NAIZ

Palestina pairatzen ari den genozidioa salatu du EHKS-k, hainbat iturri tindatuz; bi atxilotu

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Donostia, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Tuterako hainbat iturri tindatu ditu, «herri palestinarraren sufrimendua» gogoratu eta «Israel egiten ari den genozidioa» salatzeko. Iruñean bi pertsona atxilotu dituzte.

Bilbon Moyua plazako iturria tindatu eta Palestinako bandera ezarri dute.
Bilbon Moyua plazako iturria tindatu eta Palestinako bandera ezarri dute. (EHKS)

EHKSk Hego Euskal Herriko hainbat iturri tindatu ditu astelehen honetan, Palestina pairatzen ari den genozidioa salatu asmoz. Donostian, Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Tuteran, besteak beste, egin dituzte ekintzak. Nafar hiriburuan bi lagun atxilotu dituzte honekin lotuta.

Bilbon, 09:00ak aldera, Moyua plazako iturriko ura gorriz tindatu dute eta Palestinako bandera bat jarri dute. Urak ordubete baino gutxiago egon dira tindatuta, udal garbiketako zerbitzuek iturria hustu eta garbitu duten arte.

Ekintza honekin, «herri palestinarraren sufrimendua» gogoratu eta «Israel egiten ari den genozidioa» salatu nahi izan du, ohar batean azaldu dutenez. EHKSk adierazi duenez, «Israelgo Estatuak, sortu zenetik palestinarren kolonizazioa oinarri izan duenak, sei hilabete baino gehiago daramatza Gaza suntsitzen, herri palestinarra bere lurretatik kanporatzen eta gerra inguruko herrialdeetara zabaltzeko ahaleginak egiten, zigorgabetasun osoz».

Adierazi dutenez, «zigorgabetasun hori mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen laguntzan oinarritzen da». «Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren, ez dute genozidioa amaitzeko neurririk hartzen», gaitzetsi dute.

Zentzu horretan, espainiar Gobernuak «Palestinako herriaren aldeko hitzak askotan erabiltzen dituen arren, Israeli armak saltzen dizkio, Israelekin harreman diplomatikoak ditu, eta Israelekin negozioak egiten jarraitzen du, hau da, genozidioa aktiboki babesten du», kritikatu dute.