Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Behatokia: «Eguneroko oztopoen aurrean, herritarrek euskara erabiltzeari uko egiten diote»

2023an, 987 intzidentzia jaso ziren guztira Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Emaitzen txostena aurkeztu du astearte honetan Behatokiak eta arloz arlo salatu ditu herritarrek jasotzen dituzten oinarrizko zerbitzuetan euskara erabiltzeko dauden oztopoak.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikaria, Iruñeko Kondestable jauregian.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikaria, Iruñeko Kondestable jauregian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2023 txostena aurkeztu du astearte honetan Iruñeko Kondestable Jauregian, iazko urtean Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko eman diren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen dituena. Txostenaren aurkezpenean izan diren Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikariak euskararen «gutxiagotutako izaera» betikotzeko arriskua salatu dute.

Nabarmendu dutenez, arlo guztietan daude zerbitzuak euskaraz jasotzeko zailtasunak. Herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen du egoera horrek: eguneroko oztopo eta ezinen aurrean, euskara erabiltzeari uko egiten diote herritar askok, zerbitzua berme guztiekin jaso ahal izateko.

«Euskararen lurraldea zeharkatzen ari den Korrikaren bidez erakundeei aurrerapausoak eskatzen zaizkien honetan, herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela. Azken hamar urteetan errepikatzen diren urraketa eta muga berdinekin jarraitzen dugu», nabarmendu du Gaubekak.

Hala, muga horiei irtenbidea eman beharrean, euskaldunen hizkuntza eskubideak parametro berdinetan kokatzen jarraitzen direla baloratu du, hau da, euskararen bigarren mailako izaera eta hizkuntza eskubideen eta gutxiagotutako hizkuntzekiko berdintasun eza.

Izan ere, herritarrek jasotzen dituzten oinarrizko zerbitzu eta jardueretan euskara erabiltzeko dauden ezintasunak edo oztopoek egunerokoan euskararen aldeko hizkuntza hautua egiteko nola baldintzatzen den erakusten dute 2023an jasotako hainbat kasuk.

Jakina da Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan zein Trebiñu eta Turtzioz-Villaverden euskarak duen estatus eta aitortza ezak «erabakiak edo hizkuntza politikarekiko neurri zuzentzaileak hartzea oztopatzen duela», adierazi dute, eta ondorioz euskaraz zerbitzuak jaso, ikasi, lan egin edo kontsumitzea herritar eta eragile batzuen borondate eta determinazioaren gain geratzen dela, «baina beti ere ziurgabetasun eta babes nahikorik gabe».

Hala ere, euskarak nolabaiteko estatusa duen gainerako eremuetan, 2023an jaso diren intzidentziek hizkuntza eskubideen bermearekiko neurri eraginkor falta erakusten dute, Behatokiaren arabera. «Euskarak lurralde batzuetan estatus ofiziala izan arren eta herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea bermatua izan beharko luketen arren, euskara ezagutzen ez dutenek markatzen dute bermea norainokoa izan behar den», adierazi du Gaubekak.

«Eremu publiko zein pribatuan eskubideak egikaritzeko betebeharretan ez da aurrerapauso edo salto kualitatiborik ematen eta horrek antzeko egoerak behin eta berriz erreproduzitzea ekartzen du», gaineratu du.

Eskubide urraketen lagin bat

Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. 2023an, guztira 987 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Intzidentzia hauetatik guztietatik, 909 kexak, 49 zoriontzek eta 29 kontsulta, iradokizun edo bestelakoek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea.

Aurreko urtean jasotako kexen jaitsiera txiki bat egon den arren, Petriatik datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri du enfasia: «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela. Izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe».

Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori: «Herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan».

Egoera eremuz eremu

Gobernu espainolak eskaitzen dituen zerbitzuetan, Behatokiak antzeman du ahozkoan, telefonoz edo idatzizko izapideetan, euskara erabiltzeko zailtasunak «izugarriak» direla. Hainbat iragarki kanpaina eta euskarri asko oraindik gaztelaniaz daude, eta euskaraz gaitu diren webguneetan «traketsa» da euskaren erabilera.

