Arnaitz Gorriti

Markus Howarden hiruko errekor eta guztirekin irabazi dio Baskoniak Granadari (104-88)

Eskola estatubatuarrak 37 puntu sartu ditu, tartean 10 hiruko gauzatuta, bere garaian Stonbergas eta Teletovicek ezarritako 9ko langa gaindituz. Taldeak berak urrutiko jaurtiketei esker arazorik gabe irabazi du, andaluziarrek lan duina egin arren erasoko errebotean sortu dituzten buruko minengatik.

Markus Howardek foko guztiak beregana erakarri ditu.
Markus Howardek foko guztiak beregana erakarri ditu. (A. BOUZO | ACB PHOTO)

SASKI BASKONIA 104 - COVIRAN GRANADA 88

Abiada bizian, arrapalada betean jokatu du Saski Baskoniak Granadaren aurka jokatu duen norgehiagoka. Hirtukoz hiruko lortu du ACB Ligako hamalaugarren garaipena talde gasteiztarrak eta alde nabarmena izan badu ere, eta partidak hanka egiteko arriskurik ia sekula ere ikusi ez arren, uste baino lan handiagoa eman dio talde andaluziarrak arabarrari.

Alabaina, ordainetan Markus Howarden errekorra ere bizi izan da larunbat honetan. Joan zen asteburuan Bartzelonaren aurka erdietsitako 37 puntuak berdindu ditu oraingoan ere, baina honako honetan 10 hiruko saskiratu ostean –14 ahaleginen ondoren–; hau da, Saski Baskonian hiruko gehien sartu zituzten Teletovic eta Stonbergasen 9 hirukoen langa gainditu du estatubatuarrak. Ez da, nolanahi, ACBko jokalari baten markarik handioena, Bartzelonan ari zela Jacob Pullen antolatzaileak 12 sartu baitzituen behin.

Markus Howarden erakustaldiaz gain, gasteiztarrek oro har 6,75 metroko marraz atzetik egundoko txikizioa eragin diote Granadari. Orotara 33 ahaleginetik 19 sartu dituzte Dusko Ivanovicenek. Hala ere, Granadak duintasun osoz eutsi die 40 minutuei. Erasoan 15 errebote harrapatu dituzte eta 10 puntu edo gehiago sei jokalarik saskiratu dute. Hala, Howarden 37 puntuez gain, Monekeren 20 puntuak ere ezinbestekoak izan dira partida izerdi hotzik gabe aurrera ateratzeko.

Bestalde, aspaldiko partez Chris Chiozzak, otsailaren 9tik jokatzeke, eta Joseba Kerejetak ere tarterik izan dute kantxan eta, txarrena bera ere, Chima Monekek ezkerreko orkatila okertu izana, itxura baten ez da hainbesterako izan.

Gordetzekorik gabe

Dusko Ivanovicentzat ez dago partida errazik, eta hargatik ez du gerorako ezertxo ere utzi. Armani Milanoren aurka atera zuen hasierako bosteko berbera atera du Montenegrokoak eta erasoan bederen, Euroligan ere sinatzeko moduko aurreneko laurdena egin du. Markus Hiowardek 12 puntu saskiratu ditu aurreneko hamar minutuetan eta zortzi, bestalde, Vanja Marinkovicek.

Defensa, nolanahi, beste kontu bat izan da. Bereziki Maik Kotsar oso despistatuta hasi da eta estoniarra kontzentrazioz gainezka ez dabilenean jokalari oso arrunta da. Cristiano Felicio pibot brasildarrak egundoko mina eman dio uztaipean eta, oro har, Granadak, atzetik joan arren ia beti, Baskoniaren martxa jarraitu ahal izan du, aurreneko laurdenaren emaitza 27-21 izan bada ere. Defentsako errebotea zaintzen larregi sufritu dute gasteiztarrek eta, trukean, hiruko jaurtiketetan sekulako egunarekin abiatu dute partida.

