Jon Ormazabal

Eutsi eta hautsi, Jose Javier Zabaletak bertan du bere Binakako seigarren finala

Artola oso on batek eta Imaz sendo batek oso bideratuta izan dute garaipena 17-14 aurreratu direnean, baina azkenerako etxarrendarra atzean nagusitu eta partida irauli du, behetik gora egin duen Peio Etxeberria batekin.

Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta garaipena ospatzen.
Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta garaipena ospatzen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Izango zituen partida distiratsuagoak agian, pilotakadaka aurkariak lehertutako horietakoak, baina bere 33. urtebetetzearen biharamunean beste erakustaldi bat emanda, bere seigarren Binakako finalaren atarian da Jose Javier Zabaleta. Bilbon Altuna-Martija Jaka-Mariezkurrenari irabazteko gai badira, igandean bertan lortuko lukete etxarrendarrak eta Peio Etxeberriak Nafarroa Arenarako txartela igandean bertan, ostantzean, astebete itxaron behar izango lukete. Horretarako, atzelari nafarrak beste partida handi bat jokatu du, lehen zati luzean Artolaren sasoiari eta sotamanoari eutsiz eta, indarrak agortzen hasi direnean partidaren agintea hartu eta alegiarra eta Ander Imaz hautsiz gero.

Pronostikoetan ageri ez zen oreka eta berdintasun batekin hasi da partida, seinako berdinketara arte markagailuan bost berdinketa ere izan direlarik. Aspeko bikoteak hasieratik aurkariek aukeratutako pilotekin jokatzearen aldeko apustua egin dute eta honek gauzak dezente zaildu dizkie, batez ere Jose Javier Zabaletak ezin izan duelako beregan espero zitekeen nagusitasunik izan atzeko koadroetan. Gauzak horrela lehen hiru tantoak ikaragarri gogorrak eta luzeak suertatu dira eta partida mota horretan Iñaki Artola izan da erosoen sentitu den pilotaria, lanari muzin egin gabe, errematean asko asmatuz.

Peio Etxeberriak ere, Gasteizen erakutsitako bidetik ekin nahi izan dio lehiari, erasoan protagonismoa bilatuz, baina gaurkoan ez du horrenbesteko eraginkortasunik izan eta zalantza askoz gehiago erakutsi ditu, tantoa amaitzeko zailtasun handiagoekin eta taktikoki ere, erabakirik onenak hartu gabe.

Seinakako berdinketatik aurrera, ordea, Iñaki Artolak partidaren erritmoa lortu du, hein handi batean bere sotamanoarekin Jose Javier Zabaleta behartzeko gai izan delako. Pilota zekenarekin, txintxarria partidaren erritmoa jartzeko gai izan da eta sake-errematearekin ere min eginda, alde politak lortu dituzte gipuzkoarrek, lehen atsedenaldi luzera lau tantoren aldearekin iristeko (12-8).

Aldageletatik bueltan, huts handi xamarrak trukatu dituzte bi bikoteek, baina erritmo aldaketa horrek mesede handiagoa egin die Aspeko nafarrei. Pilota biziagoekin, pixkanaka Jose Javier Zabaleta atzean agintzen hasi da eta, gogorrak izanda ere, Artola-Imaz etxarrendarraren pilotakaden zama sumatzen hasi dira.

Bi takadatan izan bada ere, urdinak bigarren atsedenaldira tanto bat aurretik sartzea lortu dute Zabaletak atzean egindako tanto baten ostean eta hortik aurrera Baikokoei ezinezkoa egin zaie etxarrendarraren sasoiari eustea. Partida beretzat oso gogorra izan den arren, fisikoki oso indartsu amaitu du, bere aurrelariari ere jokoan sartzeko aukerak sortu dizkio eta ultzamarrak ere partida erdi aldera baino gehiago lagundu dionez, partidak, eta finalerako txartel erdiak baino gehiagok, ez die ihes egin.

FITXA TEKNIKOA:

Artola-Imaz: 17

Peio Etxeberria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 698. Iraupena: 82,53 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-4, 5-4, 5-5, 6-5, 11-5, 11-8, 12-8, 12-11, 14-11, 14-14, 17-14, 17-22 . Sakeak: 1 Artolak eta 0 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 9 Artolak, 1 Imazek, 9 Peio Etxeberriak eta 2 Zabaletak. Galdutakoak: 7 Artolak, 4 Imazek, 4 Peio Etxeberriak eta 3 Zabaletak. Gorabeherak: Labriteko sarreara guztiak agortu ziren berriz ere eta giro ederra egon zen harmailetan. Lehen sakea gorri.

Larrazabal-Eskiroz, B seriekoan finalista

Txapelketa aurkeztu zenean faborito nagusiak ziren eta, lehen ligaxkan bi lehenengoetan sartzerik izan ez zuten arren, Iker Larrazabal eta Iosu Eskiroz, egungo Promozio mailako txapeldunak, B-seriea izena hartu duen txapelketako finalean izango dira, ostiralean Zumarragan Egiguren V.a-Eskuzari 22-11 irabazita lehen jardunaldiko bikote irabazleen arteko deman. Jaialdiko bigarren partidan, lehen jardunaldian 22ra heltzerik izan ez zutenen arteko deman ere Baikoko bikotea, Agirre-Iztueta erraz nagusitu ziren De la Fuente-Bikularen aurrean (22-6) eta gauzak asko argitu dira.

Ostiralean Aretan, Laudion, bi partida jokatuko dira baina sailkapenari begira bakarrak izango du garrantzirik; Asier Agirre-Iztueta eta Egiguren V.a-Eskuzaren artean nagusitzen den bikoteak jokatuko du finala Larrazabal-Eskirozen aurka eta De la Fuente-Bikuñak ez dute inolako aukerarik aurrera egiteko.