Andoni Arabaolaza

Himalaiako denboraldian, beste behin, Everestek bereganatuko ditu foku guztiak

Hasi berri den udaberriko sasoian, munduko mendi garaienak baimen errekorra izango du. Hortaz gain, Tibeteko zein Nepalgo isurian hainbat neurri indarrean jarriko dituzte. Annapurnan lehen igoerak erdietsi dira.

Himalaiako mendilerroak ateak zabaldu dizkio montzoi aurreko edo udaberriko denboraldiari. Eta, ohi den legez, zortzimilakoak arretagune bilakatuko dira. Jakina, munduko mendi garaiena denez, Everestek protagonismo ia erabatekoa hartzen du. Eta ez da harritzekoa; izan ere, kolore guztietako albisteak sortzen ditu. Berak edo, zehatzago esanda, mendiaren magaletan jarduten duten mendizaleek.

Annapurnan ez bezala, non lehen tontorrak erdietsi diren, Sagarmathan (Everest nepaleraz) lanak atzeratuta daude. Mendizaleek soilik kanpaleku nagusira heltzeko aukera izan dute orain arte. Ez dira ohiko errotazioekin hasi. Besteak beste, kanpaleku horretatik gertu dagoen Khumbuko glaziar erraldoi zein puskatuan ez da biderik zabaldu.

Icefall Doctors izena hartu duen taldeak arazo handiak ditu eremu arriskutsu horretan ibilbide egoki bat ekipatzeko. Inoiz ez du hain zaila izan. Klima larrialdiak sortutako aldaketen ondorioz, alderdi izoztu hori gero eta puskatuagoa dago. Lehen lanak glaziarraren eskuin aldetik hasi zituzten, baina artesi erraldoi batek bidea itxi zien. Ondoren, erditik saiatu ziren, eta kasu horretan serac erraldoi bat parez pare izan zuten. Une honetan, berriz, bideoan ikusten denez, ezker aldean dabiltza; hots, Mendebaldeko Sorbalda deitzen dioten sekzioan.

Eragozpen horrek atzeratu ditu lan guztiak. Eskuarki, hil honen hasieran bigarren kanpalekua hornitzen izaten dira. Hortaz, denbora luzea dute aurretik ohiko ibilbide osoa soka finkoekin antolatzeko. Soka horiek tontorrera heltzen dira.

Baimenak, protokoloak eta neurriak

Bestalde, oraindik datu zehatzik ez badago ere, aurtengo denboraldian Everestek, batez ere Nepalgo isuriak, inoizko baimen gehien jasoko ditu. Hots, baimen errekorra izango du. Iaz, adibidez, ia 500 baimen banatu ziren; aurten, berriz, 500 eta 600 artean izan daitezke. Baimen bakoitzarengatik 11.000 dolar ordaindu behar da.

Horrekin batera, Katmanduko Gobernuak hainbat protokolo eta neurri indarrean jarriko ditu. Naturagune horrek pairatzen dituen kalteak neurri batean saihesteko, lehenik eta behin agentziek eskaintzen duten gehiegizko luxua mugatu nahi dute. Kanpaleku nagusira iristeko azken zatian helikopteroek ez dituzte garraio lanak egingo, bai, ordea, jakek eta zama-eramaileek. Neurri horrekin ere, inguru horretako artzainen lan tradizionala indartu nahi dute. Helikopteroek, gainera, oinarrizko kanpalekuan hiru heliportu izango dituzte, eta soilik balizko erreskate lanerako erabiliko dira.

Luxua aipatu dugunez, mendizale aberatsei eskaintzen dizkieten zerbitzu batzuk debekatuko dituzte. Gogora ditzagun VIP izeneko mendizale batek jaso ditzakeen zerbitzuak: nutrizionista, sendagilea, mendi gidaria, denda klimatizatua, komun pribatua, masajea… Prezioa, berriz, 200.000 mila dolarretik gorakoa izan daiteke. Bada, agentzia komertzialen eskaintza batzuk debekatuta egongo dira: kafetegiak, masajeak, denda handiak…

Beste neurri bat txip baten erabilera izango da. Mendizale bakoitzak, derrigorrez, bat eraman beharko du. Helburua: mendizalearen kokapena ezagutu eta balizko erreskate batean denbora ez galdtzea.

Hondakinak

Araudi berriak ere garrantzia handia izan dezakeen beste ertz bat ukituko du. Mendizaleek eta, oro har, kanpaleku nagusian biltzen diren langileek eta abarrek arazo larria sortzen dutela haien gorotzekin. Nahiz eta pixak uzten duen estetika oso desatsegina den, gorotzenak kalteak sortzen ditu ingurugiroan. Oinarrizko kanpalekutik behera dauden mendiko herrixketako erreketan ondorioak pairatzen ari dira.

Gorotzei dagokienez, mendizale bakoitzak sortutako guztia poltsa batean sartu eta goiko kanpalekuetatik poltsa batean jaitsi beharko dute kanpaleku nagusira. Bide batez, agentzia komertzialek sortutako zabor guztia erretiratu beharko dute.

Everesteko ekosistema zaintzeko neurri horiek Tibeteko isurian (txinatarrek dute gestioa) indarrean jarriko ote dituzten ez dute argitu. Hori bai, Chomolungma (tibeteraz) berriro zabaldu da mendizaleentzat. Duela lau urte, pandemia lehertu zenean, Txinak itxi egin zien atzerritarrei. Mendizale txinatarrek, ordea, ez zuten debeku hori izan.

Oxigenoa, derrigorrez

Denboraldi berri honetan Chomolungma igotzeko, txinatarrek baimen kopurua mugatu dute. Gehienez, 300 bezero jasoko ditu. Berriemaile batzuek diote 100 mendizale bilduko direla.

Hortaz gain, 7.000 metroko kotatik aurrera espediziokide guztiak oxigeno gehigarria erabiltzea derrigortuta egongo dira. Bai ala bai, botila horiek eraman beharko dira. Azken neurri horrekin agintariek mendizaleen segurtasuna eta osasuna bermatu nahi dute.