NAIZ

Euskal Herriko Itzulia inoizko menditsuena izango da, bederatzi mendate puntuagarrirekin

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute astearte honetan. Aurten hirugarren edizioa izango du eta  bederatzi mendate puntuagari izango ditu. Ohi bezala, azken etapak Donostia Klasikoaren ibilbidea izango du. Gateiz-Elgoibar eta Basauri-Basauri izango dira beste bi etapak.

Marlen Reusser (SD Worx), iazko Itzulian, garaipena ospatzen.
Marlen Reusser (SD Worx), iazko Itzulian, garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliak hirugarren edizioa izango du aurten eta astearte honetan aurkeztu dute ibilbidea. Antolatzaileen hitzetan, inoizko menditsuena izango da, bederatzi mendate puntuagarri baitaude, hiru etapetan banatuta: lehen kategoriako bat, bigarren kategoriako bi eta hirugarren kategoriako sei.

Maiatzaren 10etik 12ra bitartean lehiatuko da eta ohi bezala, azken etapak, igandekoa, Donostiako Klasikoaren ibilbidea izango du (114,9 km). Gainontzeko bi etapak, bestalde, Gasteiz-Elgoibar (140 km) eta Basauri-Basauri (104 km) izango dira. Orotara, lasterketak 358,9 kilometro izango ditu.

Lehen etapa, ostiralekoa (maiatzaren 10), goizeko 9.30etan hasiko da, Gasteiztik. Bigarrena, Basauritik, 10.45ean eta azkena, erabakigarriena, Donostiakoa, 10.02ean.

Nazioarteko tropeleko egutegian egonkortu den lasterketa dela adierazi dute antolatzaileek eta bertan lehiatuko diren txirrindulariak belaunaldi berrientzat erreferente bilakatu daitezkeela adierazi du.

Pasa den urtean, SD Worx taldeak erakustaldia eman zuen hiru etapetan. Azkenean, sailkapen nagusian Marlen Reusser (SD Worx) suitzarra gailendu zen, bere taldekide Demi Vollering-en aurretik. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) poloniarrak osatu zuen podiuma.

Aurtengo ibilbidea

GASTEIZ-GASTEIZ (140 km)

Edizio honetako etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duen etapa izango da. Mendate puntuagarriak hiru baino ez dira izango, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu. Egun aproposa izango da Olaetako mendatean bertan edo horren aurretik ihesa jotzeko. Azken kilometroek etengabe egingo dute gora sasiordeka jarraitu batean, harik eta Elgoibarren helmugara iritsi arte.

 

BASAURI BASAURI (104 km)

Ziurrenik edizio honetako etaparik kitzikagarriena izango da. 104 kilometro baino ez dira izango, hiru mendate puntuagarri eta amaieran hainbat igoera eta jaitsiera etorriko dira, ziurrenik etapa nork irabaziko duen ebatziko dutenak. Gerta daiteke sailkapen orokorrean aldeak sortzea baldin eta azken 10 kilometro horietan ez bada posizioa ondo hartzen edo hankek ez badiete ondo erantzuten balizko erritmo aldaketei. 

 

DONOSTIA-DONOSTIA (114,9 km)

Etapa erabakigarria izango da. Ibilbideak Donostiako Klasikoa simulatuko du; izan ere, Lezotik Jaizkibelera igoko da, eta, bukatzeko Murgileko hormatik gora egingo du Mendizorrotzeraino. Oriora eta ondorengo kilometroetan Donostiara jaistea helmugara iritsi eta sailkapen orokorrean garaipena eskuratzeko banakako erlojupekoa bezalakoa izango da.