Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Printzipioetan berresteko», Maiatzaren Lehen berezia ospatuko du LABek 50. urteurrenean

50. urteurrena du 2024 honetan LAB sindikatuak eta Maiatzaren Lehenera eramanen du ospakizun hori. Deialdi nazionala egin dute, Iruñean, eta Ipar Euskal Herrian ere izanen da delegaritza bat, bertan emandako aurrera pausoak ere nabarmendu asmoz.

Iruñean antolatuko du LAB sindikatuak bere aurtengo Maiatzaren Lehena.
Iruñean antolatuko du LAB sindikatuak bere aurtengo Maiatzaren Lehena. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Sustraiak sendo, emborra tinko eta adarrak zabaltzen». Horrela iristen da LAB sindikatua aurtengo Maiatzaren Lehenera, Imanol Karrera Nafarroako koordinatzailearen esanetan. Gaur Iruñean egin duten agerraldian, Garbiñe Aranburu, koordinadore nagusia, eta 50 bat ordezkari sindikal bildu dira, aurtengo zitaren berezitasunen berri eman asmoz.

Izan ere, sindikatuak 50 urte betetzen ditu aurten eta Maiatzaren Lehena berezia izanen da, ospakizun horren baitan. Zita horretara «osasuntsu» iristen da sindikatua, «50.000 afiliatuen langa gaindituta».

Aurtengoa, beraz, desberdina izango da. «Deialdi nazionala izanen da, hemen, Iruñean, Euskal Herriko hiri buruzagian». Horretarako egun osoko egitarau berezia antolatu dute nafar hiriburuan, komunitatea elkartzeko. Hauekin batera, nazioarteko gonbidatuak izanen dira. Lehen aldiz, Munduko Federazio Sindikaleko idazkari nagusia LABen Maiatzaren Lehenean izanen da. Harekin batera, Palestinako ordezkariak, Vietnam, Sardinia, Korsika, Aosta, Katalunia edo Andaluzia, besteak beste.

Iruñeko mobilizazioa 11:30ean abiatuko da Gaztelu plazatik, 12:30ean Anaitasuna polikiroldegian izango da ekitaldi nagusia eta bertan bazkaria eta kontzertuak izanen dira.

Baina Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko dira. «Urte luzez bazterketa sindikala pairatu dugu eta azkenean zentzugabekeri honi amaiera eman diogu. Garaipen bat da Intersindikalean egotea», adierazi du Karrerak.

Dualizazio prozesu bat Euskal Herrian

Aranburuk gaineratu du data hau «momentu gozo batean» iristen dela sindikatuarentzat. «Hala ere, sindikatua langile guztien eskubideen defentsarako tresna bat izan behar du eta testuinguru ekonomiko eta sozialari begiratuta, ezin esan langileentzako baikortasunerako tarte handirik dagoenik», gehitu du.

Sindikatuaren azterketek Euskal Herrian «dualizazio prozesu bat» ematen ari dela adierazten dute. «Biztanleen %50a egoera prekarioan bizi da, zaintza lan behartu eta ez ordainduetan dauden emakumeak, langabezian dauden langileak eta 1.400etik behera kobratzen duten langileak». Horrekin batera azpimarratu du «azken urteetan zerbitzu publikoetan ematen ari den gainbehera», osasungintza eta zaintzak nabarmenduz.

Langileentzako «alternatibak» aldarrikatu dituzte eta «aldaketa politikoak». «Nazioarteari begira ultraeskuinak eta faxismoak testuinguru hau baliatzen du bere ideien zabalkunderako, mezu populistak erabiliz, krisi ekologikoa ukatzen da, segurtasunaren gaia erabili migranteen aurka egiteko edo feminismoaren kontra egiten da».

Burujabetza maila handiagoen beharra

Aranbururentzat «Euskal Herria ez dago jarrera horietatik salbu», baina «antidotoa» badago. «Errezeta hori ezker independentismo sendo bat da, alternatiba gisa indartzen ari dena, bai eremu sozialean bai eremu politikoan ere».

Horren eredu jarri du «azken urteetan hainbat borroka sindikal pizteko» gai izan direla. «Hori da bidea, langileak antolatzen jarraitu behar da, borroka soziala antolatzen jarraitu behar da. Kapitalarekin eremu guztietan lehiatu behar da», insistitu du koordinatzaile nagusiak.

Eta horretarako Euskal Herriak «estatu tresnak» behar dituela azpimarratu du. «Burujabetza maila handiagoak behar ditu. Ikusten ari gara ziklo politiko berri bat irekitzen ari dela», adierazi du berriro ere Ipar Euskal Herria aipatuz, baina baita Nafarroan eman diren aldaketak edo igandean EAEn egingo diren hauteskundeak ahaztu gabe. «LAB bada ere ziklo politiko horren bultzatzailea».

Honela, Maiatzaren Lehenko ospakizunetara itzuliz, Aranburuk «printizpioetan berresteko» zita gisa ezarri du. «Langileen antolakuntza eta borrokaren bidetik jarraituko dugu herri honen askapen nazional eta sozialerako bidea urratzen eta irekitzen».