Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Elkar ulertzeko baldintzak: azalpen juridiko eta politikoa

Elkar ulertzea ez da zaila, komunikazio hizkuntza edozein dela ere. Asko hitz egin izan da Euskal Herrian euskarak (euskaldunek) jasan duen bazterkeriaz, baina gaur egun oso bestelakoa da. Hainbat hizkuntza bizi dira elkarrekin eta euren hiztunen arteko komunikazioa naturaltasunez gertatzen da. Izan ere, «habla en cristiano» antigoaleko topiko samarra iragan urruneko kontua da eta gaur egun ohikoagoa da elkarren onarpena:

-Kortau bat, faborez, kremarekin.

-A ver, lo del café te he entendido, ¿solo o con leche? -diotso zerbitzari azkarrak, egonarri handia adierazteko aurpegia eginez.

Borondate pixka batekin ez da zaila elkar ulertzea. Horrelako erantzun bat jaso zuen lagun batek primeran ulertu zuen; hala ere, esan zidan ematen duela mesede bat egiten ari zaizkizuen sentipena izan behar duzula. Egiaz, ez da hori, sentipena izatea ez da nahikoa; mesedea egin dizuten uste osoa izan behar duzu. Bestela, modernotasunaren, aurrerabidearen, tolerantziaren… hitz batez, bizikidetzaren aurkako jarrera erakutsiko duzu; «betikoen» jarrera, alegia. Hori bai, «betikoek» izan behar dute beti tolerante, normalak izango badira. Errespetua erakustekotan. Izan ere, errespetua erakusteko modu segurua gaztelaniaz egitea da. Errespetu falta erakusteko, berriz, euskara da aproposagoa.

Ez da hizkuntza bakarrik, ezta errespetu kontua bakarrik ere. Edo bai, legeekiko errespetua. Batzuen hizkuntza bigarren mailakoa izan eta normaltasunaren azpitik irauten duen bezala, biktimak ere jasandako indarkeria motaren arabera hartuko dira aintzat. Ez diot nik, eztaAgamenonen txerrizainak ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak baizik.

Gerra zikina, polizia indarkeria… estatu indarkeria, oro har, koiunturala dela esan zuen orain aspaldi ez dela; ETAren indarkeria, ordea, estrukturala. Bereizi egin behar omen dira eta, beraz, haien biktimak ere bereizi ez ezik, batzuk diskriminatu ere.

Diktaduran koiunturazko indarkeria horrek asko lagundu zuen borroka armatua tresna zuen egitura sortu eta garatzen, eta hala jarraitu zuen monarkia konstituzionalean ere. Noiz eta zertan gertatu zen estatu aparatuen aldaketa? Esate baterako, polizia indarrena eta, bide batez, noiz aparatu judizialarena?

Uste izatekoa da frankismoko indarkeria koiunturala eta monarkia konstituzionalekoa ere bereizi beharra dagoela. Baina nola neurtzen da estatu baten izaera demokratikoa?
Erraza. Hauteskundeak baliatzen dituen edo ez izan behar da kontuan. Baina kontuz, demokrazia ordezkatzailea izanda ere, ondo bereizi beharra dago batzuen eta besteen artean, ez zaitzatela engaina. Ez diot nik, ezta Agamenonen txerrizainak ere, Europar Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek baizik, Gabongo estatu kolpearen ostean: «Ezin dut esan Gabon benetako demokrazia zenik». Niger bai, jakina. Eta azalpena eman zuen berehala. Estatuaren buruan familia bera egon zen 50 urtez eta hauteskundeetan irregulartasunak izan ziren Gabonen. Estatu espainolean 48 urtez baino ez da egon familia bera. Gainera, hemengoak ez du inoiz hautatua izateko iruzurrik egin.