NAIZ

Hondartzetan jazotako alarma ezberdinen ondotik, alga urdinak Pirinioetako lakuetan

Ostreopsis algaren agertzeak hondartza aroa markatu du, baina alerta ez da itsasertzera mugatzen. Pirinioetako lakuetan gertatzen ari den alga urdinaren ugaltzeari buruz alarma piztu du ‘Mediabask’ hedabideak argitaratu duen txostenak.

Acherito, ikerlariek Piriniotan aztertu duten antziretako bat.
Acherito, ikerlariek Piriniotan aztertu duten antziretako bat. (Emmanuel DOUZERY | WIKIMEDIA COMMONS)

Klima larrialdiak eragin nabarmena izan du hondartza aroan. Uraren kalitateari buruzko neurketek Lapurdiko hondartzetan bainua debekatzera eraman dute behin baino gehiagotan.

Karabela portugesa izeneko marmokaren agertzeak Gipuzkoa eta Lapurdiko hareatzetan eragindako gorabeherak ahantzi gabe, tenperatura altuen laguntzaz azkeneko bost urteetan aldiro azaldu den Ostreopsis algak berdin bainulari zein surflarien artean osasun arazoak eragin ditu aurten ere.

Itsasertzean soilik ez, uraren kalitateak Pirinioetako lakuetan ere kezka eragiten duela agerian utzi du, bestalde, bere aste honetako edizioan ‘Mediabask’ astekariak jaso duen txostenak.

Joan zen urriaren 15a plazaratu zen ikerketak erakutsi duenez, Pirinioetako 26 aintziratan zianobakterioen presentzia areagotu da.

Gehienetan, ordokietako ur lekuetan azaltzen da alga urdin hori. Izan ere, klima larrialdiaren erruz gorako alturetan ere horren presentzia gero eta handiagoa da.

Hugo Sentenac, Okzitaniako Tolosako Institutu Politeknikoko doktore ikerlariak oraindik ere martxan dagoen ikerketaren berri eman dio Ipar Euskal Herriko hedabideari.

Zianobakterioen ugaltzeak bi ondorio nagusi lituzkeela azaldu du ikerlariak.

Alde batetik, horren eraginez ingurunea desoxidatzea gertatu daiteke, eta horrek arriskuan jarriko lukeela uretako ekosistema, kasurik larrienean «bertako bizi mota guztia desagerraraziz».

Bestalde, zianobakterioek zianotoxinak sortu ditzakeela ohartarazi du ikerlariak, «izaki bizidun anitzentzat hilgarriak direnak».

Bigarren ondorio hori bereziki kezkagarria litzateke gizakientzat, «baina etxeko animalia zein animalia basatientzat ere».

Kutsatzeko erak

Kutsadura forma ezberdinetan gerta daiteke eta, egiari zor, itsaso aldera uda honetan berriz ere jaso diren intoxikazio sintomekin alderatu daitezke, neurri batean.

Hala, ura ukitzeak larruazalean erreakzioa sortu dezakeela ohartarazi dute Pirinioen gaindi ibilitako ikerlariek. Ura edaten bada, berriz, buruko mina, goitika edo beherakoa pairatu ditzake gizakiak.

Zentzu horretan, berriki, Ekialdeko Pirinioetan biofilma jan duten txakurren heriotz kasuak atzeman direla jakin ahal izan dute ikerlariek.

«Horrek iradokitzen du fenomenoa uste baino globalagoa dela», azaldu du Sentenacek.

Zianobakterien ugaltzeak aldaketa klimatikoarekin lotzen dute aipaturiko ikerketan parte hartu duten adituek.

«Euriteek eta tenperatura aldaketek arrokak leuntzen dituzte, uraren konposizioa azidotasun eta gogortasun aldetik aldatuz, eta uraren kimika aldatzen denean, mikrobioen komunitateak ere aldatzen dira», zehaztu du Tolosako Institutu Politeknikoko doktore ikerlariak.

Lhurs, Arlet, Puits d’Arious, Ansabere eta Acherito aintziretan egin dituzte neurketen gaineko behin-behineko azterketa eskuetan, Pirinioetako aintziren ekosistemak presiopean daudelako alarma piztu dute adituek.