Manex Altuna

Lucuk garaipenik gabe utzi du Aviron Bordelen eta Biarritz kinka larrian dago

Uztartze-erdilari lapurtarrak Bordelen azken entsegua lortu zuen eta Avironik etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du (24-23). Biarritz, aldiz, jaitsiera postuetatik atera ezinik dago beste porrot bat jaso ondoren Agileran (8-23).

Maxime Lucu lapurtarrak egin zuen Bordelen azken entsegua.
Maxime Lucu lapurtarrak egin zuen Bordelen azken entsegua. (Romain PERROCHEAU | AFP)

Baionako Avironek eskura izan zuen Bordelen denboraldiko lehen garaipena etxetik kanpo, baina Maxime Lucu lapurtarrak saririk gabe utzi zituen.

Bagetek lortutako entseguarekin eta Camille Lopez jaurtitzailearen puntuekin 17-23 irabazten jarri ziren partida amaitzeko ordu laurden bat geratzen zenean. Bordeleko Begles taldeak ez zuen etsi eta azken minutuetan Maxime Lucu lapurtarrak egindako entsegu baten ostean markagailua irauli zuen. Frantziako selekzioarekin aritzen den uztartze-erdilariak garaipena kendu zien baionarrei azken minutuetan.

Galdu arren, bonus puntu bat lortu zuen Avironek eta Top 14ko sailkapenaren erdialdean kokatuta daude. Ez dute etxetik kanpo partidarik irabazi eta atzeko postuak play-off kanporaketak jokatzekoak baino gertuago dituzte.

Bestalde, kinka larrian dagoena Biarritz da. Entrenatzaile aldaketak ezta urte berriak ez du emaitzetan eraginik izan. Berriro galdu zuten Agileran Brive taldearen aurka (8-23) eta sailkapeneko azken aurreko postuan daude lehen itzuliaren amaieran. Hondoratzea ekidin eta Pro D2 mailan jarraitzeko ahalik eta azkarren hasi behar dira puntuak pilatzen. Bi puntutara daukate maila mantentzeko postua eta hamaikara geratzen dira igoera play-offak.

Hego Euskal Herrian hurrengo asteburuan abiatuko dira berriro txapelketak eta Ordiziak puntuak pilatzen hasi beharko du Pozueloren zelaian Ohorezko Mailako azken postutik ihes egiteko. Eibar ere azken postuan dago emakumezkoen lehiaketan.