Iraitz Mateo

Kilometro guztien lekuko, Korrikako lekukoa, Remigio Mendiburuk sortu eta Juan Gorritik hobetua

1980an sortu zen Korrikako lekukoa, eta edizio horretan bertan estreinatu zen, gorabeheraren bat tarteko. Kilometro gehien pilatzen dituen protagonista da zalantzarik gabe, baina berak ere izan du urteetan zehar bilakaerarik.

Korrikako lekukoa.
Korrikako lekukoa. (Jagoba Manterola | FOKU)

Ikurrina distiratsu bat darama, 36 zentrimetro luze eta hiru eta erdi zabal ditu. 719 egunez hartzen du atseden, eta 11 egunez hogeita lau orduz dabil martxan. Hamaika egunez 2.300 kilometro inguru. Milaka pertsonen izerdi, malko, min eta ametsak pilatzen dituen pagozko egurrean. Ezaugarri horiek ditu Korrikako kilometro gehien egiten dituen protagonistaren fitxak, lekukoak hain zuzen ere.

Lekukorik gabe ez legoke Korrikarik, berak daramalako herriz herri helmugan eramango den mezua, eta bera delako eskuz esku herritar guztiak bateratzen dituena. Baina izan zen buruhausterik bere sorreran. Remigio Mendiburu artistak diseiinatu eta egin zuen 1980an, Juan Gorriti eskultorea izan zuen hasieratik konplize eta bidelagun.

Remigio Mendibururi egin zioten enkargua eta almeriza (baratxuria txikitzeko morteroa) hartu zuen eskutan, «gure historian, gure baserriaren lekukoa zelako»

Gorritik behin baino gehiagotan kontatu izan du nola abiatu zen lekukoaren abentura: «Etxera etorri zen eta esan zidan: ‘AEKkoek lekuko bat egitea enkargatu didate’. Almeriza - baratxuria txikitzeko morteroa- eskuan hartu eta esan nion: ‘Hau gure munduan, gure historian, gure baserriaren lekuko bat da’». Horixe eraman zuen, eta inspirazioa aurkitu zuelakoan lekukoa egin zuen.

1980tik 1988 bitarte erabili zen lekuko hori, ordea. Eta ordutik aurrera, Gorritik egindako kopia da eskuz esku dabilena. Aldaketa batzuk egin zizkion Gorritik. Lehenengo lekukoa pagoarekin zegoen egina, baina pagoak nekez ezkutatzen du denboraren joana eta horregatik, makina bat aldiz konpondu behar izan zuten alanbraz eta zintaz. Horregatik erabaki zuen Gorritik haritzarekin egitea, duela 1.500 urteko ezpalarekin egin zuen.

Juan Gorriti. (Foku)


Gorritik bazuen beste «obsesio txiki bat». Lehenengo lekukoak ez zuen mezua sartzeko haririk edo erroskarik, eta bere beldurra mila eskutatik igaro ostean ireki eta galtzea zen. «Erroska izan behar zuen, ez kilometro batean, ez bitan inork ez irekitzeko modukoa, sekula sekulorum ez irekitzeko», esan eta egin, eta ongi itxita geratuko zela ziurtatzeko Lizarrako lagun batengana joan zen.

 

«Obsesio txiki bat» zuen Gorritik, lekukoa «inork ez irekitzeko modukoa izatea, ‘sekula sekulorum’»

Kezkatuta egoteko bazuen motiborik Gorritik. Izan ere, 1980ko azaroan, lehenengo Korrikan, mezurik gabe iritsi zen Bilbora Korrika, Rikardo Arregik 1966an idatzitako gutuna zeraman barruan, eta kopia bazuten ere momentuan inprobisatzea tokatu zitzaien irakurri zutenei; bigarren edizioan irakurri zen Arregiren mezua.

Badago inor gutxik dakien beste kuriositate bat ere, hasieran, lekukoak ez zuen ikurrinik. Lehenengo edizioan ikurrinarik gabe abiatu zen, baina Tuterara iristerakoan norbaitek jarri zion, eta orduz geroztik beti izan du.

Korrikako lehen lekukoa, San Telmo museoan.

Zazpigarren Korrikan lekukoaren egilea izan zen omendua, Mendiburu bera, «sortzailea Remigio da, nik mejoratu egin dut», aipatu zuen Gorritik berak ere. Gaur egun, San Telmo museoko erakusketa iraunkorra dago Korrikako lehen lekukoa, ‘Modernitatearen hasiera’ deritzon atalean.