Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Osakidetza «berriz zutik jartzeko», programa integrala aurkeztuko du EH Bilduk Gasteizen

Pello Otxandiano astelehen honetan nabarmendu duenez, EH Bilduk Osakidetza «zutik jartzea» jarri du helburu, eta Iñigo Urkulluren agintaldian «degradazioa» jasan duen zerbitzuari buruzko plan integrala aurkeztuko du asteazken honetan Gasteizko Artium Museoan.

Pello Otxandiano, EH Bilduko egoitzan egin duten prentsaurrekoan.
Pello Otxandiano, EH Bilduko egoitzan egin duten prentsaurrekoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Milaka pertsona bildu dira asteburuan EAEko hiriburuetan, Osakidetzak bizi duen «desegite eta pribatizazioarekin» amaitzea eskatzeko. Osasun publikoaren eta kalitatearen aldeko «anbizio nazional» horren aurrean, EH Bilduk iragarri du asteazken honetan Osakidetzari buruzko «plan integrala» aurkeztuko duela Gasteizko Artium museoan.

Pello Otxandianok Donostian eskainitako prentsaurrekoan, EH Bilduko lehendakarigaiak koalizio subiranistak azken asteetan mahai gainean irakurketa politikoa jarri duela nabarmendu du, liburu forma hartu zuena. «Bertan zer norabide hartu behar genuen, zer motatako erregenerazio politikoa behar dugun eta herri honek behar duen politikagintza zehaztu genuen», gogoratu du.

Orain, EH Bildu «proposamen zehatzetara» pasa behar dela azpimarratu du Otxandianok. «Osakidetza da herri honek azkenaldian izan duen bilakaeraren adibide paradigmatiko bat, nola kalitate altuko zerbitzu publiko bat degradatu den, eta nola daukagun osasun sistema bat arazo larriekin, herritarrei kalitatezko osasun zerbitzu bat bermatzeko gai ez dena», adierazi du.

EH Bilduren ustez, Osakidetza «herri honek izan beharreko erregenerazioaren paradigma» izan behar da, eta, zentzu horretan, «guk konpromisoa hartzen dugu Osakidetza berriz zutik jartzeko, eta horretarako programa integral bat behar dugu», hain zuzen ere, Gasteizko Artium Museoam asteazken honetan aurkeztuko dutena.

«Osasun publikoaren defentsan» interesa duten profesional eta pertsona guztiei asteazkenean EH Bilduren Arabako hiriburuko aurkezpenera joateko deia egin ostean, Otxandianok azpimarratu du «herrialde honen anbizio nazionala kalitatezko osasun sistema publikoa bermatzeko gai izatea» dela.

Gainera, Osakidetzak langile eta kontratazio politikarekin «planifikazio eta kudeaketa falta arazo bat» duela uste du, eta hori, bere ustez, ez da covid-19aren pandemiaren ondorioa, baizik eta «larriagotu» egin den «egoera estruktural» baten ondorioa.

Hala, «pandemiak sistema tenkatu du, baina Osakidetzaren egoerak ez du zerikusirik pandemiarekin», izan ere, «ez da fenomeno kausal bat», baizik eta «kudeaketa jakin baten ondorio diren egiturazko faktoreen ondorio». Horregatik, «Osakidetzaren egoeraren erantzukizun politikoak onartu» behar direla uste du.

Itxaropen mezua

Apirilaren 21eko EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira EH Bilduk gorantz jarraitzen duela dioten azken inkesten inguruan galdetuta, Otxandianok esan du ez daudela galdeketen eta inkesten zain, eta «lasaitasun, baikortasun eta itxaropen mezua» helarazi du, bere ustez, «atzera bueltarik ez duen ziklo politiko berri bat irekitzen ari delako».

«Jakina, ziklo berri bat irekitzearen zeinu bat ezker subiranistaren gorakada da», adierazi du, eta gaineratu du EH Bildu «oso bideratuta» dagoela «une honetan behar diren konponbideak planteatzera».

Testuinguru horretan, «herri honetan politika publiko aurrerakoiagoetan aurrera egiteko eta subiranotasun handiagoa lortzeko dagoen agindu demokratikoa» goraipatu du.