NAIZ

Bi urteko espetxe zigorra, gibelapenarekin, eskatu du Fiskaltzak Egoitz Urrutikoetxearentzat

Egoitz Urrutikoetxearentzat bi urteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak, gibelapenarekin, ostegun arratsaldean Parisko Dei Auzitegian egin dioten epaiketan. ETAko kide izatea leporatzen diote. Epaia, maiatzaren 30ean.

Egoitz Urrutikoetxea, artxiboko irudian.
Egoitz Urrutikoetxea, artxiboko irudian. (Bob EDME)

Egoitz Urrutikoetxea ostegun arratsaldean epaitu zuten Parisko Dei Auzitegian, gaizkile taldeko kide izatea leporatuta. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, gibelapenarekin, eta Fijait fitxategian sartzea. Epaia heldu den maiatzaren 30ean jakingo da.

Kazeta.eus-ek berri eman duenez, 2005ean Vichy (Allier departamenduan) herrian ETArentzat etxebizitza bat alokatzeagatik leporatzen diote erakunde armatuko kide izatea Urrutikoetxeari. 2005ean espainiar Estatuarekin irekita ziren negoziazioen testuinguruan izan zela adierazi du Urrutikoetxeak, eta bere abokatuek errugabetzea eskatu dute eta, zigorra jasoz gero, Fijait fitxategian ez dezatela sartu.

Lehenago ere epaitu izan dute Egoitz Urrutikoetxea, gaizkile taldeko kide izatea egotzita: 2003an eta 2005ean izandako gertakari batzuengatik, 2021eko urriaren 7 eta 8an epaitu zuten Parisko Zigor Auzitegian. Honek ebatzi zuen ezin zela frogatu ETAko kide izan zenik eta delibero hura oinarri hartuta egin zuten defentsa auzipetuaren bi abokatuek.

«Prozedura Kriminalaren Legearen artikuluak ikusirik, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari jarraiki, ez da beharrezkoa terrorismo delitu egileen fitxategi judizial nazional automatizatuan (Fijait) sartzea, Kriminalaren Legearen 706-25-3 eta 706-25-12 artikuluen arabera; eta honek neurriz kanpoko kaltea ekarriko luke interesdunaren intimitatean eta familian, bai eta haren joan-etorrietarako askatasunean ere, argudiatu zuten abokatuek, Kazetak jaso duenez.

Urrutikoetxeak aitortu du 2005ean Vichyko etxea alokatu zuela. Bertan aurkitu zituen Poliziak ETAko kide izatea egozten zieten hainbat pertsonaren aztarnak eta, horrela, Urrutikoetxea «izaera terroristako gaizkile elkarteko kide» izan zela ondorioztatu zuen instrukzio epaileak. Azken baieztapen hori ukatu egin du auzipetuak; 2021eko auziaren epaiak ere bere alde egin zuen.

EH Bairen babesa

Xabi Larralde EH Baiko kidea Parisen izan zen Urrutikoetxeari babesa adierazteko eta haren errugabetze osoa aldarrikatu zuen, eta auzia «anakonikrotzat» jotzearekin batera: «Egoitz Euskal Herria Baiko militante ezaguna da, hautetsia da bere herrian eta Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoko ordezkaria. Horrelako auziak gaurko Ipar Euskal Herriko testuinguru politikoari begira guziz jokoz kanpo dira», nabarmendu zuen.

2015eko urrian Parisen atxilotu zutenetik, hiru auzi ezberdin izan ditu Egoitz Urrutikoetxeak; atzokoa hirugarrena zen. Azken honetan, prozeduran akatsak zirela-eta, ez zegoen argi zein epaitegiri zegokion auzia eramatea: hasieran Pariseko Zigor Auzitegiak zigortu zuen, baina Fiskaltzak dei egin ondotik, Dei Auzitegiak hartu zuen kasua. Urrutikoetxearen abokatuek bi epaiei, Zigor Auzitegikoari eta Dei Auzitegikoari, helegite bana ezarri zieten eta, azkenean, auzibidea zerotik berrabiarazi zuen Dei Auzitegiak, instrukziora igorrita.