Bigarren laurdenean ere lepo beretik eraman dute Ivanovicenek burua. Izan ere, atsedenaldira iristerako 10 hiruko gauzatu dituzte gasteiztarrek –13 ahaleginen ostean– eta hala ere ezin izan dute partida mila puska egin. Berdin izan dio Chima Monekek 10 puntu sartu izana laurden honetan edo Cody Miller-McIntyrek Wiley Granadako pibotako ezarri dion txapel ikusgarria Andaluziarrek erasoko erreboteasren bitartez eutsi diote Baskoniaren eraso festari eta Lluis Costa, Kramer, Wiley eta Valtonenen puntuei esker, partidari eustea erdietsi dute Pablo Pinen mutilek. Hala, markagailua 52-44 dela joan dira talde biak aldageletara, eta zalantza bakarra geratu da airean: bi taldeetako zeinek hobetu behar zuen bere defentsako lana bigarren erdian.

Errekorra eta ikuskizuna

Granada 3-7ko partziala sartuta kantxaratu da hirugarren laurdenean, baina Saski Baskoniak hirukoak saskiratu beharrak ez du etenik izan. 9-3ko partzialarekin erantzun du talde gasteiztarrak eta, bada, 64-54 ihes egin duelako, Granadak hutsartea eskatu behar izan du. Era berean, Zurbaora hurbilduriko 8.874 zaleek arnasa hartzeko aukera ere izan dute, hainbeste hirukorekin noiz itoko geratu baitira.

Orotara 25-16 izan da hirugarren laurdeneko partziala eta markagailua 77-60 geratu da azken hamar minutuak jokatzen hasteko. Ondorioz, 100 puntuen langa gainditzea eta Howardek Teletovic eta Stonbergasekin berdindu edo hauek gainditzerik izango ote zuen bihurtu da azken laurden horretan argitu beharreko inkognita.

Granadak ez de besorik jaitsi eta ondorioz, akaso nahi baino atseden txikiagoa eman die Dusko Ivanovicek bere jokalariei. Salbuespenak Marinkovic eta Cody Miller-McIntyre izan dira, Dani Diez eta Chiozzaren lan txukunari esker. Bestalde, Howardek hamargarren hirukoa sartu eta gero ere atsedenerako tartea izan du eta Monekek, orkatilan izan duen bihurritua gauza handirik ez dela izan aztertu ostean, zaleen berotasuna jasotzera kantxara itzuli da berriz ere.

Defentsako lanak finago egin beharko dituzte gasteiztarrek astean zehar, batez ere martitzenean Partizanen kantxan. Bien bitartean, hiruko festak on egin die, igandean Joventutek Miribillan kale egingo balu, honekin zortzigarren postuan berdinduko lukeelako.

FITXA TEKNIKOA

BASKONIA: Cody Miller-McIntyre (7), Markus Howard (37), Vanja Marinkovic (8), Radas Sedekerskis (5) eta Maik Kotsar (2) –hasierako bostekoa–, Dani Díez (11), Chima Moneke (20), Matt Costello (12), Chris Chiozza (2), Jordan Theodore, Sander Raieste eta Joseba Kerejeta.

GRANADA: Costa (11), Cheatham (10), Felicio (7), Kramer (18) eta Pere Tomas –hasierako bostekoa–, Jonathan Rousselle (12), Dime (4), Valtonen (11), Diaz (2), Wiley (12), Martinez (2) eta Iriarte.

Epaileak: Serrano, Gonzalez eta Martinez Silla. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 27-21, 25-23, 25-16, 27-28.

Gorabeherak: Nikos Rogkavopoulos ez da jokatzeko moduan izan, birus baten erruz. Hamar hiruko sartuta, errekorra egin du Markus Howardek. Chima Monekek ezkerreko orkatila okertu du eta aldageletara joan behar izan da.