NAIZ

Bidasoa Irunek bigarren posturako lehiatik kanpo utzi nahi du Logroño behin betiko

Sailkapenean bigarren diren irundarrek talde errioxarra jasoko dute igande honetan (20.00). Aurkaria laugarren da, zortzi puntura, eta etxekoen garaipen batek asko aldenduko luke Logroño.

Xoan Ledo atezaina Artalekura bueltatuko da, orain Logroñorekin.
Xoan Ledo atezaina Artalekura bueltatuko da, orain Logroñorekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Duela aste batzuk Bidasoa Irunek denboraldiko helburua aldatu behar izan zuen. Barça liderraren etxean galdu eta Asobal Ligako txapeldun izatearen ideia alde batera utzi behar izan zuten gipuzkoarrek. Koparako tartetxoa oraindik izango da, baina Ligari dagokionez, bigarren postuari eutsi nahi diote Jacobo Cuetarak gidatzen dituen jokalariek. Eta igande honetan lehenengo koxka dute Logroñoren aurka Artalekun (20.00).

Momentu honetan zortzi puntuko aldea dago bi taldeen artean. Mundu bat dirudi, eta gainera errioxarrek Barçaren aurka jokatu behar dute oraindik. Beraz, irundarrek irabaziz gero, beraien eta Granollersen arteko lehia bat bezala geldituko litzateke bigarren posturako lehia.

Hala ere, Cuetararen taldea ezin da fidatu. Logroñok –Xoan Ledo Bidasoako atezain ohia fitxatu du– Bidasoa garaitu du denboraldi honetan. Abenduan izan zen, Irunen ospatu zen Espainiako Kopan, finalerdietan kanporatuz. Ligan, Granollersek eta Barçak bakarrik garaitu dute maila bikaina eskaintzen ari den Bidasoa. Bigarren geratzeak sari potoloa izango du: EHF European Leagueko multzo faserako sailkapena.

Gipuzkoarrak oso momentu onean datoz, Bathco Torrelavega eta Valladoliden aurka garaipenak eskuratu eta gero. Azken honen aurka Rodrigo Salinas txiletarra postara bueltatu zen eta, Asier Nieto eta Pedro Pacheco brasildarrarekin batera, onenetarikoa izan zen.

Igande honetako neurketarako Dariel Garcia kubatarra duda da, azken jardunaldian baja izan baitzen.