Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Areto biografiko, dokumentazio zentro eta biltegi berriak ditu Balenciaga Museoak

Hilabetez itxita egon ondoren, ostiral honetan zabaldu da Balenciaga Museo eraldatua.  Jostunaren biografia ardatz duen aretoa du orain museoak, baita dokumentazio zentroa eta biltegi berriak ere. Bildumaren bisitan koherentzia bilatzen duen ibilbide berria diseinatu da.

Ostiral honetan museoan egindako bisitaldiaren une bat.
Ostiral honetan museoan egindako bisitaldiaren une bat. (BALENCIAGA MUSEOA )

Hilabetez ateak itxita egon ondoren ostiral honetan zabaldu da Balenciaga Museo eraldatua. Batetik, erakusketa iraunkor berria atondu dute arduradunek, bestetik orain arteko espazio berean edukiak aldatu dira –honek diskurtsoa berria ekarri du– eta azkenik, biltegi berriak egin dituzte, gero eta oparoagoa den bilduma jasotzeko.

2023an proba pilotu bat egin ondoren, jendeak museoa bisitatzeko duen modua berriz diseinatu da, ibilbideak sinplifikatu eta bisitarientzat intuitiboagoak, arinagoak, irisgarriagoak eta egokiagoak bihurtze aldera. Aldi berean, argiago geratu da zer lotura dagoen eduki iraunkorren eta aldi baterakoen artean, eta gure bildumarekin zuzenean lotutako edukien eta beste eduki osagarri batzuen artean; hala, errazago ulertzen da eremuaren antolaketa orokorra», argitu du Miren Vives, museoaren zuzendariak.

Bertan izan dira Haritz Alberdi, Getariako alkatea; Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia; eta Bingen Zupiria, Lakuako Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere. 

Ibilbidea

Cristobal Balenciagaren biografiari lotutako aretoak egiten dio ongietorria bisitariari. Bertan jostunaren objektu pertsonalak –elastiko urdin bat, lan-tresnak, familiako argazkiak, soinekoen zirriborroak…–, berari buruz argitaratutako lehen aldizkaria (‘La Esfera’), enpresari lotutakoak –bezeroen fakturak–, Donostiako eta Pariseko saloiak  –modeloek diseinu berriak erakusten zizkieten bezeroei–. Askotarikoa da bildutako materiala. Baita merkaturatu zituen lurrinak ere.

Pixkanaka, ia oharkabean, Balenciagaren unibertsoan sartuko da bisitaria. Lau aretoetan barna ‘Balenciaga. Izaera’ seriearen hirugarren eta azken erakusketa ikus daiteke.

Modaren historian mugarri izan diren hainbat une nabarmendu dira. Emakumearen siluetan eragin zituen aldaketak. ‘Upel’ lerroa, ‘Zaku’ deitutakoa… «Emakumearen gorputza ez zuen markatzen, abstrakzioa zen», esan du Igor Uriak, museoko bilduma zuzendaria hedabideoi eskainitako bisitan.

Zer da Balenciaga? Nola jakin soineko jakin bat Balenciagak egina dela? Galdera hauek erantzuten saiatu da ibilbide berria. Denera 90 lan esanguratsutan oinarrituta kanpotik zein barrutik getariar jostunaren sorkuntzek dituzten ezaugarrien berri ematen du erakusketak. «Gorputzaren lengoaia kontuan du, emakumearen jarrera», azaldu du Uriak. Globo formako diseinuak sortu zituen, esaterako.

«Hiru ardatz ditu ‘Balenciaga’ batek: kanpoko silueta, gorputza, eta bien artean dagoen airea», zehaztu du.

Beste jostunek ez bezala, emakumea ez zuen arroparen barruan lotuta senti zedin nahi. Erosotasuna eta dotorezia eman nahi zien emakumeei. Horretarako, gerria, maukak eta bizkarra nola landu zituen ikus daiteke. «Gerria estutu eta maukak handitzen zituen», azpimarratu du.

