Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Binakako txapelketa «luzeena» zirrara eragiten ari da

Abenduaren 16an abiatu eta apirilaren 21era bitarte, Euskal Herriko zenbait pilotalekutan jokatuko da Ados Pilotak antolaturiko Binakako txapelketa, inoizko «luzeena». «Ados Pilotan gauden pilotarientzat zirraragarria da», adierazi dio NAIZi Maite Ruiz de Larramendi Mujika pilotariak.

Ados Pilotaren Binakako txapelketa Antzuolan aurkeztu zuten, finala jokatuko den pilotalekuan. Maite Ruiz de Larramendi, eskuinetik hasita, zutik, bosgarrena.
Ados Pilotaren Binakako txapelketa Antzuolan aurkeztu zuten, finala jokatuko den pilotalekuan. Maite Ruiz de Larramendi, eskuinetik hasita, zutik, bosgarrena. (ADOS PILOTA)

Harrera ona izan du txapelketak, bai publikoaren aldetik, bai eta pilotarien aldetik ere». Jada Binakako txapelketako sei jaialdi jokatu dira –orotara, 8 partida– eta, espero zitekeen bezala, berdintasuna nagusi da, nahiz eta Iturregi-Orbegozo bikotea koska bat gorago kokatu den, hiru partida jokatu eta hiruak irabazita. «Hasi besterik ez da egin eta faboritoez hitz egitea ausartegia iruditzen zait», onartu dio NAIZi Maite Ruiz de Larramendi Mujikak. Amaren abizena bizkarrean duela jokatzen ari da Binakakoa, praka zuriak jantziko dituen azken urtean, 43 urteko pilota ibilbideari amaiera emango baitio beasaindarrak.

Hain zuzen ere, inoizko txapelketarik «luzeena» izango da Ados Pilota elkarteak antolatu duen Binakakoa. 58 partida jokatuko dira guztira, 30 pilotaleku ezberdinetan. «Gizonek jokatzen duten antzera, joan eta etorriko partidak izango ditu, eta elkartea osatzen dugun pilotarientzat zirraragarria da», iritzi du gipuzkoarrak. Zazpi bikotek osatzen dute lehen mailako txapelketa, eta bakoitzak 12 partida jokatu beharko ditu. Sailkapeneko lau onenek finalerdietara jauzi egingo dute –Iruñeko Labriten, apirilaren 7an, eta Biarritzeko Plaza Berrin, apirilaren 13an–. Bi bikote onenek Antzuolan neurtuko dituzte indarrak, final handian, apirilaren 21ean. Iaz, Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendi nagusitu ziren, finalean Goiuri Zabaleta eta Naroa Agirre mendean hartuta.  

Nerbioak dantzan, pilotalekuetara moldatu nahian, baita bikotera... Hasierako tximeletak askatzen joango dira txapelketak aurrera egin ahala, ziur da Maite Ruiz de Larramendi eta, beraz, askorako emango du, orain ongi hasi direnek txakalaldia izan dezaketelako eta beste batzuek atzetik aurrera egin ahal izango dutelako. Hori da lehiaketa honen xarma, hain zuzen ere. Hein handi batean, bikoteen arteko oreka bilatu dute, «bakan batzuk soilik nabarmendu ez dezaten».

Lau eta Erdiko txapeldunordea da Goiuri Zabaleta, bai eta iazko Binakako txapelketako txapeldunordea ere. (ADOS PILOTA)

Iturriaga-Orbegozo daude gorenean, «eta esan daiteke bikote indartsuena dela, defentsa zein eraso ona daukatelako». Zabaleta-Zabalaren aurka jokatu zuten igandean, Lizartzan, bikote bakoitza bina garaipenekin zegoela. Goiuri Zabaleta harrigarria izan zen Lau eta Erdiko finalera iritsita, 14 urterekin, eta Zabalaren laguntzarekin sasoiko hasi du Binakakoa ere. Ondoren, hiru bikote daude puntu bakarrarekin: Arrieta-Mujika, Ruiz de Infante-Galeano eta Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi. Punturik gabe daude beste bi bikote: «Barrocal eta Agirrek ondo jokatu dute, baina Sopuertako pilotalekuan zegoen hezetasunak apur bat baldintzatu zituen; eta gaur-gaurkoz Etxekolonea-Mendiburu da bikote ahulena, baina horrek ez du ezer esan nahi, oraindik asko geratzen baita». Igandean, Sunbillan, bederatzigarren dema jokatuko da, 11.30ean hasiko den jaialdian: Etxekolonea-Mendiburu eta Arrieta-R.L. Mujika, aurrez aurre.

Bidea urratzeko lanean

Pilotari beteranoena da Maite Ruiz de Larramendi, eta «ilusioz gainezka» ekin dio Binakako txapelketari. «Pilotalekuan dituzun sentsazioek bultzatzen zaituzte aurrera. Zentzu horretan, ongi moldatu gara, bai fisikoki, bai Arrietarekin bikote moduan ere». 14 urte zituela, esku huskan ibilbidea hautsi zitzaion, orduan neskek ez zeukatelako norekin jokatu. Orain, belaunaldi berrien ibilbidean oztopoak samurtzen joateko, Ados Pilotaren kudeaketan ere badihardu, Iera Agirrerekin batera. 2021ean egituratu zuten emakumezkoen pilotako lehen enpresa eta denboraldi osoko lan kontratua eskaintzen die. Egun, 13 pilotari daude klubean.

Gorriz, Iera Agirre Iturriaga, Ados Pilotaren sustatzaileetako bat eta Binakako txapelketako liderra, Orbegozorekin batera. (ADOS PILOTA)

Ahalegin handia eskatzen du, baina pilotari dioten maitasunetik abiatzen dira: «Kirol guztietan urratsak egiten ari dira, eta pilotan ere beharrezkoa ikusten genuen. Merezi duen bidea urratu behar da. Horretarako lan egiten dugu, berdintasuna lortzeko». Zirkuitu propioa eratu dute, eta kontziente da zentzu askotan Emakumeen Mastercup-en itzalean daudela. «Pena» sentitzen du beasaindarrak. baina ziurtatzen du: «Gu lan egitekoak gara, poliki-poliki aurrerantz egitekoak».

Orain lehen lerroan dauden pilotari asko oso gazteak direla-eta, Ruiz de Larramendik dio «etorkizun» bat ikusten dutela, pilotari ibilbidea luzatu daitekeela: «Nire iloba Olatzek 21 urte ditu, 6 urte zituela hasi zen eta ni baino ibilbide luzeagoa erdietsi du esku huskan. Goiuri Zabaletak 14 urte besterik ez ditu, txikitatik hasi zen eta inork ez dio hegaldia ebatsi».

Bi pilota eskola ditu Ados Pilotak Nafarroan eta beste bat Gipuzkoan, 8 eta 16 urte bitarteko neskekin. Harrobia badagoela adierazi du, «baina lantzen jarraitu behar da». Lanketa horretan, Promozioko txapelketa ere ondu dute, lau bikoterekin.