
Azkoitia Bai Elkarrekin herri plataformak batzarra egin du ostegun arratsalde honetan Elkargunean, heldu den larunbatean Udala osatzeko egingo den bilkuran botoa nori eman erabakitzeko. Azkenean, batzarrean parte hartu dutenek –65 lagun inguru– Jose Joakin Etxaniz plataformaren alkategaiari emango diote botoa, «alderdi guztien arteko gobernu bat bermatu dadin».
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan EAJ izan zen indar bozkatuena Azkoitian; zazpi zinegotzi eskuratu zituen, duela lau urte baino bat gutxiago. EH Bildu izan zen bigarren indarra, sei zinegotzirekin –aurrekoan baino bat gutxiago–; Azkoitia Baik hiru ordezkari lortu zituen –2019an baino bi gehiago– eta PSEk zeukan bakarrari eutsi zion.
Batzarraren ostean Etxanizek nabarmendu duenez, alderdi guztien arteko gobernu bat osatzearen aldekoak dira, eta hori bermatzeko bide bakarra bere buruari bozkatzea da. «Herriarentzat egokiena» dela uste du, ‘Maxixatzen’ agerkariak jaso duenez.
Printzipioz, plataformaren erabakiak EAJri Alkatetzari eustea erraztuko lioke. Izan ere, jeltzaleek eta EH Bilduk alkategaia aurkeztuz gero, ez batak ez besteak ez luke gehiengo absolutua lortuko, nahiz eta jeltzaleek PSEren babesa izan (9 behar dira gehiengo absolutua izateko, eta EAJ+PSEk 8 dituzte). Horrenbestez, Ana Azkoitia jeltzalea bilakatuko litzateke alkate datozen lau urteetarako, zerrenda bozkatuena izaki.
Nolanahi ere, beste aukera bat ere badago, EAJ Alkatetzatik kanporatuko lukeena: koalizio subiranistaren 6 zinegotziek Azkoitia Bairen alkategaiaren alde bozkatuko balute, Etxanizek gehiengo absolutua izango luke eta aginte makila eskuratuko luke.
Beraz, larunbatera arte itxaron beharko da Alkatetza zein alderdik eskuratuko duen argitzeko.

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del corrector; claves para entender lo ocurrido en la PAU

«Los autos se apoyan en una información no contrastada de un medio de comunicación»

Fallece un montañero de Urnieta cuando descendía del Pic du Midi d’Ossau

La ridícula idea de acelerar el tiempo
