada ere eta rapero eta bertsolaria da. Ama euskalduna eta aita erdalduna zituelarik, batez ere gazteleraz egiten zuten etxean baina ikastolara eraman zuten gurasoek. Azaldu du bertan baino ez zuela euskaraz aritzeko parada eta, horregatik, euskara zerbaiten parte izatearekin lotzen duela.

Beste nafar bat ere izan da mahai-inguruan, Murtxantekoa baita Martinez. Egun Iruñean begirale gisa ari da lanean eta 20 urterekin hasi zen euskara ikasten. Osesek bezala, berak ere ez zuen aukerarik izan txikitatik euskaraz ikasi eta hazteko eta militatzen hasi zenean ikasteko beharra sentitu zuen.

Ré ez zen Euskal Herrian sortu, Lorcan baizik, baina euskalduna da. Oiartzunen bizi da gaur egun eta komunikazioaren alorrean egiten du lan. Bere proiektu pertsonala autonomiaz garatu ahal izateko euskara ezinbestekoa izan dela azaldu du mahai-inguruan.

Errealitate linguistiko oso desberdinetan hazitako gazteak dira bostak, eta nork bere ikuspuntutik aztertu du bakoitzaren jatorrian zer litzatekeen euskararen normalizazioa. Osesek argi dauka Nafarroako Erriberan erdaldunek euskaraz aritzea irain bezala ikusi ez dezatela litzatekeela.

«Eraikitako beldur moduko bat dago, normalizazioa eragozten duena», azaldu du. Azpimarratu du, halaber, eskola publikoak baino ez duela lortuko horrelakorik, gurasoen hautua edozein dela ere haurrak euskalduntzea ahalbidetuko duen tresna gisa aurkeztuz. Osesen iritziz, errealitate bakoitzari egokituko zaizkion estrategiak dira benetan eraginkorrak, ez ordea orokorrak.

«Ezin naiz Baionan paristar bat baino arrotzago izan», esan du Barrosok. «Euskaraz egiteagatik estralurtar ez sentitzea ondo legoke», erantsi du Urkiza bilbotarrak

 

Ipar Euskal Herrian, ordea, arazoa antzekoa bada ere, konponbidea bestelakoa dela deritzo Barrosok. «Badaude eskola elebidunak, baina ikastola gizartea euskalduntzeko nahikoa ez bada, are gutxiago eskola elebidunak», azaldu du. Osesek bezala, berak ere uste du bere inguruan erdaldunak irainduak sentitzen direla «egun on» entzute hutsarekin eta normalizaziorik ezaren sintomatzat jotzen du: «Ezin naiz Baionan paristar bat baino arrotzago izan».

Martinezek ere deritzo eskola publikoa indartu beharra dagoela Nafarroako Erriberan eta ez dela horretarako behar beste lan egiten. Bere kasu pertsonalean oinarrituta, uste du inguruan euskalduna den jendea izateak norbanakoek hizkuntzarekiko daukaten jarrera eraldatzeko gaitasuna duela.

Bilboko egoera Ipar Euskal Herrikoa edo Nafarroako Erriberakoa ez bezalakoa dela jakitun, Osesek, Barrosok eta Martinezek botatakoekin identifikatuta sentitu da Urkiza. «Euskaraz egiteagatik estralurtar ez sentitzea ondo legoke», adierazi du.

Eraikitako munstroen aurka

Komunitatearen kontzeptuaren inguruan ere hausnartu dute gazteek. Osesek esan du aintzat hartu behar direla «euskara berdin dien» horiek ere, kontuan hartuz zenbait tokitan euskararen aldeko edozein ekintzak erreakzioak piztuko dituela, hizkuntzaren inguruan eraikitako «munstroen» ondorioz.

Urkiza euskaldunen kopurua areagotzearen ordez, hiztun bakoitzaren maila eta, ondorioz, mintzatzeko gaitasuna hobetzearen alde agertu da. Bere ustez, horrek eragin positiboa izango lukeelako euskararen erabileran. Izan ere, azaldu du sarritan euskara «bilera-hizkuntza» bilakatu izan dela, giro edo espazio oso zehatzei lotuta: «Denbora guztian borrokan ibili gabe, besterik gabe horrela irteten zaigulako egin nahi dugu euskaraz».

«Euskara traje batekin irudikatzen dut», adierazi du Rék. Uste du sarritan zorrotzegiak garela euskaldun berriekin eta euskaldun zaharrei eskatzen ez diegun zuzentasuna galdegiten diegula. Horren aurrean, komunitatearen baitan profil aniztasunaren beharra aldarrikatu du.