«Speaker»-ak, informatzaile huts izatetik ezinbesteko dinamizatzaile bilakatzera

Unai Narbarte, Gernikako pilotalekuan mikroari helduta.
Unai Narbarte, Gernikako pilotalekuan mikroari helduta. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Azken urteetan asko aldatu da zale eta jarraitzaileek kirol ekitaldi batean bilatzen dutena. Kirol ekitaldi hori ikusi bakarrik ez, esperientzia bat bizitzea izaten da helburua. Antolatzaileek ederki asko dakite hori, eta «speaker» edo esatariaren lana, DJarekin edo kasu batzuetan argiztatzailearekin elkarlanean, ezinbesteko elementua bilakatu da esperientzia horiek osatzeko. Esperientzia eta arrakasta handia duten gure inguruko hiru profesionalekin hitz egin dugu lan horren gorabeherak hobeto ulertzeko.

Unai Narbarte: «Hemen bide bat dago, lanbide bat, eta beti esaten dut interesa duenak proba egin dezakeela»

Elementu eta faktore asko egon dira astelehenetan Gernikan jokatzen den Jai Alai Winter Series txapelketak arrakasta izateko, baina zerrenda horretan leku berezia du Unai Narbarte “speaker” bizkaitarrak. «Dinamizatzaile» kontzeptua aipatu ohi du berak, ohiko aurkezpenekin batera pilotalekuan giroa berotzea izaten duelako helburu.

«Ni Oizmendi Telebistan ibiltzen nintzen. Norbait behar zuten kirol emanaldietarako eta ni kirolarekin oso lotuta egon izan naiz beti. Futbolean 20 urte baino gehiago egin ditut entrenatzaile. Esku pilotan aritua naiz, futbolean, areto futbolean, saskibaloian, errugbian... Oizmendi Telebistan futbola ematen nuen, pilotako gauza batzuk egiten ere hasi nintzen... Baina ni biologoa naiz ikasketaz eta ez nuen bide hori hartu. Jada bide hori uztekotan nintzela sortu zen zestakoa», azaldu digu.

«Irakasle lanetan hasi nintzen Bigarren Hezkuntzan, eta gainera aitite zaintzen nuen baserrian, baina jendeak ezagutzen zaitu eta mesedeak eskatzen dizkizute. Ekitaldiren bat aurkezteko, adibidez. Jendeari kosta egiten zaio mikroa hartzea eta nik alde horretatik ez daukat konplexurik, eta jendeari gustatzen zaio egiten dudana. Eta frontoian ere esku bat botatzen hasi nintzen. Pilotalekua bota eta etxebizitzak egiteko proiekturen bat ote zegoen zurrumurruak zabaldu ziren, eta zesta apur bat mugitzeko jaialdi batzuk antolatzea zen ideia. Ni Oizmendi Telebistarako esatari lanak egitera joaten nintzen, baina aldi berean pilotalekuan "speaker" lanak ere egiten nituen. Mikro bat itzali, bestea piztu, eta biak egiten nituen», gehitu du lehen pauso haietaz.

«Baina gero jada serioago hartzen joan ginen. Musika apur bat, DJa, giroa sortu... Master batzuetan hasi ginen, bost edo sei jaialdi uda partean, eta apurka hori ere hazten joan zen. Grand Slamak ere bai 2015-2016 buelta horretan...»

Iraultza txiki-handi bat

Denborak erakutsi du “Gernikako formula” arrakastatsua suertatu dela, baina Narbartek gogoan du hasierak ez zirela horren errazak izan. «Gogoratzen naiz nola ibiltzen ginen Gernikako kaleetan sarrerak banatzen. Ni urte askoan ibili naiz frontoietan, eta ohituta geunden Markinara joan, adibidez, eta harmailetan 30 edo 40 pertsona ikusten. Pilotarien senideak eta betiko zahar batzuk. Ez zen jenderik mugitzen. Eta hori guztiz aldatu da, apurka-apurka jende gaztez bete ditugulako pilotalekuak», dio.

