NAIZ

Laudioko Alkatetza lortuko du EH Bilduk Omniaren sostenguarekin

Ainize Gastaka (EH Bildu) izango da Laudioko alkate berria. Omnia taldeko kideek EH Bildu sostengatzea erabaki dute, EAJri babesa emateko aukera baztertuz.

EH Bilduko Ainize Gastaka izango da Laudioko hurrengo alkatea.
EH Bilduko Ainize Gastaka izango da Laudioko hurrengo alkatea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EH Bilduk lortuko du Laudioko Alkatetza, Omnia taldeak Ainize Gastaka sostengatuko duela konfirmatu ondoren. Horrela adierazi du Omniak asteazkenean egin zuen asanbladaren emaitzen berri emateko gaur egin duen agerraldia. 60 lagunek hartu zuten parte Omniaren asanbladan.

EH Bildu nagusi izan zen hauteskundetan, zazpi zinegotzi lortuta. Ondoren, EAJ izan zen sei hautetsirekin. Udalbatza Omniaren hiru zinegotziek eta PSEren bakarra osatzen dute. Gauzak horrela, alkate berriaren izendatzea Omniaren esku zegoen, EH Bildu edo EAJren alde egin zezakeelako.

Omniaren jarrera erabakitzeko asanblada egin zuten asteazkenean. «Ez dugu hautatu alderdia edo alkategaia, baizik eta proiektua», azaldu du Omniako zerrendaburu Alvaro Barriosek. EH Bilduren eta EAJren proiektuen artean, EH Bildurena hautatu dute.

Erabakia hartu aurretik EH Bildu eta EAJren taldeekin negoziazioak izan dituzte Omniako kideak. Elkarrizketa hauetan talkak izan direla onartu du Barriosek, baina negoziazio hauek «beharrezkoak zirela» nabarmendu du.

Euskal Herria mailan EH Bildu eta EAJren arteko lehiak Laudioko emaitzak baldintzatu dituela adierazi du Barriosek, «EITB Focusen inkestak tokiko hauteskundeak kutsatu dituelarik». Halere, Laudion hautagaitza munizipalista bat izatea funtsezkoa dela nabarmendu du.