Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Athletic txapeldun! Gora Euskadi askatuta!

Zoriontasun eztanda beteak hartuko du Euskal Herria datozen egunetan. Athleticek Cartujan irabazi zuen lehen bataila, lehen besarkada izan zen, pasioa oinarri duena. Apirilaren 21ean egingo dira Lakuako Gobernurako hauteskundeak, baina oraingoz, gora pentsamendu magikoa!

Athleticeko zaleak, La Cartuja estadioko harmailetan.
Athleticeko zaleak, La Cartuja estadioko harmailetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Horrela gabiltza larunbat gauaz geroztik. Urdailean zulo batekin, sendagilearen azalpenik ez duen zuloarekin. Ez ospatzeko propio gosaltzeko hartu dugun croissantak, ez etxean egindako melokotoi marmeladak, ezta aspaldiko kafesne gozoenak ere itxi ez dezakeen zuloa. Hutsik ez dagoen hutsa da, bere absentzian ikusgarri egiten den espazioa. Herenegun Athletic txapeldun, gaur gabarrak motorrak martxan jarri ditu, etzidamu zoriontasun eztanda beteak hartuko du Euskal Herria. Poza, bizipoza, betetasuna, bakea, eskalan txikiak garen eta garaipen heroikoen bildumarik ez dugun herrian estimatzen ikasi behar dugun lorpena. Izan gorritxo, babazorro, txuri-urdin ala zuri-gorri, zer garen gu, nor garen gu, beti gogoan eta bihotzean.

Eta, gauza guztiak bezala, Kopakoa ere agendan alboratzen joango da. Eta gero, zer? Galderak egunerokotasunaren zama dauka. Kopa zoragarria izan da, hil ala biziko partida; denbora parentesitik askatu eta konpas berri batean kokatu du. Ez, inola ere ez. Koparen garaipena ez da botilaren tapoia izan, kentzean nahitaezko hutsunea sortzen duena. Ez. Gauzak bere tokian ezarri ditu berriz. Ez ditu errealitate gordinaren aurpegiak disimulatzen, ez gaitu lehentasun potoloagoetatik deskuidatzen, ez. Fenomenoak gertatzen dira, eta gertatzen diren bezala bizi behar dira, biziki, pasioz, kalkulurik gabe, xanpain botilan zenbat burbuila dauden zenbatzen hasteke, ‘futbola herriaren opioa da’ bezalakoekin jendea aspertzeke.

Egunerokotik ateratzen diren balentriek hori daukate: zorion emaileak diren gertakizunak dira. Hunkitzen gaituzten zorion betekoak, fisikoki, emozionalki, lehen lerrora deitzen, mobilizatzen, gaituztenak. Onerako aztoratzen gaituzte, herri hobea egiten gaituzte, sortzailea den eta haurdun dagoen eromen harro zoragarri batekin estaltzen gaituzte. Baina, hori bai, bizitzan bizitzea tokatuko zaizkigun beste kontu batzuek baino ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Athleticen garaipena barrez hiltzeko momentua da, edo anekdota soil bezala bizitzekoa, sikiera une batez. Eta, gero, pasioak ere hori dauka: Sevillan jokatu zutenak gure mutilak direla, gure herria ordezkatzen dute, nolabaiteko soldaduak dira. Haiekin identifikatzeko aukera sinbolo bat da. Eta sinboloek ikaragarri gogor kolpatzen dute, burdina doitzen duen mailuak bezala, belar gaiztoak ebakitzen dituen igitaiak bezala, sugeak estaltzen zuen aizkorak bezala. Irabazi ahal izateak, beste joko-zelai batzuetan ezinezkoa uste dugun garaipena eskuratzeak, aukera hori ematen digu: gure errebantxaren orduarena, gure suminak eta grinak lasai adieraztearena.

Eta horrekin dauka zerikusia pasioak. Irabazi ahal izatea heroiaren bidearen mitoa da, ohorearena, zer gara gu, nor gara gu, geureari eutsiz aurrean ditugun Goliat ezberdinak garaitzea da. Eta horrek, jakina baietz, pasioa pizten du, pasioak sortzen ditu. Eta hala behar du.

Gaur burmuina etenaldian jarri dugu, une batez. Agindu dezala bihotzak, izan dadila subirano bakarra! Gozatzera. Zoriontasun zati bat. Ez gehiago

Gero bizitzak bere bidea egiten jarraituko du eta eskutik oratuta harekin eramango gaitu. Eta halaxe egingo dugu, orainak iragan bat duela ahazteke, Arrizabalaga eta Iribar, Ohian Sancet eta Endika Guarrotxena. Betiko erriman egingo dugu: «Ni Athleticekoa» edo «Gora Euskadi Askatuta» esatea berdin dela, ñabardurarik gabe elkar ulertuz, ulertzen dugun horri elkarrekin bide emanez.

Athleticen garaipena besarkada bat da. Besarkada eder bat. Malkoak dira, eta barru-barrutik ateratzen den garrasia, eztarria urratzen duten horietakoa. Athletic txapeldun, dedio! Behingoagatik zorion bat. Burmuina bustialdian jarri eta, sinpleki, gozatzeko unea da. Utzi une batez hauteskunde kanpaina, ekonomia eta politika kontuak. Une hauetan, gora pentsamendu magikoa! Ametsaren ildoa da bide bakarra!

Ez dira faltako garaipenaren gurdira igo eta bere egin nahi izango dutenak, ez da polemikarik faltako. Baina, gaur behintzat, ez lerrootan. Egia da, benetako egia: gaizki dauden milaka gauza daude, egunero sufritzen ditugunak, denbora gehiegiz, ia madarikazioa izango balira bezala. Baina gaur burmuina etenaldian jarri dugu, une batez. Agindu dezala bihotzak, izan dadila subirano bakarra! Gozatzera. Zoriontasun zati bat. Ez gehiago. Ezta gutxiago ere. Athletic txapeldun! Gora Euskadi askatuta!