
Iaz lehiatu zen aurreneko aldiz Uliako Harria harrijasotzeko proba, izen bereko 70 kiloko oboide eiteko harri irregularrari altxaldi gehien nork emango neurtzen duen kirol proba, alegia. Gizonezkoetan tradizio handia duen Igeldoko Harria txapelketa dauka oinarri.
Iragan berri den larunbatean, berriz, txapelketaren bigarren edizioa lehiatu zen, bertan zazpi parte-hartzaile aritu ziren, lehen edizioan baino hiru gutxiago: lehen txapeldun Karmele Gisasola (Mallabia), Ainitze Zumeta (Zarautz), Ane Zinkunegi (Usurbil), Aroa Sanchez (Orio), Lierni Osa (Zarautz), Olaia Esnaola (Azpeitia) eta Udane Ostolaza (Orio).
Azkenean, Zumetak hamazazpi altxaldi egin zizkion 70 kiloko harriari. Hala, proba irabazteaz gain, errekor berria ere ezarri zuen —iazko garaileak, Karmele Gisasolak, hamasei jasoaldi egin zituen—. Hamalau altxaldirekin hiru harri jasotzaile geratu ziren: Lierni Osa, Ane Zinkunegi eta Olaia Esnaola. Araudiak hala zehaztuta, jasoaldi kopuru bera egiten dutenean, pisu gutxiena duenari ematen zaio lehentasuna. Hori dela eta, Osak eta Zinkunegik osatu zuten podiuma.
Zumetak oso kadentzia sendoa eraman zuen proba osoan zehar, Izetak, bere prestatzaileak, denborak markatzen zizkion bitartean. Zarauztarra irteten azkena izan zen eta bere lana hasi aurretik hiru partaide 14 jasoaldirekin berdinduta zeuden: Lierni Osa, Olaia Esnaola eta Ane Zinkunegi, ordena horretan. Osak bere burua irabazle ikusi zuen amaierara arte, baina Zumetak lan bikaina eginda garaipena eskuratzea lortu zuen.
Iazko irabazleak, Karmele Gisasolak, ez zuen egun ona izan, 13 jasoaldi egin zituen, iaz baino hiru gutxiago, eta bosgarren izan zen.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
