NAIZ

Xabi Barandika Gasteizen itzuliko da kantxetara, bederatzi hilabeteren ostean

Belauneko lotailu gurutzatuaren haustura erabat sendatuta, Lekerikarekin batera, Araba Euskarazeko Master Serieseko finala bilatuko du Laduche-Zabalaren aurka.

Xabi Barandika ilusio handiarekin itzuliko da kantxetara.
Xabi Barandika ilusio handiarekin itzuliko da kantxetara. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Bederatzi hilabeteko sufrikarioa atzean utzi eta kantxetara itzuliko da ostiral honetan Xabi Barandika aurrelaria. Joko bolada ederrean zela, belauneko lesio larri batek eten zuen, iazko uztail amaieran, gernikarraren jarduna. Hasierako uste txarrenak baieztatu eta abuztuaren 22an ebakuntza egin behar izan dioten hautsita zuen belauneko lotailu gurutzatua osatzeko. Bederatzi hilabete geroago, kantxetara itzultzeko moduan da eta Gasteizen egingo du berragerpena, Araba Euskarazeko Master Serieseko bigarren finalerdian, Lekerika lagun duela, Laduche-Zabalaren aurka jokatzeko.

Gernikarrak onartu du osatze prozesua gogorra izan zela eta lesioaren larritasuna baieztatu ziotenean hartutako kolpea gogorra izan zela, denbora asko behar izango zuelako berriz ere osatzeko, baina halakoetan «aurrera egin beharra dago, konstantea izan. Eta ni halakoa naiz. Goitik behera bete ditut nire fisioterapeuta Gotzonek agindutako guztiak». Prozesua amaituta, entsegu gogorrak egin ditu, baina ondo daki zuriz janztea beste kontu bat dela, «benetan nola nagoen jakiteko».

Lagun handi bat alboan

Itzulerarako lagun handi bat izango du alboan, Unai Lekerika herritarra eta harekin irabaztea izango du helburu. «Gogo handiarekin nago eta irabaztera joango naiz. Lekerikarekin jokatuko dut eta horrek lasaitu egiten nau, elkar oso ondo ulertzen dugulako».

Baina Gasteizko finalaz harago, bere mailarik onena berreskuratzea du benetako erronka. «Nire asmoa uda honetan betiko sentsazioekin aritzea izango da. Ea iazko udan izan nuen maila berreskuratzera itzul naitekeen», gaineratu zuen.