Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Igelak hiru betoen ur epeletan

Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak Abanto-Zierbenan eman zuen botoa.
Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak Abanto-Zierbenan eman zuen botoa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ezaguna da honezkero igel egosiaren sindromea. Irakiten dagoen uretan sartuz gero, ziztu bizian ateratzen da anfibioa, erredura gutxi batzuekin. Ur epeletan sartu eta pixkanaka berotzen joanez gero, ordea, bertan goxo geratuko da, konturatzerako ezin atera, erabat egosia. Andoni Ortuzarren hitzak entzun eta gero, EAJ eta PSE bigarren igelarena egiten ez ote diren galdetu daiteke.

Gehiengoa galtzetik 738 botora geratu ziren Bizkaian, eta 1.360ra Gipuzkoan. Akaso horrek jarri izanen luke ura irakiten, baina 38 eserlekuen langa gaindituta, betiko ur epeletan murgiltzeko presaka ikusi ditugu lehenengo bi egun hauetan EAJ eta PSE. Nahiz eta jeltzaleek lau parlamentari eta lau puntu galdu; nahiz eta Eneko Anduezak Irun edo Barakaldo bezalako gotorleku ohietan hirugarren indarra izan; nahiz eta, neurri handi batean, ezker konfederalaren banaketak salbatu dien gehiengoa; nahiz eta putzu hori gero eta beroago egon.

Aldaketa gogoekin hautetsontzietara hurbildu zirenen atsekabea ulergarria da, baina pazientziaren emaitza ez da kaskarra izan orain arte. Osakidetzan esku hartzen saiatuko da gobernu berria, kanpainan esandakoei men egiten badiete, baina bi alderdi horien agendetan kontraesan nabarmenak daude, eta areagotuz joanen dira, armairuan gordetzeko aitzakiarik gabe geratzen diren heinean.

Alegia, alternatiba sendoen presentziak berak indartu ditzake kontraesan horiek. Zergatik ez eman pausurik estatus berriaren gaian parlamentarien %72 abertzalea denean? Zergatik ez adostu etxebizitza politika aurrerakoi eta ausartagoak, babestuko lituzketen alderdiek 40 parlamentari batzen dituztenean? (Balizko Gobernuak baino bi gehiago, bide batez).

Beto hirukoitza da azken urteetan EAEko politika ardaztu duena gai askotan. EH Bilduri gobernukideek jartzen diotena da nabarmenena, jakina, baina EAJk eta PSEk ere betoa ezartzen diote elkarri, izan agenda subiranistari heltzeko orduan, edo ezkerreko politikak adosteko garaian. Emaitza azken urteetako paralisia eta blokeoa dira, gauzak usteltzen utzi dituen gelditasuna. Dena berdin jarraitzeak ura irakite bidean mantendu baino ez du eginen, igelei ihesbidea gero eta gehiago zailduz.