NAIZ

Lehen Hezkuntzako ikasleek atzera egin dute gaitasun zientifikoetan eta DBHkoek matematiketan

Jokin Bildarratzen aurkeztu du EAEko ‘Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa 2023’. Txosten horren arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleek atzera egin dute gaitasun zientifikoetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek matematiketan.

Jokin Bildarratz sailburua Gasteizko Legebiltzarrean izan da astelehen honetan.
Jokin Bildarratz sailburua Gasteizko Legebiltzarrean izan da astelehen honetan. (EUSKO LEGEBILTZARRA)

EAEko ikasleek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dituzten gaitasunak mantendu edo hobetu dituzte, baina Lehen Hezkuntzako ikasleek atzera egin dute gaitasun zientifikoetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek matematiketan.

Hauek dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak astelehen honetan Legebiltzarreko batzordean aurkeztu duen ‘Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa 2023’ txostenaren ondorioetako batzuk.

Txostenaren arabera, Lehen Hezkuntzako etaparen amaieran euskarazko gaitasunak «egonkor» jarraitzen du, eta hobekuntza «txiki» bat dago ingelesez, baina atzerakada «arina» izaten da da gainerako gaitasunetan, batez ere zientifikoan.

DBHren kasuan, emaitza 2018aren antzekoa da gaztelaniaz eta ingelesez, eta zertxobait hobea euskaraz, baina apur bat txikiagoa matematikan. Sailburuak onartu du DBHren kasuan ezin izan dela gaitasun zientifikoa neurtu «ikasleei koadernoak esleitzean izandako akats baten ondorioz».

Bildarratzen esanetan, etapa amaierako ebaluazioak azpimarratzen du familien gizarte- hezkuntza- eta kultura-mailak zer nolako garrantzia duten hezkuntza-emaitzetan.

Hala, adinaren arabera legokiokeen ikasturtean ez dauden ikasle guztien %67 (ikastaroren bat errepikatu dutelako) ISEK baxua duen ikastetxeren batekoa da. Eta ikasle errepikatzaile guztien %4,7 baino ez dago ISEK altua duen ikastetxe batean.

Sexuen arabera, neskek emaitza hobeak lortzen dituzte ikasgai gehienetan, bereziki euskaran eta ingelesean. Mutilek emaitza hobeak lortzen dituzte matematikan, nahiz eta egindako azken probak aldea nabarmen murrizten duen.

%60 elebiduna da

Bestalde, ebaluazioak erakusten du ikasle gehienak elebidunak direla, hau da, gaztelania eta euskara maila ertaina dutela. Zehazki, Lehen Hezkuntza amaitzean, %60 elebiduna da, eta ehuneko hori %70era igotzen da DBHn.

Aurkeztutako diagnostikoa EAEko ikastetxeen (publikoak zein itunduak) %22ren emaitzekin egin da. Hezkuntza Saila txosten osoago bat lantzen ari da, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztien emaitzekin, eta udazkenerako amaituta egon liteke, sailburuak adierazi duenez.

Oposizioko taldeek kritikatu dute testua aurretik ez izatea datuak aztertu ahal izateko.