Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nora Al Matrooshi, ilargira eta haratago joateko prest

NASAren entrenamendu programan graduatu den lehenengo emakume arabiarra da Nora Al Matrhooshi, Arabiar Emirerri Batuetako gaztea. “The Flies” izeneko taldeko kide da orain, eta prest dago edozein momentutan Nazioarteko Espazio Estaziora, Ilargira, edo areago, Martera ere joateko.

Houstongo Johnson Espazio Zentroan martxoaren 5ean «The Flies» taldeko astronauta berriak aurkezteko egindako zeremonia.
Houstongo Johnson Espazio Zentroan martxoaren 5ean «The Flies» taldeko astronauta berriak aurkezteko egindako zeremonia. (Mark FELIX | AFP)

Gizateria inoiz izan den lekuetatik haratago eraman nahi dut. Gizateria Ilargira itzul dadin nahi dut, eta gizateria Ilargitik haratago joan dadin nahi dut». Anbizio handiak ditu Nora Al Matrooshik, baina, handiak izanagatik ere, egingarriak. NASAren (National Aeronautics and Space Administration) entrenamendu programan graduatu da berriki Arabiar Emirerri Batuetako gaztea, eta halakorik lortu duen lehenengo emakume arabiarra izatearen ohore berantiarra du.

1993an jaio zen Sarjan, Arabiar Emirerri Batuetan. Haurra zelarik piztu zitzaion espazioa ulertzeko eta izarrak behatzeko interes sutsua, irakasle batek ikasgelan Ilargirako bidaia bat simulatu zuenean, kontatzen duenez. «Gelako argiak itzalita zeuden, dena oihal gris batez estali zuen. Eta esan zigun Ilargiaren azalean geundela. Egun hori memorian iltzatuta geratu zitzaidan», gogoratu zuen AFP agentziarekin duela gutxi izandako elkarrizketan. Egiaz, astronauta izateko ametsak ume askoren burutik pasatzen dira, baina umezaroa bukatu bezain pronto iraungitzen, ameskeria bihurtzen. Al Matrooshiri ez zitzaion horrelakorik gertatu.

«Gogoan dut pentsatu nuela: hau harrigarria da, hau benetan egin nahi dut, Ilargiaren azalera iritsi nahi dut. Eta hor hasi zen guztia», esan zuen, Ilargirako bidaiaren simulazioa gogoan hartuta.

Zerura igotzeko ardura

Ingeniaritza mekanikoko ikasketak egin zituen 30 urteko emakume honek, eta 2016az geroztik petrolioaren industrian aritu izan da lanean, hodi-ingeniari gisa, Arabiar Emirerri Batuetako National Petroleum Construction Company delakoan. Ingeniari Mekanikoen Elkarte Estatubatuarreko kide ere bada.

Baina 2021eko apirilean, 27 urte zituela, haurtzarotik zekarren ametsera, eta izarretara, hurbilduko zuen albistea jaso zuen: Sheikh Mohammed bin Rashid presidenteordeak publikoki iragarri zuen sare sozialen bitartez Nora Al Matrooshi herrialdeko astronauten kidegoan sartzeko hautatu zutela, Mohammed Al Mulla herrikidearekin batera. «Nasa astronauta-programarekin entrenatzen hasiko dira berehala. Zorionak herriari. Beraiek izango dute Arabiar Emirerri Batuak zerura igotzeko ardura», adierazi zuen presidenteordeak X sare sozialean.

Ez zen erraza izan, 4.305 pertsona, 1.400 andrazko eta 2.905 gizon, aurkeztu baitziren soilik birentzako lekua zuen prozesura. Arabiar Emirerri Batuen eta NASAren arteko elkarlanari esker, NASAren promozio berriarekin bat egin zuten entrenamendu eta prestakuntza fasean, eta orain, Al Matrooshi eta Al Mulla astronautak dira ofizialki, AEBetako espazio-agentziako gainontzeko kideekin batera.

Houstongo (Estatu Batuak) Johnson Espazio Zentroan egindako zeremonian aurkeztu zituzten astronauta berriak, eta lanbide bakan horretako behargin izendatu. “The Flies” (Euliak, ingelesez) izena hartu du talde honek, eta kide diren hamabi profesionalak NASAren Nazioarteko Espazio Estaziora (EEI), Artemis misioetan Ilargira, eta, dena ondo bidean, Martera ere bidaiatzeko prest dira.

