NAIZ

Geroa Baik zentsura mozioan bere papera aldarrikatu eta udal Gobernuan sartzea galdegin du

Cristina Ibarrola Iruñeko alkatetzatik kentzeko zentsura mozioan Geroa Baik izan duen papera aldarrikatu du alderdi horrek Udal Gobernuan sartu behar duela uste du, «koherentziagatik eta arduragatik». Contigo-Zurekinek «aldaketa egonkorra» lortzeko bidea dela nabarmendu du.

Mikel Armendariz eta Koldo Martinez Geroa Baiko zinegotziak, gaurko agerraldian.
Mikel Armendariz eta Koldo Martinez Geroa Baiko zinegotziak, gaurko agerraldian. (GEROA BAI)

Geroa Baiko zinegotzi Koldo Martinez eta Mikel Armendarizek agerraldia egin dute, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatetzatik kentzeko EH Bildu, PSN eta C-Zrekin sinatu duten zentsura mozioan bere alderdiak izan duen papera aldarrikatzeko.

Hala, Martinezek nabarmendu nahi izan du «biren arteko desadostasuna» izan dela, eta gaur «lauren arteko akordioa» bilakatu dela, PSNren eta EH Bilduz gain Geroa Bairen eta Contigo-Zurekin-en artekoa ere.

Esan duenez, akordioa soilik EH Bilduren eta PSNren artekoa balitz, «herritarrei saldu nahi zaien bezala», ez luke emango zentsura mozioa hasteko ere, bi alderdi horiek elkarrekin 13 zinegotzi baino ez dituztelako.

Martinez konbentzituta agertu da Geroa Baik gobernu talde berrian sartu behar duela, «koherentziagatik eta erantzukizunagatik», bere alderdia «beharrezkoa baita Udalean gehiengoak lortzeko», baina ez du zehaztasunik eman nahi izan nahiago dituzten arloei buruz, gai hori Joseba Asironekin aztertu behar baitute lehenik.

Asiron alkate izendatzea, erantsi du, azken lau urte eta erdian mozioa sinatu duten taldeek «hartu dituzten erabaki politiko guztiei erantzungo dien» bidearen lehen urratsa baino ez da, eta horrek gobernu programa baten prestakuntzarekin jarraitu behar du.

Mikel Armendarizek «gobernu talde anitza eta parte-hartzailea» eratu behar dela nabarmendu du, eta Iruñean «politikaren eta desblokeoaren» eta «Cristina Ibarrolaren eta UPNren politika aldrebesekin amaitzeko» garaia dela erantsi du. San Jorgeko biribilgunea, Sarasate pasealekua edo Gurutzeko Plazako aparkalekuaren auzia aipatu ditu adibidetzat.

Geroa Bairen iritziz, Cristina Ibarrolaren urte erdiko politikak izan dira itun honetara batzeko arrazoi nagusiak, horien artean aurten aurrekontuak ez zirela aurkeztuko iragartzea.

Contigo-Zurekin: «Alternatiba plurala eta ezkerrekoa»

Txema Mauleonek, Contigo-Zurekineko Iruñeko Udaleko zinegotziak, oso positibotzat jo du zentsura-mozioa aurkeztea ahalbidetu duen akordioa. «Poz handiko eguna da gaurkoa. Aldaketa iraunkorra eta alternatiba ezkertiarra lortzeko bidea da», nabarmendu du.

Contigo Zurekin koalizioaren prentsaurrekoa. (EUROPA PRESS)

Orain, koalizioak bilera bat izango du EH Bildurekin, Gobernu akordio bat lortzeko. Mauleonek adierazi du aurrekontuak lehenbailehen aurrera ateratzea espero dutela.

Bere ustez hiriarentzat «lehentasunezkoak» diren «erronka handien» artean, Mauleonek Iruñea «sozialki kohesionatua» lortzearen garrantzia azpimarratu du, «auzo guztietan kalitatezko zerbitzu publiko berdinak izango dituena eta hiri osoari aukera berdinak emango dizkiona».

Gainera, Mauleonek UPNri eta PPri eskatu die hautetsontzien emaitza demokratikoa onartzeko, «hitz malkartsuak» alde batera uzteko eta «elkarrizketa demokratikora» itzultzeko.