GAUR8

Nelson Mandela preso izan zuten Robben uhartearen erraietara bidaia

1996. urtera arte kartzela gisa erabili zuten Robben uhartea eta, besteak beste, Nelson Mandela izan zuten preso bertan, hemezortzi urtez. Espetxe gisa erabiltzeari utzi eta hurrengo urtean, museo gisa ireki zuten berriz ere, eta 1999an, Unescoren Gizarteriaren Ondare izendatu zuten.

Espetxera sartzeko atea.
Espetxera sartzeko atea. (GETTY)

Tripulazioko kide bat ehun bidaiaritik gora agurtzen ari da eskuaz, salbamendu txalekoari eusten dion bitartean: «Ongi etorri ontzira!». Ferryz bidaiatuko dute Robben uhartera arte. Hain zuzen ere, bertan dagoen kartzelan eduki zuten preso Nelson Mandela urte luzez.

Krotoa deituriko katamaranean egiten da uhartera iristeko bidaia. Victoria & Albert Waterfront-eko kai batean ainguratuta daukate, Hegoafrikako hego-mendebaldeko Ciudad del Cabo hirian, hain zuzen ere.

Turistek Krotoa ontzian bidaiatzen dute egunero-egunero uhartera heltzeko, ozeano Atlantikoak uzten dienean, behintzat. Izan ere, Esperantza Oneko Lurmuturretik gertu dauden uretan eguraldi txarra egiten duenean, ezinezkoa izaten da.

Bidaia ordu erdikoa baino ez da, eta zirraragarria gainera, urrunean ainguratutako zamaontzien artetik egiten baita ibilbidea. Horrela, aukera ematen du atzera begiratu eta Ciudad del Caboko betiko jagoletza den Mahai Mendi itzelaren presentziaz gozatzeko. Ibilbidean zehar, bidaiariek ez diete argazki kamerei atsedenik ematen eta etengabekoak dira “klik” hotsak.

Robben izenak “foken irla” esan nahi du nederlanderaz, eta bost kilometro karratu eskas dituen uharte honetan antzina bizi ziren ugaztunei erreferentzia egiten die.

Katamaranak atrakatutakoan, lehorreratu, eta autobusa hartzen dute turistek, kaioek portuan zehar hegan egiten duten bitartean.

Gida batek uharteko leku nabarmenenak erakusten dizkie bidaiariei. Izan ere, Afrikaner hegoafrikarren arbaso diren kolono holandarrak XVII. mendean hasi ziren irla kartzela gisa erabiltzen.

Bertan, legenardunentzako ospitale bat, eroetxe bat eta base militar bat jarri izan dituzte ordutik.

1961ean, apartheid-aren arraza-segregazioaren sistema ezarri zuen gutxiengo zuriaren esku zegoen, eta 1948tik 1994ra bitartean iraun zuen gobernuak uhartea preso politiko eta kriminalentzako kartzela bihurtu zuen.

Porlanezko ate batek ixten du espetxeko sarrera, zeinak apartheid-aren zerbitzu korrekzionalaren ikurra eta goiburua dituen goiko aldean: «Harrotasunez zerbitzatzen dugu».

Autobusean bertan zeharkatzen dute kartzelako atea, eta hala, hainbat geltoki dituen ibilbide bat hasten dute, hala nola legenardunen hilerria, Robert Sobukwe apartheid-aren aurkako iraultzailea giltzapetu zuten etxetxoa, presoek lantzen zuten kareharrizko harrobia, eta Garrisongo eliza gotikoa.

Mandelaren ziega

Ibilbidea Segurtasun Goreneko Espetxearen aurrean amaitzen da; horrek eman dio uharteari mundu mailako fama. Bertan, Derick Basson preso ohiak gidari lekukoa hartzen dio, eta berak eramaten ditu turistak horma eta dorre jagoleen labirintoko konplexuen artean.

Orain gida lanetan dabilen Basson 1985ean atxilotu zuten, eta zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten «sabotajea» egitea leporatuta, apartheid-aren aurkako erakundeei babesa eman baitzien, baina bost urte besterik ez zituen bete.

Mandelaren ziega, atetik begiratuta (GETTY)

Zaindariek «ez gintuzten haiek bezalako gizakitzat hartzen», azpimarratzen du preso ohiak, sistema arrazistaren gehiegikeriak gogora ekartzen dituenean. Azaldu du kartzelako dietan «koloredun jendea/asiarrak« eta «bantuak» (beltzak) desberdin tratatzen zituztela.

«Afrikarrei ez zitzaien ogirik eman 1979ra arte», dio Bassonek bi elikadura-erregimenak islatzen dituen kartel bat eusten duen bitartean. Preso ohiak zehaztu du bere esperientzia kontatzen duela «munduari arrazakeria zein suntsitzailea izan daitekeen erakusteko».

Ondoren, Bassonekin batera, B Sekziora igarotzen dira turistak. Behin han daudela, azaltzen die bertan hemezortzi urtez preso izan zutela Nelson Mandela (1918-2013), Afrikako Kongresu Nazionaleko (CNA) buruzagi mitikoa, Bakearen Nobel Saria (1993) irabazi eta Hegoafrikako lehen presidente beltza izatera iritsi zena (1994-1999).

Mandela hogeita zazpi urtez bizi izan zen preso apartheid-aren aurkako borrokari egindako ekarpenagatik. Robben uhartean espetxeratu zutenean, 466/64 preso gisa fitxatu zuten, 1964. urtean onartutako 466 presoetako bat izan baitzen, sistema arrazistaren aurkako sabotajeagatik biziarteko kartzela-zigorra ezarri ziotenean.

Presoek ariketa fisikoa egiteko erabiltzen zuten B Sekzioko patioa zeharkatu ondoren, Bassonek ziega-galeria batera eramaten ditu bisitariak. «Mandela kuboaren ziegan egon zen», kontatzen die turistei. Hori entzundakoan, gela horretarantz abiatzen dira berehala.

Gela ilun eta mehar bat besterik ez da, patiora ematen duen leihotxo bat daukana. Ziegaren barruan, hain zuzen ere, atentzioa ematen duen kubo gorri bat dago, komunaren faltan, haren funtzioa betetzen zuena. Kuboaren aldamenean zurezko mahaitxo bat dago, gainean plater bat eta katilu bat dauzkana. Mandelak erabili zuen ziegan badaude ohe gisa erabiltzeko esterilla bat eta manta bat ere.

Kartzelako dorrea (GETTY)

Honakoa idatzi zuen ziegari buruz Mandelak “Askatasunerako bide luzea” autobiografian, tamainari erreferentzia eginez: «Oheratzen nintzenean horma bat ukitzen nuen oinekin, eta nire buruak beste aldeko hormako zementua ukitzen zuen».

Irribarre batekin agurtzen ditu Bassonek bisitariak. Haiek, ibilbidean kontatutakoarekin hunkituta, eskupekoa ematen diote gidari, eta Krotoa ontzira hurbiltzen dira berriz ere Ciudad del Cabora itzultzeko, Robben uhartea atzean utzita.

Kartzela 1996an itxi zuten eta, hurrengo urtean, turismoa erakartzeko museo gisa ireki zuten berriro. 1999an, Unescoren Gizateriaren Ondare izendatu zuten espetxea, «giza espirituak, askatasunak eta demokraziak zapalkuntzaren aurka lortutako garaipena sinbolizatzen duelako».