“The Flies” promozioko kideak 12.000 pertsonako jende-saldotik hautatutako euli bakanak dira. Gogor entrenatu dute bi urtez, besteak beste, espazioko ibilaldi simulatuak eginez, robotikan prestatuz eta espazio-estazioetako sistemak erabiliz.

«Hemen zaudete ohiz kanpokoak zaretelako», aitortu zien promozio berriko astronautei Jim Free NASAko administratzaileak. «Espazio-ontzi baten muturraren punta zorrotzean eseri eta zuen bizitza arriskatzeko eskatzen dizuegu, gure nazioak ezagutzen ez duena esploratzeko helburuan aurrera egin dezazuen», ohartarazi zien.

Promozioko kideak Houstonen aurkeztu zituzten egun berean, martxoaren 5ean, NASAk hurrengo astronauten promozioa aukeratzeko epea ireki zuen.

NASAk egindako hijab-a

Nora Almatrooshik hijaba erabiltzen du, eta, garrantzirik gabeko zehaztasuna dirudien arren, astronautentzat diseinatutako trajeek, ingeniari hau NASAra iritsi arte, ez zuten adatsa estaltzeko zapien erabilera aurreikusten. Beraz, plan bat ondu du NASAk, Al Matrooshik eskafandra eta barruko kaskoa, EMU (Extravehicular Mobility Unit) izenekoa, janzten eta eranzten dituenean, ezein momentutan, ez zaiola adatsik ikusiko bermatzeko.

Izan ere, EMU kaskoaren barrutik ezin da jantzi ohiko hijab-a, agentzia estatubatuarrak baimendutako material espezifikoak dituzten jantziak baino ezin baitira erabili espazioan. «Beraz, NASAko ingeniariek niretzat inprobisatutako hijab bat josi zuten nire ilea beti estalita egon dadin. Estimatzen dut hori nigatik egin izana», adierazi zion astronautak berri agentziari.

«Lehenengo» horiek

Aspaldi da Errusiak eta Estatu Batuek, espaziorako espediziotan liderrak, emakumeak ere izendatzen dituztela beraien plan espazialetan parte hartzeko. 26 urterekin, Valentina Tereshkova astronauta errusiarra izan zen espaziora iristen lehena, 1963ko ekainaren 16an. Vostok 6 izeneko ontzian 70 orduko hegaldia egin zuen, eta, Lurraren inguruan 48 bira egin ondoren, Tereshkova Kazakhstango herrixka batetik gertu lurreratu zen hiru egunera, ekainaren 19an.

Geroztik, emakume ugari igo dira espazio-ontzietara, tartean, Al Matrooshi bezalako «lehenengo» batzuk: Judith Resnik espaziora iritsi zen lehenengo emakume judua izan zen, eta Mae Jemison lehen andrazko afro-amerikarra, adibidez.

Bestalde, Al Matrooshi NASAn graduatu den lehenengo emakume arabiarra den arren, ez da lehenengoa izango espaziora iristen. Aurretik, izan dira espazioko misio pribatuetan parte hartu duen andrazko arabiarrak: Rayyanah Barnawi ikertzaile biomediko saudia Axiom Spacerekin Nazioarteko Espazio Estaziora joan zen, eta Sara Sabry ingeniari egiptoar-libanoarra 2022 Blue Origin hegaldian izan zen.

«Lehenengo» izate horri ez dio garrantzi gehiegi ematen Al Matrooshik. «Astronauta izatera iristea zaila dela uste dut, zure erlijioa edo jatorria edozein dela ere. Beraz, ez dut uste musulmana izateak zailago egingo zuenik», agertu zuen honen inguruan.

«Baina musulmana izateak nire arbasoen eta nire aurretik izarrak aztertzen aritu diren zientzialari jakintsuen ekarpenez jabetzen lagundu dit. Orain astronauta bihurtzea duela milaka eta milaka urte hasi ziren ondare horren gainean eraikitzea besterik ez da», esan zuen.