NAIZ

Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko lehen plataforma digitala

Haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko lehen plataforma digitala da Makusi, EITBk aurkeztu berri duena. Marrazki bizidun eta telesailen 100 titulu eta 120 filme biltzen ditu, doan ikus daitezkeenak. Makusi kluba ere sortu dute, «unibertso digital» berri honen osagarri.

Makusi «unibertso digitalaren» aurkezpena, Donostiako Kursaalen.
Makusi «unibertso digitalaren» aurkezpena, Donostiako Kursaalen. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Haur eta gaztetxoentzako euskarazko «unibertso digitala» izateko xedez abiatu da Makusi, EITBk sustatuta. Ostiral goiz honetan egin dute plataformaren aurkezpen ofiziala eta, bertan azaldu dutenez, komunitate berri honetan «euskarazko entretenimendua» izango da nagusi, baita haur eta gaztetxoek on-line esperientziak «modu seguruan» bizitzeko bidea irekitzea ere.

«Makusik gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko. Hala, kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitzen du EITBk, baita haur eta gaztetxoen artean ere», azaldu dute.

Makusik bi zutabe izango ditu: plataforma eta kluba. Lehena doako plataforma digitala da eta marrazki bizidunen eta telesailen 100 izenburu baino gehiago (5.800 atal orotara) eta 120 pelikula biltzen ditu, denera 1.700 ordutik gorako eskaintza, nabarmendu dutenez. Edukiak adinaren arabera sailkatuta daude eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakusten du.

Hiru saio propioaren estreinaldia ere iragarri dute, Makusiren edukien zerrendan daudenak. ‘Potx eta Lotx’, txikienentzako pailazoen programa; ‘Kalaxka’, Aritz Mendiolak eta Anepe Acedok aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta ‘Power Up’, euskaraz sortutako fikzioa, «bideo-jokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena». Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte izango ditugu bertan protagonista.

Edukietarako sarbidea doakoa da baina erregistratu egin beharko da, eta gailu nagusienetan dago eskuragarri: webgunean, mugikor eta tablet-etan (aplikazioa Google Playn eta App Storen bitartez jaitsita), eta EITBko hbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Azaldu dutenez, laster Smart TV telebistetan ere ikusgai egongo da (Samsung eta LG marketan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast egiten.

Makusi kluba ere aurkeztu dute. Honetara sarbidea webgunearen bidez izango da eta hainbat abantaila eskainiko ditu, tartean zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, erabiltzaile-txartel digitala… Bertako kide egitea doakoa da.

Azkenik, kaleko ekitaldien agenda propioa ere izango du Makusik, eta sare sozialetan ere egongo da (Instagram eta Tik Tok).

Goizeko aurkezpenaren ostean, arratsaldean Donostiako Kursaalen haur eta gaztetxoei zuzendutako festa izango da, 2.000 bat haur eta gaztetxorekin. Bertan egoteko gonbidapenak agortuta daude, baina emanaldia ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera izango da, 21.00etan. Horrez gain, iluntzean 120 dronerekin sortutako argi ikuskizun berezia eskainiko da, kalean, «unibertso digital berri honen jaiotza ospatzeko». Saguesen izango da, 21.30etik aurrera.