Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Irunberriko Arroila eta Covite: Egia bere gordinean

‘Arroilaren negarra’ren Gasteizko aurkezpenaren kartela.
‘Arroilaren negarra’ren Gasteizko aurkezpenaren kartela. (NAIZ)

Joan den igandean bete ziren 33 urte «Irunberriko gertakarietatik». Astelehenean, Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen. Lakuako Gobernuak bertan behera utzi zuen ekitaldi ofiziala, «alderdiek erabil ez zezaten», eta Egiari Zor fundazioak egun hori zela-eta egin zuen ekitaldian Estatu krimenen egia osoa jakin beharra aldarrikatu zuen.

Egia osoa jakiteko ahalegin txalogarria da ‘Irunberri 1990: Arroilaren negarra’ liburua (Erein), Irunberriko Arroilan gertatutakoaren ikerketaren kronika, astelehenean Gasteizko Ignacio Aldecoa liburutegian Pako Aristi haren egileak eta Gure Bazterrak elkarteko kide Ander Lizarraldek aurkeztu zutena. Liburuaren eta ikerketaren nondik norakoen berri eman zuen Ramon Solak apirilaren 21ean NAIZ eta GARAn argitaratutako artikulu gomendagarrian.

Jon Lizarralde, Susana Arregi eta German Rubenach ETAko militanteak arroilan ekintza bat egiteko informazioa biltzen ari zirela, Guardia Zibilaren patruila batekin topo egin zuten, Jose Luis Hervas sarjentua hil eta ihes egin zuten. Guardia Zibilak zintzurreko bi sarrerak itxi eta bederatzi ordutsu geroago German Rubenach atera zuten handik, larri zaurituta, buruan tiro bat zuela. Hogei ordu geroago, Arregiren eta Lizarralderen gorpuak agertu ziren. Lehenak bi tiro zituen buruan, eta bigarrenak tiro bat buruan eta ibaiko ura biriketan.

Espainiako Barne Ministerioak esan zuen ETAko militanteek beren buruaz beste egin zutela; hala ere, jende askok ez zuen sinetsi. Kezka horrek luze iraun zuen Oñatin, Arregiren herrian, eta beste leku askotan. Hori dela eta, Gure Bazterrak Kultur Elkarteak gertaera haren inguruko dokumentazioa bildu eta ikertzeari ekin zion. Lan ikaragarria zuten aurretik eta, haren zailtasunak ikusita, Pako Aristiri eskatu zioten laguntza. Lan taldearen lanaren emaitza, ‘Arroilaren negarra’.

Ordu horietan gertatutakoaren ikerketa sakon, zehatz eta zorrotza da, egiara bide bat baino gehiagotatik hurbiltzen duen berreraiketa, ondorio argiak ateraz. Imajinatzekoa zen zer gertatu zen eta askok susmatzen zuten horretaraxe, bertsio ofizialak ezkutatu nahi zuen horretaraxe iristen da ikerketa, hiru iturri nagusi erabilita, hiru «froga bide», alegia: kasuaren sumarioa, hura lortu eta arakatzen hasita kontraesanak sumatzen hasi baitziren; egun hartan arroilan zegoen emakume holandar bat, baita han ziren zenbait ume gasteiztar ere; eta komandoaren laguntzaileek emandako azalpenak.

Rubenachek ez du oroitzen guardia zibilekiko tiroketaz geroztik zer gertatu zen, buruko zauriaren ondorioz amnesia peritraumatikoa baitu; han ziren guardia zibilek ez dute argirik eman, baina Espainiako Barne Ministerioaren bertsioa guztiz eraitsi du liburu horrek bildu duen ikerketak.

Bestetik, egia juridikoa delakoa ez dator bat bertsio ofizialarekin. German Rubenach suizidioan laguntzeagatik epaitu eta absolbitu egin zuten, ez baitzegoen horren froga bat ere -batek daki zer behar zuen Auzitegi Nazionalak ikerketa bat abiatzeko-. Arroilan ez zen suizidiorik egon. Eta beren buruaz beste egin ez bazuten, nork hil zituen? Hori da bertsio ofiziala ezkutatzen saiatu zena.

Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean aurkeztu zuten, eta izan zen aurkezpena baldintzatzeko eta are bertan behera uzteko ere ahaleginik, ordea. Aurreko ostegunean Covite elkartea ekitaldiaren aurkako mezuak zabaltzen hasi zen Twitterren, liburuaren aurkezpenean Joseba Sarrionandiak parte hartu behar zuelako, eta Gasteizko Udalari eskatu zioten liburu honen aurkezpena «espazio publiko batean egitea berriz azter» zezala.

Sarrionandiak ez joatea erabaki zuen azken momentuan, ekitaldiaren fokua bere gainean jarri ordez, liburuaren gainean jarri beharra zegoela uste izanda.

Biktimen elkarte horrek dioenez, ez litzateke onartu behar «espazio publikoak ETAren terrorismoa zuritzeko eta legitimatzeko erabiltzea». Aristiren liburuak ez du ETA ez ezer zuritzen, ordea. Baina nabarmen uzten du 20 ordu haietan arroilan gertatutakoa ezkutatu eta zuritzen duen bertsio ofiziala, inpunitatearen berme eta «kontakizunaren» bazka dena. Aristik eta Gure Bazterrak elkarteak ez dute ezer ezkutatzen, ezta biktimen mailaketarik egiten ere, egia bere osoan, bere gordinean azalarazten saiatzen baizik.

Ezinbesteko lana ‘Arroilaren negarra’, ezarri nahi duten kontakizuna, finean, bertsio ofizial bat baino ez da eta.