Unai Narbarte, mikroa eskuan duela jendea agurtzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Gernikako ikuskizuna lehen aldiz Markinara eraman zuteneko anekdota ere kontatu digu. «Markinan oso puristak dira, eta han musikarekin-eta sartzea zaila izan zen. Atzean goialdean nengoen, grabatzeko dagoen kaiolan, eta Markinan eskaloi handi bat dago, 50-60 zentimetrokoa. Ba eskerrak, ze etorri ziren hiru pilotari ohi... Ez dakit zein ziren, nik ez ditudalako asko ezagutzen. Batzuk bai: Remen, Aranburu, Txikito... Baina nolabait kultura hori apur bat galdu egin zen 90eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Ba hirurak etorri ziren, bat hitz egiten hasten nintzenean makilarekin jotzen, musika kentzeko esanez, eta beraien artean eztabaidatzen ‘bueno, tanto eta tanto artean agian markagailua esaten utz diezaiokegu’».

Astelehenetako miraria

Aipamen berezia merezi du neguko astelehenetan jokatzen den Winter Series txapelketak. Estatu Batuetako azken pilotalekua itxi ostean, ETBren ekimenez sortu zen lehiaketa, telebistarako ikuskizun moduan eta publikorik gabe jokatzeko asmoz, astelehen arratsean jendea frontoira erakartzea zaila izango zelakoan.

«Aurreneko Winter Series-a egin genuenean ez zen sarrerarik jarri salgai, beldurra zegoelako 2.000 pertsona sartzen diren pilotaleku bat erdi hutsik egoteko. Baina aurreneko egunean jada 400 bat pertsona inguratu ziren. Galdezka hasi ziren batzuk ea sartzerik bazegoen, eta asko lagunak eta ezagunak zirenez, sartzen utzi zitzaien. Eta badakizu, gaur egun mugikorrekin berehala hasi zen zabaltzen kontua. Gero sarrera sinbolikoa jartzea erabaki zen, bost eurokoa, pentsatuz astelehena izanda bestela ez zela jendea etorriko. Eta begira orain, bonuak saltzen, prezio arruntak, pilotalekua beti beteta...», dio Narbartek.

«Azkenean lortu dugu Ameriketakoa itzaltzean hemengoa piztea. Geratzen ziren sugar apurtxo horiei haize apur bat ematea. Jende asko dago lehen aldiz zesta ikustera etortzen dena. Askok aipatzen dizute: ‘pelikula batean nagoela iruditzen zait’», gehitu du.

Baldintzak hobetzen

Unai Narbartek aitortzen duenez, zestak izan duen arrakastak asko aldatu ditu bere lan egiteko baldintzak -«nik txoko bat daukat pilotalekuan, lehen garagardo kaxa batzuen gainean hala moduz eta orain egokiago jarria, eta jende asko hurbiltzen da bertara»-, eta kalean ere nabaritzen du ETBk lehiaketari eman dion oihartzuna. Zentzu horretan, argi du “speaker” edo esatariaren figura horrek ibilbide bat eskaini dezakeela serio hartuz gero.

«Esku pilotakoak ere ibili ziren nire atzetik, baina nik ez dut nahi. Hemen bide bat dago, lanbide bat, eta beti diot interesa duenak proba egin dezakeela. Aintzat hartzen badugu Winter Series txapelketa denboraldiaren hasiera bezala, eta irailean jokatu zirela Jai Alai League lehiaketaren finalak, urtean 50 saio baino gehiago egin ditut. Lan bat da, eta horrela hartu behar da. Hasieran, adibidez, gogoratzen naiz Gernikakoa apur bat zabaltzen joan ginela: Mutriku, Gasteiz... Baina ez zegoen dirurik, eta azkenean nik aitite zaintzeko norbait kontratatzea frontoian ateratzen nuena baino gehiago kostatzen zitzaidan. Ondo pasatzen dut, gustatzen zait, baina ordu asko dira. Mutrikura joateko, adibidez, soinu teknikariekin bazkalostean geratu, kafea hartu eta lanera: hara joan, material guztia deskargatu, muntatu, probak egin... Gero frontoian musika jartzen hasi, ateak zabaldu, zerbait afaldu, bi partidak egin, azken tragoa hartu, dena jaso... Goizeko ordu bietan edo hiruretan etxera, basurdeak ikusiz Munitibar aldean. Azkenean, 12 ordu egon naiz etxetik kanpo, zaintzaile bat ordaindu behar, asteburua ezin lasai gozatu... Eta horregatik erabaki nuen apur bat mugatzea», dio.

