NAIZ

Soldadutzarako intsumisio kanpainaren 35. urteurrenean, garaiko aldarriak oraindik bizirik

Otsailaren 20a soldadutzarako intsumisio kanpainaren eta ordezko prestazio sozialaren hasieraren 35. urteurrena da. Hori dela eta, Bilboko kuartel militarraren parean elkarretaratzea egin du Berri Otxoakek, urtemuga gogoratu eta «gerra gatazkak konpontzeko modua» ez dela aldarrikatzeko.

Bilboko Kuartel Militarraren parean elkartu dira garaian intsumitutako zenbait ekintzaile.
Bilboko Kuartel Militarraren parean elkartu dira garaian intsumitutako zenbait ekintzaile. (Berri Otxoak)

1989ko otsailean, espainiar Estatuko hainbat gobernu militarren aurrean lehenengo 57 intsumisoak aurkeztu ziren. Astearte goiz honetan, 35 urte beranduago, Bilboko kuartel militarraren aurrean aurkeztu dira desobedientzia zibileko ekimen hartan parte hartu zuten zenbait herritar Berri Otxoak eragileak deituta. Bertan garaian aldarrikatzen zutenak gaurkotasun bizia duela adierazi dute, «gerrari eta ejerzitoei ez» eta «gastu militarraren kontra» izan dira aldarrikapen nagusiak.

1989ko otsailean hasi eta 2001eko abenduaren 31n bukatu zen protesta hau, egun horretan Derrigorrezko Zerbitzu Militarra bertan behera utzi baitzuten. Hainbat datu gogoratu dituzte bertaratutakoek: «12 urte horietan espainiar Estatuko 25.000 gazte inguru intsumituak deklaratu ziren, horietatik 12.000 inguru Euskal Herrikoak».

Elkarretaratzean aipatu dute soldadutzarekin amaitzea lortu zutela, baina «antimilitarismoa zabaltzea» izan zela beraien «garaipenik handiena eta helburu nagusia».

Gerraren eta gastu militarren aurka

Gerrari eta ejerzitoei ezezkoa eman diote ekintzaileek, hiru ideia zehatz azpimarratuz: «Gerra ez da inoiz izan gatazkak konpontzeko modua; populazio zibila beti izan da helburu militarretarako erabilia; eta izan ditugun ondorio bakarrak tiro-guneak, koartel eta eraikin militarrak, armagintza eta maniobra militarrak izan dira».

Gastu militarraren kontra ere zorrotz mintzatu dira: «Segurtasunaren aitzakiaz, gero eta gastu militar handiagoa pairatzen ari gara. Horrek beste gizarte beharrei aurre egiteko diru nahikorik ez egotea suposatzen du». Eta gaineratu dute, aipaturiko politiken filosofian «etekin handienak» armagintzak ateratzen dituela.

Bestetik, nazioarteko harremanetan «aldaketa sakon baten beharra» ere izan dute aipagai. «Sudaneko eta Ukrainako gerrak, eta Palestinako herriaren genozidioak erakusten digute egungo mundu ordena guztiz bidegabea dela eta aldaketa erradikalak eskatzen dituela maila sozial, ekonomiko eta politikoan».

Munduaren antolaketan ondorioen pare bat datu ere mahaigaineratu dituzte: 841 milioi pertsona gosetea jasaten ari dira, eta 1.000 milioik ez du etxebizitza duinik.

Azkenik, gaineratu dute politika xenofoboak eta gizartearen estigmatizazioa bultzatu eta migrazioa kriminalizatzen dutela egungo politikek.