NAIZ

Errugbi taldearen mende erdiko jarduna egun osoko egitarauarekin ospatuko dute Ordizian

Larunbat arratsaldean lehen taldeak Cisnerosen aurka jokatuko du Altamiran, baina zaleak 15.00etan plazara deituak daude, Katxiporretako lagunen eta Bonberenea txarangarekin kalejiran zelaira joateko.

Ampo Ordizia eta Bartzelonaren arteko norgehiagokako irudi bat, iazko denboraldikoa.
Ampo Ordizia eta Bartzelonaren arteko norgehiagokako irudi bat, iazko denboraldikoa. (Jon URBE | FOKU)

Larunbat honetan beteko dira 50 urte Ordizia Rugbi Elkarteak Trebijanon bere lehen partida jokatu zuela eta justu egun berean, goierritarrek Altamiran Cisnerosen aurka ligako partida jokatuko dutela aprobetxatuz, egun osoko egitarau oparoa prestatu du bertako taldeak mende erdi honetako jarduna behar bezala ospatzeko. Gainera, partida horretan jantziko dute lehen aldiz, denboraldi berrirako kamisetak, garai batekoei keinu eginda, marra gorri-urdin horizontalak dituena.

Goierri aldean erabat ezezaguna zen kirol bat erabat errotzea izango da, ziurrenik, talde honek bere historia luzean lortutako garaipenik handiena eta ibilaldi luze honetan izandako pozak eta saminak elkarrekin gogoratzeko eguna antolatu dute Ordizian. Mingotxenen artean da Manu Oxinalderen heriotza, duela 43 urte jazotakoa, Trebijanon jokatzen ari zela zendua. Egun berezi honetan, bere alabak –aita hil zenean oraindik jaiotzeke zenak– eta bilobak omenaldia jasoko dute.

Era berean, aste honetan lan istripu batean bizia galdu zuen Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalari ohia ere omenduko da partida hasi baino minutu batzuk lehenago.

Kalejiran Altamirara

2023 honetan Ordizia Rugby Taldea ez da urteurren borobila betetzen duen talde bakarra, Katxiporretaren 35 eta Bonberenea Txarangak 20 ospatuko dituzte, denek elkarrekin. Hauek ere euren omenaldia jasoko dute eta arratsaldeko 15.00etan Ordiziako plazan elkartuko dira musikari, pailazo eta errugbi taldeko zaleak Altamirara kalejiran gerturatzeko.

16.30ean hasiko da Ordizia eta Cisnerosen arteko partida nagusia, baina egunean zehar ere beste zenbait partida jokatuko dira. 10.30ean 16 urtez azpiko Elorrio/Arrasate partida jokatuko da eta 11.00etan errugbi inklusibo jarduera bat egingo dute. Eguerdian 18 urtez azpiko Elorrio/Arrasate partida jokatuko da eta 14.00ean nesken Berea-Bera/La Unica.