Hala ere, haurren artean zesta berriz ere indartzen ari dela ikusteak asko betetzen du. «Ni oso harrobi zalea naiz. Entrenatzaile eta formatzaile moduan oso argi daukat gaztetxoek erreferenteak behar dituztela. Pilotariek erantzukizun bat dute alde horretatik eta hamar bat merezi dute. Goiko bera, bat aipatzearren, txapela kentzekoa da. Beti hartzen du jendea, argazkiak atera, kasu egin... Zorte handia daukagu».

 

Gorka Etxabe: «Nik klubarekin dudan harremana ‘speaker’-a izatetik harago doa»

Futbol zelai handietan ere ohikoa da “speaker”-aren figura, eta badira ibilbide luzea egin duten zenbait profesional. Horietako bat da Gorka Etxabe, Mendizorrotzako ahots -eta orain aurpegi- ezaguna.

«Nire hastapenetan suertatu zen dena. Deportivo Alavesetik gerturatu ziren behin Radio Vitoriara, esatari baten beharra zeukatela esanez. Bereziki bi hizkuntzetan, euskaraz eta gaztelaniaz, ongi moldatuko zen norbait behar zutela. Eta horrela hasi nintzen. Egia esaten badizut, ez dakit ziur zenbat urte igaro diren, 27 edo 28 direla esango nuke», gogoratu du Etxabek.

Ia 30 urteko ibilbidean, Etxabek oso gertutik ezagutu du ofizioaren eraldaketa. «Garai batean informatzaile hutsak ginen, eta gaur egun ikuskizunaren parte gara. Gaur egun futbol zelai batera zoazenean, edo beste edozein zuzeneko kirol saio batera, esperientzia bat bizitzera zoaz. Baina garai batean ez zen horrela. Gure eginbeharra informatzaile hutsarena zen, eta gainera Euskadin oso ‘sobrioak’ gara zentzu horretan. Esango nuke zelai batzuetan oraindik ere hala direla, edo hala garela. Gu saiatzen gara berritzen, zalea Mendizorrotzara datorrenean esperientzia bat biziarazten, eta batez ere jendea eroso sentiarazten. Hasieratik, partida hasi baino ordubete lehenagotik, amaitu arte, ondorenean ere esaten ditugulako gauza pare bat. Azken batean klubak daukan beste erreminta bat da ikuskizuna borobiltzeko».

Gorka Etxabe, Mendizorrotzako berdegunean (Josu IZARRA)

Eta eraldaketa horretan aurrerapen teknologikoek zer ikusi handia izan dute. «Gurera argiarena oraindik ez da iritsi, estadio zaharra da eta berritu arte ez dugu horrelakorik izango. Baina besteak bai. Bi pantaila erraldoi daude, pantaila horietara zuzeneko seinalea bidaltzeko aukera dago... Aurten, adibidez, kamera aurreko batekin egiten dugu aurkezpena. Hau da, nik orain artean nire kabinatik egiten nuen aurkezpena, baina aurten ez. Aurten mikroa eskuan eta kamera aurrean, nire aurpegia bi pantaila erraldoietan ikusten dela aurkezten ditut partidak. Sarrera egiten dut, kanpoko taldearen aurkezpena, epaileena eta etxeko taldearena. Aldatzen doa dena. DJa ere hasiera-hasieratik sartu dugu aurten. Partida hasi aurretik, ordu erdi edo 40 minutu lehenagotik, DJa egoten da estadioa berotzen. Gero, irudiak zuzenean eskaintzen ditugu, publizitatea dago, gero ni sartzen naiz zelaitik kamera aurreko hori egiten... Erabat aldatu da», onartu du Gorka Etxabek, talde lanaren garrantzia goraipatuz: «Ni Mendizorrotzan bakarrik lan egitetik taldean lan egitera pasatu naiz. Gaur egun, horrelako zuzeneko batean bost edo sei pertsona ari gara lanean: bi kamera, titulatzaile bat, errealizadore bat, DJa eta ni neu. Sei pertsona ari gara partida batean esperientzia hori eskaintzen zaleei».

