Kontxako Banderan izan nahi dute, «urteko hitzordu garrantzitsuenean»

Emakumezkoen traineruak gaur lehiatuko dira Kontxako sailkapen estropadan, datozen bi igandeetarako plaza lortzeko. Hemezortzi traineruk parte hartuko dute, eta 18.00etan hasiko dute erlojupekoa, bi taldetan banatuta. Azken bi postuetan egongo da lehiarik handiena.

Iazko Kontxako Banderako irudian, Hibaikako arraunlariak; Orena hirugarrena da.
Iazko Kontxako Banderako irudian, Hibaikako arraunlariak; Orena hirugarrena da. (Jon | FOKU)

Iritsi da Kontxako Bandera, arrauneko txapeldunen liga. Emakumezkoek emozioak dantzan ipiniko dituzte gaur. Batzuek batez ere gaur, eta beste batzuek, igandean. Zazpirentzat lekua dago hurrengo bi igandeetan Kontxan lehiatzeko, Donostiarrarentzat baita zortzigarrena. Zer ontzi ibiliko dira seigarren-zazpigarren postu horien lehian? Zenbait hautagai daude. Hibaika, Cabo, Kaiku, Zumaia, Zarautz eta Chapela traineruak dira Aintzane Urbieta (Zumaia, 1991) Zumaiako arraunlariak, Ainhoa Escobal (Sestao, 2003) Kaikukoak, eta Nerea Orena (Donostia, 1981) Hibaikakoak zerrendatu dituztenak.

“Telmo Deun”-eko arraunlariak esan du Hibaika eta Cabo ETE ligako traineruak baino gorago ikusten dituela, nahiz eta sasoi hasieran, Gipuzkoako Txapelketan, Zumaiak Errenteriako taldearen aurretik egin: «Hori ekain hasieran izan zen, eta ordutik denbora asko pasatu da. Uste dut Cabok eta Hibaikak azken estropadetan pauso bat aurrera eman dutela. Hala ere, haizea eta itsasoa badago, iruditzen zait edozer gerta daitekeela. Faborito nagusiak sartuko dira, horiek ez sartzea sopresa handia izango zelako. Baina, agian, baldintza txarretan, Hibaika eta Cabo, ikusi egin beharko litzateke sartuko diren edo ez».

Urbietak, zazpigarren posturako lehian, Zumaiaz gain, Kaiku, Zarautz eta Tiran sartzen ditu. Zumaiako arraunlariak adierazi du ez dakiela Tiran nola ibiliko den ETE ligako ontziekin alderatuta, baina haien taldean sartuko lukeela. Baita Chapela ere: «Galiziako liga nahiko erraz irabazi dute, baina ez dakit, haiek lau luze egiten baitituzte. Iaz Txapela sartu zen».

Orena (Hibaika): «Gu eta Cabo bosgarren eta seigarren postuetan egotea espero dut, eta, gero, azken postuan, borroka handia egongo da»

Urbietaren bide beretik, Escobalek Zumaia, Zarautz eta haiek, Kaiku, ikusten ditu azken bi postu horietan. Hibaika, «zalantzarik gabe», eta Txapela, «agian». Orenak traineru «asko» ikusten ditu lehia horretan. Hala ere, espero du haiek Hondarribiaren atzetik egotea, eta Cabo ere hortxe ikusten du: «Gu eta Cabo bosgarren eta seigarren postuetan egotea espero dut, eta, gero, azken postu horretan borroka handia egongo da. ETEn Kaiku eta Zumaia lehian ibili dira; baita Zarautz ere, baina beti barean. Txapela ez dakigu nola ibiliko den».

Gaur haizea ibiliko da zertxobait, eta, olatua handiak emanda ez dauden arren, metro bi ingurukoak izango dira, azkarrak. Orenak esan du ez dela estropada «erraz-erraza» izango: «Haize bolada indartsu samar batzuk eman dituzte, eta, haizea eta olatuak badaude, zikin jarriko da».

Zumaiako trainerua, aurten, ETE ligako estropada batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kaiku eta Zumaia ondo moldatzen dira baldintza horietan. «Itsasoan asmatu egin behar da, batez ere poparean. Zaila dugu, baina aukera gehiago ikusten ditugu itsaso pixka bat badago, bare badago baino», esan du Zumaiakoak. Kaikukoak ere esan du nahiago dutela itsasoa egotea, ez egotea baino.

