Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Tortura aitortu eta erreparatzeko bitartekoak eskatu dituzte Joxe Arregi oroitzeko ekitaldian

Tortura, «sekula zigortu gabeko krimen sistematikoa», aitortzeko eta erreparatzeko bitarteko gehiago eta azkarragoak aldarrikatu dituzte Zizurkilen, Joxe Arregiren heriotzaren 43. urteurreneko ekitaldian.

Lorez apaindu dute Joxe Arregiren oroimena gordetzen duen harria.
Lorez apaindu dute Joxe Arregiren oroimena gordetzen duen harria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Joxe Arregiren gorputz ubelduaren irudiak ez du inoiz ikusi duenaren burutik ihes egiten. Haren oinak, Xose Lois Fernando Gonzalez GRAPOko preso ohiari «sumendi baten kraterra» begitantzen zitzaizkionak, nekezak dira ahazten. Kartzelan pasarazi zioten tormentuak deskribatzeko erabili zuen esaldi laburra ez da ahanzturara iraungitzen. «Oso latza izan da», esan zuen. Eta hil egin zen.

Memoria egiteko, baina, ez da aski shockaren oroitzapena gordetzearekin. Memoria partekatu, eraiki eta erabili egiten da, 43 urte geroago, zerbait berriro gertatzea nahi ez duen herri baten ziurtasuna atxiki dezan. Horregatik, urteurrenero bezala, Egiari Zor-ek Joxe Arregiri gertatutakoaren memoria bizitu du Zizurkilen igande honetan, bere jaioterrian, hil arte torturatu zutela 43 urte bete berri direnean.

Arregiren kasua, bere krudeltasun eta zorigaiztoko amaieragatik, enblematikoa da, nahiz eta, berez, milaka kasuren artean bakarra den; zehazki, 5.379en artean. Euskal Herrian orain arte ofizialki dokumentatutako tortura-kasuak dira, Egiari Zor-ek antolatutako ekitaldian gogoratu duenez. Gehiago direla badakite, hala ere; hasteko, Estatu espainiarrean torturatu dituzten Ipar Euskal Herriko herritarrak falta dira zenbaketan. «Denok dakigu torturaren benetako dimentsioak zenbaki horiek gainditzen dituela eta zenbaki batzuen haratago eragina izaten jarraitzen duela», nabarmendu dute.

Kasu horiek guztiek erakusten dute «sekula zigortu gabeko krimen sistematiko baten aurrean gaudela, urte luzez aurrera eraman dena Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren komisaldegietan», esan dute.

«Inpunitatez» jardun dute azken hamarkadetan «kolore» guztietako poliziek, edozein izan dela ere haien gainean gobernatu duen alderdi politikoa, salatu dutenez. Eta inpunitate hori indarrean dago gaur ere, izan ere, «ez da alderdi politikorik, ez gobernurik, ez Estatuko zein euskal erakunderik, eragindako kaltea onartzeko adierazpenik egin duenik», gaitzetsi dute.

Inpunitatearekin amaitzeko bidea, beraien ustez, Kriminologiaren Euskal Institutuak ondu zuen txostenetik hel daiteke. «Guk inolako zalantzarik gabe diogu txostenean agertzen den erradiografia gordinak akuilu izan behar duela torturaren eragin osoarekin amaitzeko, eta horrek bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen du», aldarrikatu dute.

Asko dago egiteko, hala ere, torturaren aitortza eta erreparazioaren bidean. Eta lehentasunezko neurri batzuk zerrendatu ditu Egiari Zorrek: torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegitea, atxiloaldi inkomunikatuaren erregimena bertan behera uztea; parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratzea eta bizirik suertatu ziren torturatuen banakako eta taldeko konponketa integralerako baliabideak martxan jartzea, besteak beste.

Tortura kasuak ofizialki aitortzeko legezko menakismoak emaitzak ematen ari direla adierazi dute, baina prozesu hau «motelegia» izaten ari dela uste dute: «Azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin, baliabideak jarri behar dira».

Parte hartzeko gonbidapena

Bertsoz hasi dute ekitaldia, «erredurak, ubelduak/ ageri zitun gorpuak/ Guardia Zibilen kuartelan/ forma dauka infernuak, kantatuz. Joxe Arregiren eta gainontzeko milaka torturatuen memoria gordetzen duen oroitarria krabelinez aipainduta utzi dute.

Hala ere, ez dute aipatu gabe utzi pasa den asteartean, torturaren aurkako egunean eta Joxe Arregiren heriotzaren urteurrenean, Bilbon aurkeztu zen Euskal Herriko Torturatuen talde sustatzailea. «Torturatuok elkarrekin marraztu nahi dugun aitortzaren eta erreparazioaren bidean elkartu, babestu eta eragile aktibo bilakatzeko eta gure hausnarketatik abiatuta agenda, bide-orria eta aldarrikapen propioak marrazteko asmoa du», adierazi dute.

Hori dela eta, Zizurkildik deia luzatu diote torturak jasan duen herritar orori, egitasmo horretan parte hartzeko.