Gaueko soinekoez gain, egunerokotasunean bere bezeroek janzten zituzten trajeak ere ikus daitezke. Eta bisita osatuz, soinekoen ‘aldamioak’ ere ikus daitezke, barrutik nola eginak dauden.  

Jostunari dion miresmena agertu du beste behin Uriak: «Soineko batzuk batere josturarik gabekoak dira, oihal bakarrarekin eginak. Miresgarria da», esan du.

Ondareari dagokionez, bilduma handitu eta dibertsifikatu egin da inauguratu zutenetik; hain zuzen ere, 5.100 erreferentzia ditu inbentariatuta gaur egun. Horien erdia, gutxi gorabehera, Parisko eta Estatu espainoleko Balenciaga etxeek sortutako jantziek osatzen dute, barne
hartuta bitxi eta osagarrien bildumak.

Biltegi berriak ikusteko aukera izan dugu gaur. Zehazki Lakuako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak doaitzan emandako arropak. «Publikoaren aurrean ikusgai egiten duen egun batengatik beste hiru pasa behar ditu soineko bakoitzak biltegian; pertsonak bezala nekatu egiten dira», argitu du Uriak bitxikerien artean.

Dokumentazio zentroa

Dokumentazio zentro berria ere badu museoak. Aldamar jauregiaren hirugarren solairuan ireki ditu ateak. Vivesen esanetan «barneko langileek eta kanpoko ikertzaileek erabiltzeko gune irisgarri eta hornitu bat izatea oso urrats garrantzitsua da museoak sareko lanean eta nazioarteko lankidetzan aurrera egiteko».

Museoaren argazki (1.500 erreferentzia), dokumentu (500 erreferentzia) eta zirriborroen (175 erreferentzia) artxiboak kontsultatu ahal izango dira dokumentazio zentroan; gainera, iaz Euskadiko Artxibo Historikoak erositako Riva funtseko 8.000 erreferentzia baino gehiago eta Getariako Udalaren Casa-Torres Artxibo Historikoa gordeko dira bertan.

Dokumentazio zentroaren gune eta baliabide berrietan oinarrituta, indartu egingo dira gaur egungo ikerketa, sorkuntza eta teknifikazio programak.

Chillida

Martxoaren 22tik aurrera, seigarren aretoa zabalduko da, ‘Chillida/ Balenciaga. Tolesten forma’ aldi baterako erakusketarekin. Bi sortzaileen berrogei obratik gora bilduko ditu. Chillidaren Mendeurrenaren testuinguruan antolatutako erakusketak Eduardo Chillida Fundazioaren eta Pilar Belzunceren laguntza izan du, baita beste zenbait bilduma pribaturena ere.

Modu honetan Getariako museoak bat egin du Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunarekin. Donostiar eskultorea izan zen Balenciagaren omenezko obraren egilea, eta gaur egungo museoaren oinarriko Fundazioaren patronatuko lehen kideetako bat izan zen.

Goi-mailako lurringintza

Maiatzean, berriz, goi mailako lurringintzari buruzko aldi baterako erakusketa proposamen bat gauzatuko da. Agerian jarriko du zer eginkizun izan zuten Balenciaga etxeak eta garai hartako beste maison batzuek hasiberria zen negozio-lerro horren garapenean. Erakusketak bi bilduma pribatu garrantzitsu ditu oinarri, eta Osmothèqque frantsesaren laguntza du. Aldamar Jauregiko aldi baterako hiru aretoetan aurkeztuko da, eta halaxe osatuko da bisitaren ibilbidea.

Horrez gain, Museoak Balenciagari eta haren lanari buruzko ikerketa sustatzea helburua izanik, jostunari buruzko Nazioarteko Biltzarraren bigarren edizioa antolatu du, eta 2025eko urriaren 1etik 3ra egingo da museoan bertan.

Cristobal Balenciaga Fundazioak 2024rako onartutako gastu-aurrekontua 2.200.000 eurokoa da. Gastu hori Museoaren jarduerak berak sortutako diru-sarrerekin (%41) eta patronatua osatzen duten erakunde publikoen ekarpenekin (%59) finantzatzen da.