Arraun Lagunak-ek irabazi du liga; atzo hasitako lana amaituta, eta Zarauzko Ikurrina eramanda

'Lugañene'-k txapeldun baten erara amaitu du Euskotren Liga: aurrenekoz Zarauzko Ikurrina eramanda, eta liga bigarrenez irabazita. Donostiarra nagusitu da estropadan, eta gertu egon da bandera lapurtzetik, baina ondo kudeatu du Etxaberen ontziak atzo lortutako errenta. Tolosaldea izan da hirugarren.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak Euskotren Liga eta Zarauzko Ikurrina irabazi dutela ospatzen.
Arraun Lagunak-eko arraunlariak Euskotren Liga eta Zarauzko Ikurrina irabazi dutela ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraun Lagunak-ek iazko mamu guztiak uxatu ditu eta Euskotren Liga bigarrenez irabazi du −2021ean lortu zuen lehena−. Juan Mari Etxabek zuzendutako taldea sendo aritu da denboraldi osoan zehar, eta aurkariei ez die tarterik utzi abantaila hartzeko. Bost bandera eraman dituzte, eta erregularrenak izan dira, zalantzarik gabe: lehenak egin ez dutenean, bigarren egin dutelako, estropada batean izan ezik. Oriok amaitu du ligan bigarren eta Donostiarrak hirugarren.

Erregulartasuna izan da gakoa, eta Zarauzko Ikurrinean ere, bi jardunaldikoa denez, erregularrenak irabazten du, eta ontzi erregularrena 'Lugañene' izan da. Atzo oso bideratuta utzi zuen bandera, eta gaur, Oriorekiko sei segundoko eta Donostiarrarekiko zazpi segundoko aldeari eutsi behar zion. Eutsi, eutsi dio, baina ia-ia banderak ihes egin dio. Donostiarrak egin du lehena, eta bi segundora gertu egon da bandera lapurtzetik.

Ohorezko txandako ontziak honela atera dira: Arraun Lagunak lehen kaletik, Orio bigarrenetik, Donostiarra hirugarrenetik eta Tolosaldea laugarrenetik. Etxabek ez du eskifaian aldaketarik egin, eta atzoko talde berbera atera du. Patxi Frances Orioko entrenatzaileak, aldiz, kontrakoa egin du, eta sei aldaketa sartuta. Ondo doana ez ukitu, eta gaizki doana aldatu.

Traineruek oso parekatuta hasi dute estropada. Tolosaldea izan ezik, atzerago geratu baitira. Aurretik zihoazen denboraldi osoan lehia bizian aritu diren hiru traineruak: Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak. Lehen kolpea nork joko. Ziabogara iritsi aurretik, berdintasuna izan da nagusi, hiru ontziak segundo bateren bueltan zihoazen. Hondarribiak lehen txandan egindako denbora bera markatu dute hirurek.

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroiak egin du ziabogarik seguruena, arriskurik hartu gabe. Nadeth Agirre Oriokoak eta Nerea Perez Donostiarrakoak, ordea, ausardiaz jokatu behar zutela jakitun, ziaboga itxiago hartu dute, eta ondo atera zaie. Arraun Lagunak-en aurretik hasi baitute bigarren luzea.

Donostiarra estutzen

Orduan hasi da Donostiarra estutzen eta aldea handitzen. Poparean bizi-bizi etorri da Rufo Urtizberearen taldea, eta, olatu bikainez baliatuta, urduri jarri du Euskotren Ligako txapelduna. Orio atzean geratzen hasi da, banderaren lehiatik kanpo. Tolosaldeak eman du ezustekoa ohorezko txandan, bigarren luze oso azkarra eginda, eta laugarren kaletik, hiru oilarrekiko aldea murriztuta, lau segundora jartzeraino.

Donostiako bi traineruen artean zegoen banderaren lehia, eta 'Lugañene'-k izerdiak bota behar izan ditu Zaruzko Ikurrina eramateko. Perez maisuki ari zen olatuak hartzen, bata bestaren atzetik: olatu bat hartu, segundo bateko errenta handiagotu. Sei-zazpi segundo atzetik utzi du Arraun Lagunak.

Azken metroak falta ziren, eta zazpi segundoko aldea defendatu beharra Etxaberen taldeak. Ondo kudeatu du aldea Astudillok eta, azkenerako, bost segundo atera dizkio Donostiarrak. Helmuga zeharkatzean hartu du arnasa Arraun Lagunak-ek.

Eta, arnasaren ondoren, poza. Poza eta amorrua. Iaz sufritutako guztia bota dute estropada amaieran, eta poztasunez ospatu dute Zarauzko Ikurrina eta Euskotren Liga. Etxabek bosgarrenez irabazi du Zarauzko Ikurrina; lau San Juanekin eta bat, gaurkoa, Arraun Lagunak-ekin.

Tolosaldeak egin du hirugarren, Oriori aurrea hartuta. Ramon Erostarberen taldeak liga hasi zuen moduan amaitu du: hirugarren postu horretan mokoa sartu nahian. Ligan laugarren geratu dira.

Lehen txandak, kolore berdea

Denboraldi honetan gehien errepikatu den moduan amaitu dute Zarauzko Ikurrina lehen txandako traineruek: Hondarribia lehena, Hibaika bigarren, Cabo hirugarren eta Tiran laugarren. 'Ama Guadalupekoak' estropada bikaina egin du, kontuan hartuta lehen ziabogan ohorezko txandakoen denbora berdina markatu duela, nahiz eta bukaeran, lau traineruek aurrea hartu dioten.

Gailizako ontziek kanporaketak jokauko ez dituztenez, Hibaika arituko da, irailaren 16an Bermeon, eta 17an Portugaleten, Zumaia eta Kaikuren aurka.

EITBren patroi onenaren saria Nerea Perezek eraman du azken unean. Izan ere, orain arte Miren Garmendia Hondarribiakoak jantzi du maillota, baina gaur kendu egin dio Donostiarrakoak, puntu berdinak bildu badituzte ere.

 

XV. ZARAUZKO IKURRIÑA (J2)

1. Donostiarra: 10:45.96
2. Arraun Lagunak: 10:50.02
3. Tolosaldea 11:55.06
4. Orio: 10:57.60
5. Hondarribia: 11:13.66
6. Hibaika: 11:19.16
7. Cabo: 11:27.60
8. Tiran: 11:53.88
 
EUSKOTREN LIGAKO SAILKAPENA

1. Arraun Lagunak: 95 puntu
2. Orio: 86
3. Donostiarra: 79
4. Tolosaldea: 71
5. Hondarribia: 54
6. Hibaika: 39
7. Cabo: 27
8. Tiran: 16