Iraitz Mateo

‘Itzalen tektonika’ poema liburua argitaratu du Itxaro Bordak

Hamabi poemategi baditu gutxienez Itxaro Bordak argitaratuta, astelehen goiz honetan aurkeztu du bere lan berria, ‘Itzalen tektonika’ poema bilduma. Poeta gisa «hemen eta orain» sentitzen duena papereratzeko ahalegina egin du liburu honetan.

Itxaro Borda, bere lan berria eskuan duelarik.
Itxaro Borda, bere lan berria eskuan duelarik. (Andoni Canellada | FOKU)

Azken zazpi urteetan geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin ondu du Itxaro Bordak ‘Itzalen tektonika’ (Susa) poesia liburua. Astelehen goiz honetan aurkeztu du Donostian. Plaka tektonikoen eta lurrikaren iruditegia baliatu du egitura zehazteko, hainbat poemetarako inspirazio iturri ere izan da lurrikara batek sor dezakeen sentsazioa idazlearen arabera.

«Lurrikara bat bezala pentsatu dut liburu hau, lurraren baitako tektoniken mugimendu hori bezala, mundua mundu denetik eta jendea jende denetik ikara batean bizi garelakoan, sekula ez dakigu biharamunean non egonen garen, zer egingo dugun, eta iragana ere berehala desagertzen da gure oinetatik. Liburu honetan agertzen dena da momentu batean, orain eta hemen, sentitzen dudana poeta gisa», horrela zehaztu du Bordak bere lan berriaren intentzionalitatea.

Egiturari dagokionean ere, lurrikararen iruditegiari eutsi dio idazleak. Zazpi atal ditu liburuak, erdigunean kokatzen da liburuaren epizentroa, 34 poema biltzen dituen atala, eta liburuaren izenburu bera daukana, ‘Itzalen tektonika’. Atal hori baino lehen, hiru erreplika daude, eta ondoren, beste hiru. Leire Lopez editoreak irakurtzeko bi modu nagusi daudela azaldu du: arrunta, ordenean, edota epizentrotik hasi eta ondoren aurreko zein atzeko errepliketara joanez. Idazleak gehitu du «tantaka» ere irakur daitekeela liburua, poema bakoitza autonomoa dela argituz.

Erreplikak zenbakituak daude, epizentroaren aurretik 1, 2 eta 3; eta epizentroaren ondoren ere 1, 2 eta 3. Zenbaki bereko atalek beraien artean loturak eta «itzalak» dituztela kontatu du editoreak. Lehenengo erreplikan, ahots poetikoaren inguruan hitz egiten du idazleak, bigarren erreplikan gai sozial eta politikoek hartzen dute erdigunea, migrazioak, feminismoak eta ekologismoak besteak beste; eta azkenik, erreplika 3 ataletan, harremanek eta maitasunek dute protagonismoa Lopezen arabera. Bordaren ustez, aldiz, «gorputza, plazerra, mina, harremana, ibiltzea…» horiek dira poema bilduma honetan gehien nabaritzen diren elementuak.

Bere ibilbide literarioarekin alderatu du Bordak: «Ni periferikoa naiz, ipar periferietako idazle bat eta aldi oro bide hori egin behar dut erdialderat eta irakurleak alderantzizko bidea egin behar du ene nobeletan, ene artikuluetan eta ene poemetan sartzeko ideia horiek».

Hizkuntza eta geografia

Umore tonuz azaldu du idazleak, jendearentzat «liburu bat gehiago» izan daitekeena, beretzat ez dela «bat gehiago», bere idazle bizitzan urrats bat gehiago suposatzen duela, eta hainbat gai lantzeko beste perspektiba bat garatu duela denborarekin. Liburuan askotariko gaiak landu baditu ere, hizkuntzaren eta geografiaren hainbat hausnarketa plazaratu ditu aurkezpenan.

«Hizkuntzaren inguruko lerro bat bada: nondik idatzi, zein hitz erabili, nola iristen garen idaztera, zer sentitzen dugun idazten amaitutakoan», azaldu du Bordak. Eta bestelako ikuspegi bat ere nabarmendu du: «Poemen gainetik badabiltza hizkuntzak, itzal linguistikoa nabari da». Aipatu du bere lanetan sumatzen dela beste hizkuntzen eragina, eta zentzu horretan hiztegiak beretzat ezinbesteko tresnak direla: «Beste hizkuntzetatik iristen zaizkigun hitzak bilatzeko beharrezkoak dira hiztegiak; beste hizkuntzek, katalanak edota nire kasuan frantsesak gure hizkuntza aberasten dutela kontsideratzen dut».

Bai poemetan, eta baita idazteko unean ere lekuek berebiziko garrantzia hartzen dutela beretzat aitortu du Bordak. «Natura asko poetizatzen dut, gutxitzen ari diren ‘ekobobo’ horietako bat naiz», gaineratu du irri artean. Pirinioak inspirazio iturri zaizkio Baionako poetari, eta auñamenditarren izaera ekarri du gogora: «Kaskagogorrak gara, eta beti mugimenduan gara. Inkognita bat dugu mugitzen gabiltzalako, eta arrakal horretan sortzen da poesia».

Zazpi urtetako poesiak bildurik

Azken zazpi urteetan idatzi dituen poemak bildu ditu ‘Itzalen tektonika’ lanean, eta munduko hainbat tokitan idatzi dituela kontatu du. Geltokiak eta hotelak ditu maite idazteko Bordak, bere ohiko idazlekuetatik atera eta «deszentratuta» idazteak erakartzen diola aitortu du aurkezpenean. «Orain eta hemen da bilduma hau. Ezabatu dizkiot malenkonia, nostalgia, etorkizunerako beldur puntu guztiak. Badu halako gerla ondoko bake ez segurtatu kutsu bat, giro horretan idatzi dut. Errealitatean gerla batetik gatoz, eta gure inguruan hainbat gerla piztu dira, poema idazten leku salbu baten aurkitzea bezala izan da niretzat bilduma hau», gaineratu du.

Azaleko irudia Christine Etcheversek egin du, eta pozarren da idazlea emaitzarekin, poesietan biltzen diren «itzalak eta argiak» ongi irudikatzen dituela esan du. Bestalde, liburuan zehar «hainbat omenaldi» egin dituela kontatu du; horietako bat da Bitoriano Gandiagari eskainitakoa, aurreko lan batean egin gisa, gutun bat idazten baitio idazleak.