Manex Altuna

Atzeko lerro berria osatu beharko du Valverdek Atletico Madrili Metropolitanon aurre egiteko

De Marcos zigortuta dago, eta Yurik orkatilean kolpe gogor bat jaso zuen Granadaren aurkako partidan. Paredes ere aldatu egin zuten atsedenaldian min hartuta zegoelako, eta gaur ez du taldekideekin batera entrenatu.

De Marcos zigortuta dago, eta ezingo du Metropolitanon jokatu.
De Marcos zigortuta dago, eta ezingo du Metropolitanon jokatu. (@AthleticClub)

Ernesto Valverdek aldaketak egin beharko ditu defentsan larunbatean, eta ezin izango du azken partidetako atzeko lerroa errepikatu. Hain zuzen ere, De Marcos, Vivian, Paredes eta Yurik osatu dute. Berritasun bat sartzea, gutxienez, ziurtaturik dago. Izan ere, Oscar de Marcosek bosgarren txartel horia ikusi zuen Granadaren kontra, eta zigorturik dago.  Iñigo Lekuek beteko du bere hutsunea eskuin lateralean.

Horren ondorioz, Deustuko jokalariak ezin izango du Yuri ordezkatu ezker hegalean. Zarautzeko atzelariak min hartuta amaitu zuen ostiralean San Mamesen. Granadako Bruno Mendez defentsa uruguaiarrak sarrera bortitza egin zion, eta kolpe gogorra jaso zuen orkatilean. Atzelari zarauztarrak ezin izan zuen norgehiagoka bukatu, eta haserre bizian joan zen aldageletara.

Zuri-gorriak partida prestatzen hasi dira gaur goizean Lezaman, eta Yurik ez du taldekideekin batera entrenatu. Hori dela eta, Imanolek jokatzeko aukera izan dezake. Bartzelonaren kontra aritu zen azken aldiz, eta maila ona eman zuen defentsan. Hala ere, oso minutu gutxi izan ditu, eta hirugarren ezker laterala izan da denboraldian zehar.

Yurik orkatilean hartu zuen min sarrera bortitz baten ondorioz. (@AthleticClub)
Yurik orkatilean hartu zuen min sarrera bortitz baten ondorioz. (@AthleticClub)

Bestalde, Aitor Paredes erdiko atzelaria ere bere kabuz aritu da entrenatzen. Arrigorriagako mutila atsedenaldia aldatu zuen Valverdek Granadaren kontra. Azaldu zuenez, kolperen bat jaso zuen eta Yeray sartu zuen zelaira. Barakaldokoak hamaikakora itzultzeko aukera izan dezake.

Horrez gain, ez litzateke harritzekoa izango zelai erdian ere aldaketaren bat egitea. Galarreta Unai Gomezekin batera aritu zen azken jardunaldian, jokoari erritmo biziagoa ezartzeko helburuarekin. Hala ere, aurrean izango duten taldea ikusita, Pradosek eta Vesgak hasieratik jokatzeko aukera izan dezakete.

Azkenik, erasoan nekea igarri zaie ohiko jokalariei azken partidetan. Batez ere, Iñaki Williamsen kasuan. Horregatik, Berenguerrek hamaikakoan sartzeko aukera izan dezake taldea indarberritzeko Metropolitanon. Sancetek eta Guruzetak golak egin arren, zuri-gorriek aukerak sortzeko zailtasunak izan dituzte.