NAIZ IRRATIA
Entrevista
Estitxu Garai eta Mireia Epelde
Euskal Herria Baterako kidea

«Puntu amankomunak indartu behar ditugu Aberri Egun bateratua lortzeko»

Aberri Egunaren bezperan, larunbatean, Euskal Herria Baterak ekitaldia antolatu du Bilboko Campos Eliseos antzokian. Estitxu Garaik eta Maria Epeldek ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Estitxu Garai eta Maria Epelde, Euskal Herria Batera ekimenaren agerraldian.
Estitxu Garai eta Maria Epelde, Euskal Herria Batera ekimenaren agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Larunbatean, Aberri Egunaren bezperan eta iaz egin bezala, Euskal Herria Baterak ekitaldia egingo du Bilboko Campos Eliseos Antzokian berriz ere euskal eragile politiko eta sozial guztien Aberri Egun bateratu gisa. Adierazpena irakurriko dute Estitxu Garaik eta Iñaki Goirizelaiak. Bilboko Udaleko jarduneko alkate den Amaia Arregik harrera egin die bertan bilduko diren abertzaleei. Dantza ikuskizuna ere egingo da eta Bilbo Gazte Orkestraren kideak arituko dira.

«Batera lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean. Batera gure nazioaren erabakimen gaitasuna sakondu dadin. Nazioak nazio izango badira, besteak beste, euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugu», adierazi zuen Mireia Epelde txirrindulari ohiak ekimenaren aurkezpenean.

¿Nolakoa izango da Campos Eliseos antzokian antolatuko duzuen ekitaldia?

Mireia Epelde: Jon Maiaren gidoipean osatutako ekitaldi antzeztua izango da, nazioa egunerokoan azalduko duena. Baina oraindik azkeneko detaileak zehazteko daude.

Estitxu Garai: Ekimen polita izango da aurtengoa, nazio errelato bat eta etorkizunerako asmo bat irudikatuko delako. Teatralizatua izango da eta ikuskizun moduan ere erakargarria izatea espero dugu.

Euskal Herria nazio gisa berrezteko eta euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko baliatu nahi duzue Aberri Eguna. Honek, noski, alderdi politikoen konpromisoa ere eskatzen du, baina, gaur gaurkoz, ez dago giro ona euskal alderdien artean...

M.E.: Bai, baina larunbatean egingo dugun ekitaldiari alde positiboak ikusi nahi dizkiogu, eta pentsatzen dugu horrelako ekitaldi batean denek parte hartzen badute eta baten batek ez badu nahi, kanpoan geratzen den bakarra izan daitekeela. Horrek, hauteskunde kanpainaren aurrean arazoak sortu ahal dizkio. Horregatik, testuingurua baliatu nahi dugu eta denek parte hartuko dutela uste dugu.

E.G.: Aurreko urteetan bezala, Euskal Herria Batera ekimenak duen asmoa borondate horiek jostea da eta orain arte egon ez den espazio komun hori eratzea. Horregatik gonbitea egiten diegu urtero alderdi politiko guztiei. Uste dut, urtez-urte, bagoazela parte-hartzea zabaltzen eta alderdien konpromisoa ere irmotzen ari dela.

Zuen ustez, zein da, gaur egun, Aberri Egunean batasuna oztopatzen duen arrazoi nagusia?

M.E.: Azkenean alderdi politiko bakoitzak bere interes propioak ditu eta horiek defendatzen ditu. Denon arteko espazio komun bat dago, baina bakoitzak ere bere espazioa du eta azken aldian espazio indibidual horretara tiraka ari dira, eta horrek, Aberri Eguna bakoitzak bere aldetik ospatzera bultzatzen du. Baina guk uste dugu denok batera indarra egin ezkero gauzak errazagoak izan daitezkeela.

E.G.: Orain hauteskunde giroan gaude eta oso nabarmena da nola askotan azpimarratu behar den zer den ezberdintzen gaituen hori edo bakoitzaren proposamen politikoa zein den. Baina uste dut ezberdintasun guzti horiek barnebiltzen dituen eta oinarri komun bat daukan aberri bat eraiki behar dugula, hori da garrantzitsua. Zoru komun hori edo gutxieneko adostasun hori mahaigainean jartzeko gai bagara, Aberri Eguna batera ospatzeko gai izango gara. Nazio guztiek daukate bere baitan oso ikuskera ezberdinak, baina oinarri komun bat eta nazioarekiko atxikipen komun bat badute.

Jai nazional batek gizartearen eragile guztien babesa eskatzen du. Zu zeu txirrindulari izandakoa zara eta orain irakasle lanetan zabiltza. Politikan posible ez den batasun horretatik gertuago ote gaude beste alor batzuetan?

M.E.: Esan bezala, alderdi politikoek beren interes propioak dituzte, baina gero bagaude beste batzuk hori aparte utzi nahi dugula eta saiatzen garela amankomuneko puntuetan zentratzea.

E.G: Euskal Herriaren nazio errelatoa berritzeko eta etorkizunerako begira jartzeko aukera ikusten dugu. Horretan alderdi politikoak garrantzizkoak dira, baina uste dut herri ekimenetik eginda ere balio erantsi izugarria daukala. Gainera, uste dut alderdien konpromisoa herri bulkadatik etorriko dela. Benetan ikusten badute aberri gosez dagoen herri bat badagoela, batuko dira.

Pandemia garaian sortu zen Euskal Herria Batera egitasmoa eta Euskal Herri osoan Aberri Eguna aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu zen testuinguru horretan. Ordutik, zure sentsazioa zein da? Aurrerapausoak eman dira?

M.E.: Gure ekimenarekin lortu izan dugu denok ekitaldi berean elkartzea. Hori duela gutxira arte pentsaezina zen, eta hori behintzat lortu dugu. Orain gure asmoa esparru ezberdinetatik gero eta babes gehiago jasotzea da. Pixkanaka-pixkanaka goaz. Gure esperantza hori da, denok amankomunean dugunari ahalik eta garrantzia gehen ematea. Norabide horretan egingo dugu lan, gauzak zailak direla jain arren.

E.G.: Testuinguru berezi horretan ekimen hau sortu genuenetik, helburua beti izan da urtez-urte norabide berean arraun egitea eta ahalegintzea Aberri Egun bateratu bat posible izan dadin oinarri jartzea. Uste dut helburu hori betetzen ari garela. Urtero gauza berritzaileak egiten saiatzen gara.