NAIZ

Zalantzatien botoa erakartzeko deia egin du EAJk bere orain arteko kudeaketa nabarmenduz

Apirilaren 21eko hauteskundeetan zalantzatien botoak eskuratzearen garrantzia nabarmendu du EAJk Donostian. EH Bilduren garaipena marrazten duten inkesten aurrean, oraindik partida dagoela eta EAJren kudeaketa defendatzera deitu dute.

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, eguerdian Donostian.
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, eguerdian Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zalantzatiei zuzendutako mezuak nabarmendu dira EAJk igande honetan Donostian egin duen hauteskunde kanpainako ekitaldi zentralean. Mitinean parte hartu duten hiru hizlariek, Bakartxo Tejeria Bizkaiko zerrendaburuak, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakarigaiak ideia hori nabarmendu dute: kanpainaren azken txanpa honetan dudatsu egon daitezkeen boto emaileengana hurbildu eta EAJren kudeaketa ereduaren emaitzak nabarmentzeko eskatuz.

Inkesta guztiek EAJren eta EH Bilduren artean erakusten duten alde estua aipatu dute guztiek –igande honetan argitaratutakoek koalizio subiranistari ematen diote garaipena–, baina oraindik partida geratzen dela azpimarratu dute, zalantzatiek lau hautesletik bat ordezkatzen dutela zehaztuz.

Hurrengo igandeko hauteskundeen emaitza erabaki dezakeen talde horri zuzendu zaio Pradales, EAJk euskal administrazioan egindako kudeaketaren ondorioz izandako lorpenak zehaztuz.

«Enplegu betean gaude, eta milioi bat pertsona baino gehiago ari dira lanean eta kotizatzen gure herrialdean, gure historiako kopururik handiena. Pertsonako batez besteko errenta 36.000 eurotik gorakoa da, Europako batez bestekoaren gainetik. Gazteen langabezia, % 10ean, duela 10 urte %30etik gorakoa zenean, eta % 50ean karrera amaitu nuenean», nabarmendu du EAJko lehendakarigaiak.

«Gaur ondo bizi gara»

«Gaur ondo bizi gara. Bizi-kalitate ona dugu. Jakina, gauza batzuk hobetu egin behar dira. Jakina, askatasunean eta ongizatean aurrera egiten jarraitu behar dugu. Baina Euskadi herrialde handia da. Ni harro nago euskalduna izateaz. Harro gaude Euskadiri zerbitzu emateko egin dugun ibilbideaz», adierazi du hautagaiak.

EAJren kanpainako bideo batek protagonista duen Bittori behiaren mezua jarraituz, azaldu du denek ez dutela «herri hau eraikitzearen alde arraun egin» eta «ez» esan dietela proiektu guztiei: «Ez Guggenheimi, ez Metroari, ez Topoari, ez Gasteizko tranbiari, ez portua handizteari, ez Donostia eta Iruñea arteko autobideari, ez industria politikari, ez Basque Cluinary Centerri, ez Zubietako erraustegiari».

EH Bilduri erreferentzia eginez, Pradalesek esan du «look-ez aldatu direla» eta «elkarlanaz hitz egiten» dutela, baina hauteskundeak pasata guztiaren aurka jarraituko dutela.

Ildo horretan, gezurtatutako zenbait kritika aipatu ditu, hala nola polizia-ereduaren aldaketaren inguruan. Esan duenez, Ertzaintza herritarrak babesteko tresnarik gabe uztea planteatzen ari dira, «hau da, PSGko ultrak Gipuzkoan sartu zirenean, besiboleko bateekin eta suziriekin, ertzainen ezin gaituzte babestu».

Era berean, EH bilduk proposatzen duen zerbitzuen publifikazioa kritikatu, gizarte ekimena zokoratu nahi dutela, «zergak igoz eta igoz».

«Astebete dugu oraindik aurretik, jendearekin hitz egiteko eta guzti hau azaltzeko» azaldu du, etxebizitza erosketagatik aplikatutako kenkariak galtzearen arriskua berriz astindu duen hautagaiak. Erantsi duenez, okupazioa aukeratzat hartu eta sustatuko dutela esan du, «Donostian ere ikusi dugulako».