NAIZ

AHTaren Erriberabeitiko ibilbidearen aurkako mozioa onartu dute Arabako Batzar Nagusiek

Erriberabeitia udalerri arabarraren paretik igarotzen den AHTaren ibilbidearen aurkako mozioa onartu dute astelehen honetan Arabako Batzar Nagusietan, EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak aurkeztutakoa. PPk alde bozkatu du eta EAJk eta PSEk, aurka.

AHTaren aurkako protesta bat Arabako Batzar Nagusien atarian, artxiboko irudi batean.
AHTaren aurkako protesta bat Arabako Batzar Nagusien atarian, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Batzar Nagusiek EH Bilduren eta Elkarrekin Arabaren arteko mozio bateratua eztabaidatu dute astelehen honetan Mugikortasun eta Azpiegitura Batzordean. Bertan, Burgos eta Gasteiz arteko linearen Erriberabeitia udalerriaren pareko AHTren trazadurarekin eta Miranda Ebrorekin duen loturarekin ados ez daudela adierazi dute.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, «toki entitateen eskaerari erantzunez» aurkeztu dute mozioa bere taldeak eta Elkarrekin Arabak. PPk ekimenaren alde bozkatu badu ere, EAJk eta PSEk aurka egin dute.

Ohar horretan gogorarazi dutenez, joan den otsailaren 19an, Erriberabeitiko Udaleko eta Quintanilla Erriberabeitiko Administrazio Batzarreko ordezkariek agerraldia egin zuten Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren Batzordean, Gobernu espainolak Burgos-Gasteiz AHT linearako aurreikusten duen ibilbidea arbuiatzeko, udalerrian izango duen eragin «izugarriagatik», eta Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdiei eskatzeko hain erasokorrak ez diren beste irtenbide batzuk bilatzeko.

Beste konponbide bat

Proposatutako ibilbidearekiko desadostasuna adierazteaz gain, Arabako Batzar Nagusiek Lakuako eta Madrilgo Gobernuei eskatu diete eragin hori gutxitzeko irtenbide alternatiboak bilatu ditzatela; hala, onartutako mozioa bi gobernu horiei helaraziko zaie.

Proposamena egin duten taldeek adierazi dutenez, mozioa presaz izapidetu zen, «lizitazioa edozein unetan egiteko arrisku handia zegoelako eta, ondorioz, atzeraezintasun arrisku larria zegoelako».