Harreman berezia

Futbolak mugitzen duen jendetza ezin da beste kirolekin alderatu, baina hor ere badira desberdintasunak. Gorka Etxabek, adibidez, Lehen Mailan ezagutu du Alaves, bi final handi jokatzen -UEFAkoa 2001ean eta Kopakoa 2017an-, baina baita Bigarren B Mailan ere. «Lehen Mailan egonda 20.000 pertsona etortzen dira Mendizorrotzara bi astetik behin; Bigarren B mailan egonda 7.000 edo 7.500 etortzen ziren. Asko da, edozein modutan, baina estadioa ez zen betetzen. Gure lana berdina da, motibazioak ere berdina izan beharko luke, baina klubaren apustua, Lehen Mailan egonda, handiagoa da».

Hainbeste urtetan, harreman berezia sortu da Etxabe eta klubeko jendearen artean, eta Arteman komunikazio agentziako kide moduan Manu Garcia eta Gaizka Toquerori buruzko dokumentalak zuzendu ditu. «Konfiantzazko harreman batetik sortutako proiektuak dira. Manu Garciarena harreman estu batetik dator. Berak Alavesen egin dituen urte guztietan ni hor egon naiz, eta harremana geneukan. Bera gasteiztarra da, ni ez, ni aretxabaletarra, baina Gasteizen asko bizi izan dut eta asko egon gara. Gaizkarekin gutxixeago, denbora gutxiago egon zelako, baina berarekin ere sortu zen harremana. Nik klubarekin dudan harremana ‘speaker’-a izatetik harago doa. Esango dizut ni hasi nintzenean ez neukala familiarik, eta orain hiru seme dauzkat, eta hirurak dira Alaveseko “forofo”, zale eta bazkide».

 

Aitor Elduaien: «‘Speaker’ on batek aurretik lan ikaragarria izaten du etxean»

Kirol ekitaldietan “speaker” lanetan asko aritutakoa da Aitor Elduaien, eta maiz pilota edo futbolarekin alderatuz beste ezaugarri batzuk dituzten probetan, mendi lasterketak edo triatloiak, esaterako. Hala ere, aipatzen duenez, lehen urratsak ez zituen kirol munduan eman.

«Jende aurreko lan hauek gehiago egin nituen hasieran kultura ekitaldietan kirol ekitaldietan baino. Tolosarra naiz, eta Tolosan kultur eskaintza handia da. Hor hasi nintzen 17-18 urterekin muturra sartzen, eta batean eta bestean ikusita beti zegoen norbait esaten zidana ‘etor hadi, hik balio duk eta’. Hori hasten da zaletasuna bihurtzen, zaletasuna izatetik profesio izatera ere pasa behar duela konturatzen zara, dedikazio handia eskatzen duelako, eta oraintxe da garaia 30 bat urte daramatzadana horrelako kontuetan. Garai batzuetan intentsitate handiagoarekin, beste batzuetan gutxixeagorekin, baina fakturatuz eta urte osoan zehar», dio Mendi Film jaialdi ezagunean prentsa arloaz arduratzen den komunikatzaile gipuzkoarrak.

Kirol ekitaldiei dagokienez, lehen kezka kirolariaren ikuspegitik datorrela dio. «Kirolaria ere banaizenez, noizbehinka dortsala jartzen duena, lehen gogoeta hortik etortzen da: ‘Niri kirolari bezala zer informazio jasotzea gustatzen zait?’».

«Hortik abiatuta, lehen helburua da kirol ekitaldi baten animatzailea izatea. Bigarrena da ekitaldi horren informatzailea izatea. Horrek esan nahi du alde batetik kirolariei beharrezko informazioa helaraztea, askotan lasaigarriak eta argigarriak izaten direnak ongi eta zehatz helaraztea, eta bestetik, antolakuntzaren bozgorailua izatea. Eta hirugarrena, kirol ekitaldi hori jendeari ulertaraztea, bertaratu diren guztiei gertatzen ari dena transmititzea», zerrendatu du.

