NAIZ

Hilaren 27an Hernanin ospatuko den Bizipoza jaialdirako egitarau zabala aurkeztu dute

Izaera bereziko gaiak lantzen ditzuten haur eta familien 38 elkartek osatzen duten Bizipoza elkarteak jaialdia egingo du datorren apirilaren 27an Hernanin. Jolasak, musika emanaldiak, Go!azenen eta Zapotxinen, Porrotxen eta Marimotosen ikuskizunak izango dira.

Hernanin astearte honetan egindako aurkezpen ekitaldia.
Hernanin astearte honetan egindako aurkezpen ekitaldia. (Jon URBE | FOKU)

Datorren apirilaren 27an Hernanin ospatuko den Bizipoza jaialdiaren egitaraua aurkeztu dute astearte honetan Biteri Kultur Etxean, Hernanin bertan, aurkezpen ekitaldi batekin. Bizipoza Elkarteko 38 elkarteen parte hartzearekin, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familiei zuzenduta.

Urte osoan zehar egindako elkarlanaren emaitza da jaialdia, ekitaldian antolatzaileek nabarmendu dutenez. Egun osoa hartuko duen jarduera sorta hiru gunetan banatuta egongo da: Atsegindegi plazan, Urbieta kalean eta Biteriko plazan.

10.30ean hasiko dira jolasak, tonbola eta elkarteen tailerrak, bazkaltzeko ordura arte, 14.30ak arte. Horrez gain, 11.00etan Go!azenen ikuskizuna izango da, Atsegindegi plazan. Jarraian Hernaniko erraldoien eta buruhandien konpartsak kaleak zeharkatuko ditu eta Ttrala dantza taldearen emanaldi bat izango da.

Gainera, musika eskolako trikitilarien emanaldiaz, boleibol taldearen erakustaldiaz eta Hernani burujaberen altxorraren bilaz disfrutatu ahalko da Pausoka elkartearen eskutik paella jan baino lehen.

16.00ean Zapotxinekin, Porrotxekin eta Marimotosekin irri, kantu eta dantza ikuskizuna izango da, ondoren 17.30ean merienda eta, eguna ixteko, Itzal taldearen erromeria.