Borrokarako gogoa

Estropadari begira «gogotsu» daude hiru traineruak. Escobalek adierazi du estropadak berak ematen duen emozioak, aukera ematen duela estropada on bat egiteko. Sestaoko taldeko arraunlari gehienentzat estreinako aldia izango Kontxan, eta, ETE liga irabazi berritan, «oso pozik eta gogotsu» daudela esan du Escobalek. Aurrenekoz 2018an sailkatu ziren Kontxan, Kaikuk andrazkoen trainerua estreinakoz uretaratu zuen urtean.

Escobal (Kaiku): «Itsasoan ondo moldatzen gara, eta nahiago dugu itsasoa egotea, ez egotea baino»

‘Telmo Deun’-ek bi urte daramatza Kontxan sartu ezinik. Hori bai, talde gutxiren eskuetan dagoen Kontxa irabazi zuen 2013an, euskal talde batek lortu zuen lehena. «Talde gaztea gara, eta ilusio handiz gaude, ikusten dugulako aukera badagoela. Beti esaten diet: gure lana egunez gero, gustura geratzen bagara eta disfrutatzen badugu, ez dizut esango sailkatuko garenik, baina ez dizkiegu gauzak erraz jarriko», esan du Urbietak.

Hibaika askotan egon da Kontxa irabaztetik hurbil: bigarren geratu dira lau aldiz (2013, 2015, 2016 eta 2017), eta hirugarren egin zuten 2014an. «Hortxe ibili izan gara beti», adierazi du Orenak, eta nabarmendu du, Kontxako banderarik astindu ez duten arren, Hibaikak gaur sailkatzea lortzen badu, 11. urtez jarraian Kontxan sartuko direla, eta, honenbestez, urte gehien daramatzan taldea izango da.

Kaikuko arraunlariak ETE ligako estropada bateko garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Helburua «disfrutatzea» dela azpimarratu du Hibaikako arraunlariak, baita barruan sartzea ere: «Irabazteko aukera duzunean beste istorio bat izaten da; presio gehiago duzu eta hori kudeatzea zaila da. Oso desberdina da. Orain, disfrutatzera».

Hibaikak, a priori, Kaikuk eta Zumaiak baino arazo gutxiago izan beharko lituzke Kontxarako sailkatzeko. ETE ligako traineruek, ordea, haien aukerak ere izango dituzte. «Helburua beti da sartzea. Urteko hitzordu garrantzitsuena da, edo garrantzitsuenetarikoa, eta denok nahi dugu hor egon. Horretara joango gara», esan du Zumaiako arraunlariak.

Urbieta (Zumaia): «Gure lana eginez gero, gustura geratzen bagara, eta disfrutatzen badugu, ez dizut esango sailkatuko garenik, baina ez dizkiegu gauzak erraz jarriko»

Kanporaketak pasatzeko aukera badagoela azpimarratu du Escobalek, eta adierazi, ETE ligan lehenak edo goian egon direla estropada guztietan: «Bai guk, bai kanpokoek, aukera hori ikusten dute, baina denak aterako dira beraien estropada egitera, eta guk gurea egin behar dugu plaza hori irabazteko, ez digute emango. Dena eman beharko dugu».

Faborito nagusia?

Zein da faborito nagusia Kontxako Bandera astintzeko? Zalantzak dira nagusi. «Argi eta garbi hiru daude besteak baino gehiago. Edozer gertatu daiteke. Arraun Lagunak egun koska bat gorago dagoela esango nuke, baina ikusten da batek huts egiten badu, eta besteak aurre egiten badio, edo kalea dela edo itsasoa dela, edozeinek irabaz dezakeela», adierazi du Zumaiako arraunlariak. Escobalek eta Orenak ‘Lugañene’ ikusten dute irabazle. Hala ere, Kaikuko arraunlariak esan du Donostiarra ere hor egongo dela, eta etxean izanda, «sorpresa» eman dezakeela.

 

Kontxako sailkapen estropadako multzoak

A TALDEA
Cabo
Chapela
Arraun Lagunak
Hondarribia
Hibaika
Kaiku
Orio
Tiran
Tolosaldea

B TALDEA
Cesantes
Perillo
Deustu
Hernani
Cabana-Ferrol
Ondarroa
Astillero
Zarautz
Zumaia