Aitor Elduaien Mendi Film jaialdi ospetsuan prentsa kontuez arduratzen da (Monika DEL VALLE / FOKU)

Zentzu horretan, hainbat urtez irratian egin zuen esatari lanetik harago doa komunikazio prozesua: «Horrekin guztiarekin saltsa bat egitea litzateke, eta alde horretatik bai desberdinduko nuke irrati esatari baten lanetik. Irrati esataria gehiago da bereziki informatzailea, eta ekitaldi horren transmisioa egiten duena, noski bakoitzak erabakitzen duen tonuan. Kale mailan dabilen ‘speaker’-a askoz gehiago da: animatzaile lana egiten duena, musikarekin maiz, eta horrekin batera momentuan oso garrantzitsua den informazioa behar bezala helarazten duena».

Helmugan dagoenari

Esan bezala, mendi lasterketa, triatloi, ziklismo edo atletismoko iraupen probek badute ezaugarri propio bat futbol, saskibaloi edo pilota partidekin alderatuz. Kasu gehienetan -hori ere aldatzen ari den arren- helmugan dagoen pertsonak ez du kirol proba bere osotasunean ikusten, eta horrek balio gehigarri bat ematen dio esatari lanetan dabilen profesionalari.

«Irudimenetik apur bat tiraka, eta filibusterismotik ere bai, jendea goian edukitzea», izaten da helburua, Elduaienek umorez aitortzen duen moduan. «Bertan dagoen jendeak pentsa dezala ‘joño, horrek nonbaitetik informazioa ateratzen dik’. Maiz tokatu izan da ikusten ez duzun hori nolabait imajinatu eta, gezurrik esan gabe noski, emozio edo espektatiba hori saltzea, lehia handia dagoela eta ikuskizun ederra izaten ari dela transmititzea, laster jendea dagoen helmuga, plaza edo dena delako horretara helduko dena. Egia da antolakuntzetan ia beti egoten dela barne informazio sare bat. Nahiz eta irudietan ikusi ez, probaren nondik norakoa jakiteko datu batzuk izaten dituzu, eta horien interpretazioa izaten da mikrora eramaten duguna», gehitu du, serioago jarriz.

Baina hori ere aldatzen ari da. «Zuzeneko streaming-ak gero eta gehiago egiten dira, gero eta eskuragarriago dago teknologia hori, eta horrek dakar ‘speaker’-a asmatzaile izatetik narratzaile izatera pasatzea. Leku askotan jartzen dira pantaila erraldoiak, eta jendeak ikusten duena kontatu behar du. Hor bai gera daitekeela ‘speaker’-a salduta, berak dioenak bat etorri behar duelako jendeak ikusten duenarekin, eta horretarako lehen eskuko informazioa eduki behar da. Hor ez du balio esateak ‘ikusten dugu kirolari bat, ematen du hau dela...’ Publikoko ia edonork arazorik gabe ezagutuko duen atleta esatariak ere ezagutu behar du, eta hor handicap bat dago. Era berean, bizigarri bat ere bada, profesional ona izatera behartzen zaituelako. Hau ez da bakarrik egunean joan, mikroa piztu, musika apur bat jarri eta bi kontu esanez apur bat girotzea kontua. Ez, ez. ‘Speaker’ on batek aurretik lan ikaragarria izaten du etxean egin beharrekoa: informazioa jaso, eguneratuta egon, atletak zertan dabiltzan ikusi, zer ibilbide egin duten...»

Garrantzia eta erantzukizuna

Elduaienek ere argi ikusi du urteotan “speaker”-ari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola kirol ekitaldietan, «ulertu delako osagarri oso garrantzitsua dela antolakuntza batek duen helburu nagusi horretarako, publikoa erakartzeko; eta publiko hori goxatuta eta girotuta edukitzea ‘speaker’ baten esku dagoela askotan».

Era berean, “speaker” profesionalak erantzukizun handia du, antolakuntza gehienak amateurrak direla jakinda. «Antolakuntza amateur batean, ordainduta han azaldu den ‘speaker’-a norbait pribilegiatua da, inguruan dauzkan ia pertsona guztiak beren borondatez dabiltzalako lanean, ez egunean bakarrik, baita aurreko aste eta hilabeteetan ere. Kontziente izan behar duzu egun handia iristean haiek egindako lan hori borobiltzeko erantzukizun handia daukazula, eta alde horretatik, enpatia asko sentitzen da antolatzaileekin».