Ane  Urkiri
Kirol burua / Jefa de Deportes

Euskal derbien handitasuna: irudi batek mila hitzek baino hobeto islatuta

Munduari bira eman dio –edo, gutxienez, Estatu espainolari– Reala eta Athleticen arteko euskal derbian athleticzale bat txuri-urdinez inguratuta, barrea ezin disimulatuta, alboko guztiak gola ospatzen ari direla. Haserre keinurik ez, irribarrea, galtzen jakitea eta, batez ere, pike sanoa.

Mendizorrotzako harmaila, ofizialtasunaren aldarriarekin.
Mendizorrotzako harmaila, ofizialtasunaren aldarriarekin. (Endika PORTILLO | FOKU)

Asteburu betea izan da euskal zaleentzat, bai behintzat futbolari dagokionez. Bi euskal derbi; bata, larunbatean, Donostian, eta bestea, igandean, Gasteizen. Reala eta Athletic batetik, areriotasun historikoa; Alaves eta Osasuna bestetik, apaltasunean bien arteko harreman onaren isla bilakatu den derbian.

Reala eta Osasuna atera ziren garaile, 3-0 eta 0-2. Baina guzti horren gainetik nagusitu zen giro ona, bai egun batean zein bestean.

Anoetan, esaterako, jada munduari bira eman dion irudi bat nabarmendu zen, porrotean ere egoten jakin behar denaren eredu –Athleticek hortik nabarmendu zuen irudia–, bai eta euskal derbietan dagoen giro onarena ere. Galdu edo irabazi, kirol legez hartzea, horixe besterik ez baita futbola, kirola, entretenimendua, une gozoak ematen dituena eta gaziak ulertzen ere jakitera eramaten gaituena. Bai, arerio handienaren etxean ere bai; bai, inguruko guztiak arerio handienaren gola ospatzen daudela ere bai.

 ‘Fútbol en Movistar Plus+’ kontuak, esaterako, txio hori bere profilean finkatuta ezarri du, oso esanguratsua delako. Futbolean dagoen indarkeriak kezkatzen duen moduan, badagoelako non begiratu. Anoeta, Reala eta Athleticen zaleekin, kasu horretan eredugarri izan zen; bai batzuen aldetik bai eta besteen aldetik ere. Giro on hori egun guztian nagusitu zen Donostiako kaleetan ere. Bada, realzalea den nork ez dauka lagun, lehengusu, osaba-izeba, guraso edo bikote athleticzalerik? Eta alderantziz?

Eta elkarri mokoka aritu baino, ez al da hobe hainbeste denbora elkarrekin aritu behar dugun horrekin rollo onean aritzea? Bai, noizean behin apustuak ere galduko dira, haserreren bat ere tarteka... Baina beti itzuliko da mendekurako tartea. Eta urtero ostera hastera.

Denboraldiko derbi guztiak egutegian ondo markatu, egun-pasa polita antolatu eta adiskidetasunaren sailkapenean puntuak batzen joan.

Alaves eta Osasunaren arteko derbiak ere irudi politak utzi zituen, batez ere atarikoan. Gasteizko kaleak girotu zituzten babazorro zein gorritxoek, eztarriak ondo berotu eta Mendizorrotzan gogotik animatzeko prest egoteko. Eta hemen ere nahasi ziren elastiko gorriak urdin zuriekin, denak batera animatuz, tarteka euskal aldarriekin ere bat eginik. Euskal nortasuna aldarrikatzeko mezuak geure geureak diren modukoa baita euskal derbietan nagusitzen den giro ona.