Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Ireki atea, mamuak aterako badira ere

Urtarrilean galdu genuen eta, geroztik, egongelako apalean daukagu bere egur-lanetako bat. Ez dakit eskailera bat den, iheserako bide-edo, auskalo. Esango nuke berak ere zalantza zuela ziurtasun bakarra. Atetxo bat du; irekita badago, beldur naiz ea mamuak aterako diren bertatik; itxita dagoenean, ez dut ikusten, eta horrek ikara handiagoa ematen du.

Txoriak, arrainak eta hostoak entzuteko gai zen; munduak, berriz, ez zuen bera ulertzen. Aldats gora bizi zen eta gazte gastatu zen. Zeinen zaila, zein zailduak gertuen izan zituenak. Eta, aldi berean, miresteraino harro. Zaila da esplikatzen, eta erraza ulertzen, halakorik bizi duenarentzat.

Ez dakit Ertzaintzaren operazio batean hil zen Eneko Valdesen eta bere ingurukoen esperientzia horrelakoa izan ote zen. Atentzioa eman zidan senideek nabarmentzea soilik noizbehinka hartzen zituela drogak, jatorra zela, kirolaria... Gero ulertu nuen: hil dena drogazale gisa, «zoro» modura, gaizkile bezala, irakurtzen badu jendeak, hilkutxak gutxiago pisatzen du eta errazago dute arduradunek gertatutakoa lurperatzen. Baina agertu zirenak ez ziren trafikoko ertzainak eta herritarren eskubideak ez dira gidabaimeneko puntuak: ez litzateke egon behar akituko dituen arau-hausterik.

Berez, ez genuke Astigarragan gertatu zenaren berri izango, otsailaren 2tik pasa den astera arte bezala, Valdesen gertukoek komunikabideetara jo ez balute. Nahiago izan balute doluari min gehiago ez erantsi. Larria da horrelako heriotza bat ezkutatzea, ukatzea Ertzaintzaren zaintzapean gertatu zela, eta larritu beharko ginateke edozein dela ere argazkietan ubelduta agertzen den pertsona.

Valdesen hurrekoak ari dira eskatzen zabal dezatela atea, nahiago dute ezkaratz horretan 40 minutuz ugaldu ziren mamuak askatu daitezen, Erkorekak giltzaz itxi duen iluntasunera itsutu baino.
Buruko osasunak arreta gehiago eta estigma gutxiago behar du. Drogak arriskutsuak dira. Ertzaintza ere bai.