Estatu frantseseko administrazioetan, ordea, «aitortza eta estatus ezak euskara erabili edo euskarazko informazioa jasotzeko ezintasunak eragiten ditu», salatu dute.

Osasungintzari dagokionez, «lehen arretan edo administrazio guneetan euskarazko zerbitzuak ez dira behar bezala bermatzen eta euskaraz lan egiteko oraindik mugak edo baldintzatzeak daude». EAEn, Osakidetzako zerbitzuetan hizkuntza hautua egiteko aukera dagoen arren, horrek hainbat osasun etxe edo espezialitatetan bermerik eskaintzen ez dutela salatu dute. Osasunbidean, aldiz, idatzizko harremana soilik eskatu daiteke euskaraz Nafarroa osoan, baina euskarazko osasun arretarik bermatzeko ez da beharrezko neurri koiunturalik hartzen.

Bestalde, segurtasun indar guztiekin arazoak daudela azpimarratu du Behatokiak. «Polizia nazionalarekin, euskarak ez nauka lekurik, eta Ertzaintza eta Foruzaingoekin ere zailtasunak denetarikoak dira, protokoloak  dauden arren», gehitu dute. Foruzaingoan, adibidez, soilik agenteen %2ak du euskaraz jakiteko beharra.

Hezkuntzan, euskarazko eskaintza urriagoa izaten da eta hainbat baliabide oraindik ez daude euskaraz. «Batik bat Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan euskararen irakaskuntza zabaltzeko azken urteetako oztopo berdinekin jarraitzen da, milaka haur eta gazteri euskara ikasteko eskubidea urratuz», salatu du Behatokiak.

Aisia, kultura eta kirolari dagokionez, euskarazko eskaintza askoz urriagoa dela adierazi dute. «Kezkatzekoa da adin batetik aurrera gazteek euskararen ezagutza izan arren, erabaki ezberdinen bidez, erdaraz kontsumitzera edo aisiarako jarduerak erdaraz egitera bultzatzen zaiela», esan dute.

Bestalde, baliabide eta inbertsio falta dago, eta zinemek eta streaming plataforma handiek euskarazko eskaintza egiteko dituzten betebeharrak lantzen ez direla kritikatu dute.

Justizian ere hizkuntza eskubideen urraketak sistematikoak direla uste du Behatokiak. Zerbitzu pribatuei dagokionean, ordea, «borondatearen esku uzten da enpresa eta establezimenduek beraien zerbitzuak euskaraz eskaintzea edo euskaraz kontsumitzeko aukera ematea, eta horrek herritarrak erdaraz kontsumitu behar izatea eragiten du».

Neurrien aurkako jarrerak

Behatokiak nabarmendu du 2023an hizkuntza eskubideen bermean aurreratzeko neurrien kontrako erabaki eta jarrerek urte osoan zehar izan zutela presentzia. Auzitegietatik eratorritako sententziez harago –Udal Legea eta garapen dekretuaren aurkakoak, hizkuntza- eskakizunak baliogabetu dituztenak eta abar–, hizkuntza politikan hartzen ez diren neurriek zein emandako atzerapausoek –EAEko Kontsumitzaileen legea, Nafarroako udal ordenantzetan emandakoak...– herritarren eskubideak eta euskaraz bizitzeko hautua behar besteko lege babesik gabe uzten dutela nabarmendu du.

Izan ere, euskaraz bizitzea jendarte berdinzale eta bidezkoago baten oinarrietako bat izan beharko lukeen arren, «eskubidea dena eskaintza-eskaria merkatuaren parametroetara» eramaten dela adierazi dute.

«Beraz, euskara gutxiagotutako hizkuntza den heinean, ekitate neurrien printzipioak aplikatu beharrean, gutxiagotutako izaera hori betikotzeko planteamenduak egiten jarraitu zen 2023an ere», azpimarratu dute.